Euskara ikus-entzunezkoetan

Pantailaldia antolatu dute, astebetez euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzeko ariketa kolektiboa

Azaroaren 11tik 18ra euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitu eta sortuko dituzte parte hartzaileek. Pantailak Euskaraz taldeak antolatu du, euskalgintzako beste hainbat eragileren babesarekin.

Pantailak Euskarazek deituta Donostiako Zinemaldian egindako protesta. BERRIA
Julen Aperribai.
2022ko urriaren 24a
12:13
Entzun

Euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentzia urriaren gaineko larridura eta egoera aldarazteko beharra ozenduko du Pantailak Euskaraz taldeak, Euskaraldiaren testuinguruan. Pantailaldia egitasmoa antolatu du, euskararen erabileraren aldeko ariketa sozialaren bezperetan, azaroaren 11tik 18ra, «Euskal Herri mailako egitasmo horren sinergiak aprobetxatuz».

Euskarazko edukien kontsumoa areagotzea izango du helburuetako bat, taldeak ohar bidez azaldu duenez: «Telebistan, zineman, streaming plataformetan, Youtuben, bideojokoetan... dauden euskarazko kateak, baliabideak, euskal sortzaileen lanak zein nazioarteko euskaratutako edukiak kontsumitzeko ohitura zabaldu nahi du Pantailak Euskaraz ekimenak euskal komunitate linguistikoan. Pantailetan kontsumitzen dugunak hizkuntza ohituretan eragin zuzena du, eta, beraz, herritarrak euskarazko kateak eta edukiak hautatzera bultzatu nahi ditu».

Baina, herritarren hautuan indarra egiteaz gain, horretarako zer zailtasun dauden ere azaleratuko du egitasmoak. «Euskaldunok ikus-entzunezkoak euskaraz bizitzeko ditugun muga eta gabeziak agerian uztea» izango da, horregatik, egitasmoaren beste helburua. Astebetez ikus-entzunezkoak euskaraz soilik kontsumitzeko eta sortzeko eskatuko diote parte hartzaileei: «Herritarrek horretarako dituzten zailtasunen kontzientzia hartzea eta, erakundeen aldetik, euskararen presentzia eta erabilera ikus-entzunezkoetan biderkatzeko neurri berriak beharrezkoak direla azaleratzea du helburu».

Izena eman daiteke dagoeneko, Pantailak Euskaraz taldearen webgunean dagoen formularioa beteta. Parte hartzaileei eskatuko diete ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitzean edo sortzean izandako bizipenak eta zailtasunak sare sozialetan jartzeko, #Pantailaldia traola erabilita, eta, horrez gain, euren profiletan Pantailaldiko logoa jartzeko. Gainera, bost lagunek konpromiso berezia hartu dutela jakinarazi du taldeak —Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzeko batek, eta Ipar Euskal Herrian beste batek—. Zazpi egunez euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzen, sortzen eta sare sozialetan horren berri ematen ariko dira, aktiboki, eta, halaber, tokian tokiko komunikabideetan esperientziaren berri ematen saiatuko dira.

Gainera, egitasmoa egingo duten astean beste zenbait jarduera egiteko asmoa ere badutela aurreratu du Pantailak Euskaraz taldeak. Besteak beste, jakinarazi du azaroaren 13an protesta bat egingo dutela, euskaldunek zinemetan bizi duten «diskriminazioa» salatzeko.

Kanpaina Pantailak Euskaraz taldeak sustatu badu ere, euskalgintzako hainbat eragilek egin dute bat harekin: Euskalgintzaren Kontseiluak, Euskaltzaleen Topaguneak, Uemak, Euskal Herrian Euskarazek, Gazte Euskaltzaleen Sareak, Euskal Encodingsek eta Game Erauntsiak.

«Alarmak» pizteko moduko datuak

Pantailak Euskaraz taldearen arabera, gaiari buruzko azken ikerketek «alarma guztiak pizteko» moduko datuak erakutsi dituzte. Uemak Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak orain gutxi gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz egindakoak, esaterako. Ikerketa horrek agerian utzi zuen herri euskaldunenetan ere nagusi direla erdarazko ikus-entzunezkoak. Galdekatutako gazteen %73k adierazi zuten ikusitako azken telesaila gaztelaniaz ikusi zutela. Gazteenentzako edukietan ere euskarazko kontsumoa zein apala den ere erakusten zuten datuek. Erdarazko marrazki bizidunen Clan kateak bikoiztu egiten du ETB 3 ikusten dutenen ehunekoa, kasurako.

Kaleko erabilerari buruz Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketari ere erreparatu dio Pantailak Euskaraz taldeak. Zortzi lagunetik batek egiten du euskaraz kalean, horren arabera, 2016an bezainbeste baina 2006an baina 1,1 puntu gutxiago. Gainera, beherakada nabarmena izan da arnasgune deiturikoetan, gune soziolinguistiko euskaldunenetan. Joera horrek «iraultza digitalak ekarritako baliabide eta kontsumo ohitura berriekin lotura zuzena» duela uste du Pantailak Euskaraz taldeak.

Sinadura bilketa, Twitter kontuaren harira

Twitter sare sozialean jasandako zibererasoaz ere mintzatu da Pantailak Euskaraz. Urriaren 11n egin zioten, eta, horren ondorioz, «hainbat mezu eta bideo arraro» agertu ziren taldearen kontuan. Handik egun batzuetara, berriz, Twitterrek kontua bertan behera utzi zion, zehaztu duenez, «antza, arau hauste batengatik». Taldeak jakinarazi du hainbat ohar igorri dizkiola Twitterri erasoaren berri emanez eta kontua berreskuratzeko eskatuz, baina erabakia «behin betikoa» dela erantzun diotela.

Horren harira, sinadura bilketa bat abiatu du taldeak, «hizkuntza eskubideen eta adierazpen askatasunaren errespetua eskatuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.