Energia krisia

Gasaren prezioak mugatzeko aukera zabaldu du Europar Kontseiluak

Gasaren inportazio prezioak eta gasetik sortutako argindarraren prezioak mugatzeko aukera zabaldu da bart gauean lortutako akordioan. Europar Kontseiluak herrialdeen arteko arrakalak ere azaleratu ditu. Batasuneko kide asko haserre daude Alemaniak bere ekonomian jarri asmo duen dirutza dela eta.

Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra eta Mario Draghi Italiako jarduneko lehen ministroa, kontseiluaren hasieran. OLIVIER HOSLET  / EFE
Irune Lasa.
2022ko urriaren 20a
22:19
Entzun

Errazenetan ados, eta inportanteenetan batere ez. Europako Batasuneko agintariek bi egunez egitekoa duten bilkuratik ez zen akordio esanguratsurik espero, ez behintzat energia krisiaren inguruan, zeina funtsezkoa baita orain. Aurreikusi bezala, EBko kideak ados daude Batzordeak asteartean egindako proposamenaren bi punturekin; bai gas erosketa bateratuetarako eta bai gas naturalaren preziorako erreferentziak aldatzeko. Hots: errazena, konponduta. Baina beste guztian, hala nola gas inportazioetan esku hartzeko eta gas merkatuak moldatzeko orduan, jarrerak urrun daude oraindik.

Hala ere, 11 orduko eztabaidaren ostean onartutako agirian, Batasuneko kideek adostu dute gas inportazioen prezioa mugatzeko aukeraren inguruan «lanean jarraitzea». Europako Batzordeari horren inguruko proposamen zehatz bat eskatzea. Horrekin Kontseiluak argi berdea ematen dio bai inportazioei prezio muga jartzeko bai gasetik sortutako argindarrari gehieneko prezio bat jartzeko. Horrek ez ez du esan nahi mekanismo hori abian jarriko direnik, baizik eta horretarako aukera zabaltzeko dela soilik. Hots, Alemaniak amore eman du, baina ez hainbeste. Datorren asteartean beste bilera bat egingo dute energia ministroek, eta han izango dute beste aukera bat akordioetan urrunago joateko. Aztergai dago, dena den, azaroan larrialdiko beste Europar Kontseilu bat egitea.

Espero zen zaila izatea inportatutako gas guztiari gehienezko prezio bat jartzea adostea kontseilu honetan, baina beste arrakala handiago bat azaleratu da Batasuneko kideen artean: Alemaniaren jarrera.p>

Mario Draghik, hain zuzen, azken Europar Kontseilua duen honetan, bart arratsean bere hitzaldia erabili du herrialde multzo baten iritzia azaleratzeko, erakutsi nahian asko ez daudela eroso Berlingo gobernuak energia krisiari aurre egiteko jarritako 200.000 milioi euroko diru poltsarekin.

Bere enpresak eta herritarrak babesteko asmoz jarriko duen dirutza horrekin, Alemaniak ezustean harrapatu zituen Batasuneko bazkideak, eta gehienentzat ustekabekoa ez zen atsegina izan, ez dutelako Alemaniak bezainbesteko gihar fiskalik energia krisiari erantzuteko.

Frantzia eta Alemania, hotz

Italiako jarduneko gobernuburuak, zenbait iturriren arabera, negua igarotzeko zor bateratuarekin finantzatutako funts bat sortzeko eskatu du, harekin herritarrak eta enpresak lagundu ahal izateko. Alemania eta Europa iparraldeko herrialde zenbaitek ez dute halakorik nahi, baina, Draghiren ustez, «ez da elkartasun kontua, baizik eta merkatu bakarra babesteko modua, baldintza bereko jokalekua babesteko». Gainera, haren ustez, Europako Batasunak zatiketa erakusten badu, «Errusiak irabazi egiten du».

Alemaniaren 200.000 milioi euroko poltsa ere izan dute eztabaidarako gai Macronek eta Scholzek, kontseilua hasi aurretik egin duten aldebiko bilera laburrean. Eta ez zen hizpide bakarra izango. Bi agintarien arteko harremanak ez ei daude beren onenean, eta ez soilik Alemaniak bere herrialdean jarriko duen dirutzarengatik. Adibidez, energia azpiegituretan ere desadostasunak dituzte Macronek eta Scholzek, alemaniarrak begi onez ikusten zuelako MidCat orain zapuztua.

Nuklearretan ere iritzi desberdinekoak dira, baita Ukrainarentzako laguntza militarrean eta defentsa bateraturako egitasmoetan ere.

Gasbide berria

Hain zuzen, Emmanuel Macronek bereari eutsi dio, eta, azkenean, Iberiar penintsulatik Europa erdialdera gas naturala garraiatzeko gasbide berria ez da Pirinioetatik barrena egingo. MidCat izan behar zuen gasbidea baztertuta, Europa iparraldea eta, batez ere, Alemania gasez hornitzeko xedez, BarMar deiturikoa adostu dute Frantziako estatuburuak eta Espainiako eta Portugalgo presidenteek, Pedro Sanchezek eta Antonio Costak, Europar Kontseiluaren aurretik.

«Energia korridore berdea» deitu diotenari, dena den, asko falta zaio berde izateko. Itsaso azpitik joango da, Bartzelonatik Marseillara gasa garraiatuko du, eta egokitu ahal izango da etorkizunean hidrogeno berdea (argindar berriztagarriarekin sortutakoa) eramateko. Bizkaiko golkoan, Gatika (Bizkaia) eta Cubnezais (Frantzia) lotuko dituen konexio elektrikoa «indartzea» ere adostu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.