Amaitu da eguzki eklipsea Euskal Herrian

Laino artean hasi da, 11:33ean, eta ordu bat pasa iraun du. Hura ikusteko unerik aproposena 12:07ean izan da.

Eguzki eklipsea, artxiboko irudia. EUREKA
Isabel Jaurena.
2022ko urriaren 21a
15:01
Entzun

Lainoek itzala egin diote eguzki eklipseari Euskal Herrian. Ordu bat inguruz ikusi ahal izan da. Euskal Herrian 11:33 zirenean hasi da, eta 12:43ak arte iraun du. Eklipsea ikusteko unerik aproposena 12:07ean izan da, baina lainotsu izan da goiza, eta horrek oztopatu egin du eklipsea. Nabaritu da, ordea, argia apaldu egin dela.

Ia Europa osoan, Afrika ipar-ekialdean eta Asiako mendebaldean ikusi da fenomenoa; Euskal Herrian eklipsea partziala izan da, Ilargiak Eguzkiaren %10 baino gutxiago tapatu baitu.

Espainiako Behatoki Astronomiko Nazionalak adierazi duenez, eguzki eklipsea Ozeano Atlantikoan hasi da, Islandiako kostatik hurbil, eta Indiako Ozeanoan amaitu da. Behatokiaren erranetan, fenomenoaren punturik gorena Nizhnevartovsk hirian (Errusia) gertatu da, non Ilargiak Eguzkiaren %86 estali duen.

Urteak dira eklipse oso bat edo eraztun eklipse bat gertatzen ez dela. 2026 eta 2028 bitartean bi eklipse oso eta eraztun eklipse bat gertatuko dira. Hiru eklipseak Euskal Herri guztian ikusten ahalko dira.

Ikusteko aholkuak

Espainiako Behatoki Astronomiko Nazionalak zenbait aholku eman ditu eklipseak egoki behatzeko. Batetik, gogorarazi du ez zaiola Eguzkiari zuzenean begiratu behar, eta, bestetik, ez direla erabili behar eguzkitako betaurrekoak edo eguzki filtrorik gabeko tresnak –teleskopioak eta prismatikoak, adibidez–.

Hala, eklipse bat behatzeko modurik errazena proiekzio bidez egitea da: bi kartulina eta leiho bat erabiliz, eta Eguzkiari bizkarra emanez. Kartulinetako baten erdian zulo bat egin behar da, milimetro gutxikoa. Bertze zatia aurrean kokatu behar da; hala, argia lehenbizikoaren zulotik pasatuko da, eta bigarrenean islatuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.