Kurdistan

Irango Poliziak tiro egin die manifestariei, milaka pertsona Aminiren hilobian bildu ostean

«Emakumea, bizitza, askatasuna» oihuarekin gogoratu dute emakume gaztea, Irango Moralaren Poliziak hil eta 40 egunera.

Milaka pertsona, gaur, Sakizko hilerrirako bidean, Amini gogoratzeko.
Edu Lartzanguren.
2022ko urriaren 26a
17:55
Entzun

Irango agintariek debekatu arren, milaka pertsona bildu dira gaur Mahasa Amini gaztearen hilobiaren inguruan, Kurdistango Sekiz hirian. Amini 22 urteko emakumea irailaren 13an atxilotu zuen Poliziak, Teheranen, «janzkera desegokia» eramateagatik. Polizia etxera eraman zuten, «heztera». Gaztea handik hiru egunera hil zen, koman egon ostean. Aminiren aitak salatu zuen alabak kolpeen markak zituela hanketan, eta Poliziari egotzi zion hura hil izana. Poliziak ukatu egin du halakorik, eta ziurtatu zuen bihotzekoak jota hil zela Amini. Sendiak nabarmendu du gazteak ez zuela osasun arazorik.

Gaur egun berezia zen gaztearen familiarentzat, musulman xiitentzat heriotzatik 40 egunera ospatzen da hildakoarengatik eginiko dolua. Irango agintariek debekatu egin dute hilerrian egin beharreko zeremonia. Haatik, milaka pertsona joan dira kanposantura, «Emakumea, bizitza, askatasuna», eta «diktadorea akabatu» oihukatzen, Irango buruzagi gorena Ali Khamenei gogoan. Gehienak oinez heldu dira, Poliziak bidea blokeatuko zuelakoan.

Aminiren heriotzak protesta jendetsuak piztu ditu azken asteotan Irango ehun hiritan baino gehiagotan. Emakumeek kaleak hartu dituzte. Askok beren hijabak erre edo ilea moztu dute herrialdean indarrean den emakumeentzako janzkera kodea gaitzesteko. Protestak piztu zirenetik, 234 manifestari baino gehiago hil dituzte, 29 haur tartean, ehunka zauritu eta milaka atxilotu, giza eskubideen aldeko zenbait elkartek salatu dutenez.

Hilerriko ekitaldiaren ostean, istiluak gertatu dira hiriko erdigunean, eta giza eskubideen aldeko taldeek esan dutenez, Irango Poliziak tiro egin die manifestariei Zindan enparantzan, eta negar gasa erabili du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.