Lan gatazkak

Akordioa Nafarroako metalgintzan; Bizkaikoan, aldiz, greba

CCOOren eta UGTren aldeko bozekin onartu da Nafarroako lan itun berria. Bizkaikoan, aldiz, ez da akordiorik egin, eta sindikatuek hil bukarako hiru greba egunei eutsiko diete.

Metalgintzako langile bat sorgailu eoliko bateko pieza bat soldatzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko urriaren 25a
16:29
Entzun

Nafarroako metalgintzak badu lan hitzarmen berria. CCOOk eta UGTk bost urterako akordioa sinatu dute APMEN eta ANEM patronalekin. Lehen hiru urteetarako (2022, 2023 eta 2024), soldatak %4,5 eguneratzea onartu dute, eta hurrengo bietarako, %2. Tarteak KPIaren araberako bi eguneratze egingo dituzte gutxieneko soldatentzat, eta 400 euroko bi ordainketa egingo dizkiete langile guztiei. Ituna 1.500 lantokiren eta 36.000 langileren lan baldintzen oinarria da.

11 hilabeteko negoziazioak gaur amaitu dira. Irailaren 26ko bileraren ondoren, patronalak esan zuen prest zeudela CCOOren eta UGTren eskaintzak aztertzeko. Bi aldeen arteko zubi bat ireki zen, eta akordioa gertu zegoela zirudien. Beste bi bilera nahikoa izan dira hura mamitzeko. Negoziazio mahaian hamabost ordezkari daude, eta CCOOk eta UGTk launa dituzte (ordezkaritzaren %53), nahikoa ituna ofizial bilakatzeko. ELAk ere lau ditu (%27,61), eta LABek, hiru (%14,59).

Akordioa CCOOren lehen eskaintza baino pixka bat xumeagoa da, hark %5eko eguneraketa eskatzen baitzuen, baina trukean 400 euroko bi ordainketa onartu ditu patronalak. Alfonso Huizi APMENeko idazkari nagusiak UGTren eta CCOOren jarrera goratu du, eta “elkarrizketa sozialaren eredu” direla nabarmendu du. Aldiz, kritika gogorra egin die ELAri eta LABi: «Beste sindikatuak beren propaganda sindikala egitera mugatu dira, langileen eskubideak hobetzeko negoziatu beharrean».

ELAren eta LABen ezezkoa ulertzeko, kontuan hartu behar da, besteak beste, akordioan ez dela ageri azpikontraten subrogazio eskubidea. Bizkaiko eta Gipuzkoako itunek jasotzen duten eskubide bat da, eta sindikatu subiranistek Nafarroara zabaldu nahi zuten. LABek kritikatu du langileen erosahalmena ez dagoela bermatuta, eta «atzerapausoak» eman direla malgutasun neurrietan.

Bizkaian, jarrerak are urrunago

Iruñean akordioa egin da; Bilbon, ordea, ez. Bertan, sindikatuek eta FVEM patronalak lan hitzarmena berritzeko aurtengo hamalaugarren bilera egin dute, eta ez dira ados jarri. Bi aldeek proposamen berriak jarri dituzte mahai gainean, baina jarrerak ez dira aldatu. Ondorioz, sindikatuek mantendu egin dituzte ostegunerako, ostiralerako eta azaroaren 2rako greba deialdiak. Era berean, badirudi harremanek okerrera egin dutela, ez baitago datarik hurrengo bilerarako. Bizkaiko metalgintzako lan ituna Euskal Herriko zabalduena da. 52.000 langileri eragiten die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.