Langabezia

Enpleguaren sorrera moteldu egin da uda honetan

Lanpostu gehienak lehen sektorean sortu dira. Langabezia tasa %7,9koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, serie historikoko txikiena, eta okupazioa tasa ere inoizko handiena da.

Lanbideren bulego bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko urriaren 21a
11:56
Entzun

Urteko hirugarren hiruhilekoan biztanleria okupatua ugaritu egin da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, beste 4.100 okupatu gehiago (+%0,4) baitaude, eta langabeen kopurua gutxitu egin da: 6.800 langabe gutxiago (-%0,6). Langabezia tasa %7,9an kokatu da. Ia puntu bat jaitsi da iaztik: %8,8an zegoen orduan. Dena den, Europako Batasuneko batezbestekoaren gainetik dago oraindik. Abuztuan %6koa izan zen.

Eustatek biztanleria aktiboari buruzko inkesta kaleratu du ostiral honetan. 2008an abiatutako serie historikoko okupazio eta langabezia daturik onenak eman ditu. Guztira 967.200 pertsona daude lanean hiru lurraldeetan. Urteko lehen bi hiruhilekoetan gora egin zuen, eta joera horri eutsi dio udan, baina mantsoagoa izan da. 4.100 lanpostu sortu dira hirugarren hiruhilekoan, eta 9.300 bigarrengoan. Iazko udan, berriz, aurtengoan baino enplegu gehiago sortu zen: 9.300. Eta pandemia aurreko azken urtean, 2019an, 7.200.

Aurtengo udan sektore guztietan egin du gora okupazioak, baina batean alde nabarmenarekin, lehenengoan: 1.800 okupatu gehiago daude (+% 24,3). Arrantzan, hegaluzearen kanpainarako egiten diren kontratuek eta, bereziki, mahats bilketa aurreratu izanak eragin dute igoera hori. Industrian ere gora egin du, 900 gehiago (+% 0,5); eta eraikuntzan, 700 gehiago (+% 1,2).

Uda urtaro ona izaten da zerbitzuetan. Turismoaren datuak onak izanagatik ere, okupazioa gutxien handitu den sektorea izan da, kontratu gehienak uda aurretik egiten direlako eta zailtasunak egon direlako langileak bilatzeko. Dena den, aurreko hiruhilekoan baino 800 kontratu gehiago zenbatu dira (+% 0,1).

Langabeziak, halaber, beheranzko joerari eutsi dio, eta serie historikoko tasarik txikienean kokatu da. Gizonen artean gutxitu da gehiago langabezia, 0,8 puntu. Hirugarren hiruhilekoan 4.400ek aurkitu dute lana, eta guztira 40.400 daude. % 7,4koa da langabezia tasa. Emakumeen artean, 2.400 gutxiago daude langabezian, 42.000 guztira. Eta 0,5 puntu jaitsi da tasa, %8,3raino.

Adina eta ikasketak

Adinaren arabera, soilik gazteenen artean igo da, 16 eta 24 urte bitartekoetan: ehuneko +0,6 puntu. Talde horretan besteetan baino nabarmen handiagoa da oraindik ere langabezia tasa: %21,3koa. 25 eta 44 urte bitartekoetan, berriz, -1,1 puntu gutxitu da, eta %7,1ekoa da tasa. Eta 45 urtetik gorakoetan, -0,4 puntu egin du behera, %7raino.

Ikasketa mailari dagokionez, langabezia tasaren jaitsiera handiena bigarren mailako eta erdi mailako ikasketak amaitu dituztenen artean izan da (-1,8 puntu), langabezia tasa %9,2koa izanik; lehen mailako ikasketak eta beheragokoak amaitu dituztenen artean, -0,6 puntu egin du behera, eta %11,1ekoa da. Goi mailako ikasketak dituztenen artean, berriz, handitu egin da langabeen kopurua, +0,5 puntu, eta % 4,9koa da.

Lurraldeen arabera, Bizkaian gutxitu da gehien langabe kopurua: 5.500 guztira. Puntu bat jaitsi arren, lurralde horrek du tasarik handiena, %8,3koa. Araban, 1.200 langabe gutxiago daude, 13.200 guztira, eta tasak -0,6 puntu egin du behera, % 8,4raino. Gipuzkoan, 100 gutxiago dira, eta tasak -0,1 egin du behera: %6,9koa da.

Langabeen % 35,2 ez daude Lanbiden erregistratuta. Pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten 29.000 etxe daude, aurreko hiruhilekoan baino 1.400 gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.