Alderdiak

EAJ ez da PPren bazkide izango «eremu autonomikoa» ukatzen duen bitartean

PPren eta EAJren artean ez da hurbilketarik egon, Koldo Mediavilla EBBko Harreman Instituzionalerako idazkariaren arabera, baina «normaltasunera itzuli dira»

Koldo Mediavilla EBBko Arlo Instituzionaleko arduraduna,. EAJ
xabier martin
2022ko urriaren 27a
10:13
Entzun

EAJko presidente Andoni Ortuzarrek eta PPko presidente Alberto Nuñez Feijook bilera bat egin zuten atzo, eta batzar horrek piztu ditzakeen errezeloak uxatu nahi izan ditu gaur Koldo Mediavilla EBBko Harreman Instituzionalerako idazkariak: «PPk ez du bazkide bat aurkituko EAJn eremu autonomikoa ukatzen duen bitartean». Alderdi bien buruzagien arteko bilera horren helburua izan da alderdien arteko harremana «normaltasunera» itzultzea, Mediavillak Herri Irratian azaldu duenez.

«Apartekoa dena da bi alderdi egotea bata besteari bizkarra emanda», esan du, baina garbi utzita PPk zentralismoan jarraitzen duen bitartean ez duela bazkide gisa izango EAJ. Alegia, alderdi jeltzalea ez da prestatzen ari etorkizun desberdin baterako: «Asteazkeneko bilerari aparteko izaera bat eman nahi izan diote batzuek, etorkizunerako balorazioak eginez, nahiz eta horrek ez duen zerikusirik errealitatearekin».

EBBko kideak uste du hala EAJk nola PPk «gobernatzeko bokazioa» dutela, eta apartekotzat jo du «komunikaziorik ez egotea» horien artean; «elkarrizketarik ez edukitzea, alegia». Harreman hori PPk hautsi zuela azaldu du Mediavillak, Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioaren harira. «Ez zuen ulertu bakoitzaren posizioa, baina ematen du normaltasunera itzultzen ari garela».

'Gurtel auziaren' lurrikara

2018ko maiatzaren 24an, Gurtel auziko epaia ezagutarazi zuen Espainiako justiziak, eta epai horrek aldaketa handi bat ekarri zuen EAJren orduko itunen estrategian. Izan ere, Mariano Rajoyren aurrekontuak aurrera ateratzeko ezinbesteko laguntza eman berri zion EAJk. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako 540 milioi euroren inbertsioak jaso zituzten PPren gobernuaren azken aurrekontuek. Handik egun gutxira, ordea, Gurtel auziaren epaiaren irakurketak ez zuen zalantzarako tarterik utzi Rajoyren eta PPren posizioari zegokionez. Eta Sabin Etxean erabaki bat hartu zen Pedro Sanchezek, ordu arte ezkutu antzera ibilitako PSOEren buru biziberrituak, Rajoyren aurkako zentsura mozioa iragarri zuenean.

Hala, lehenik Rajoyren aurrekontuei babesa eman, eta, astebeteko tartean, Rajoy bera gobernutik bota zuen EAJk. PPk oso gaizki hartu zuen EAJren erabakia, hura bazkidetzat jotzen baitzuen. Haren botoak ezinbestekoak izan ziren Espainian gobernua alda zedin. Andoni Ortuzar presidente duen alderdiak Pedro Sanchez eraman zuen Moncloara, Rajoyren aurka bozkatu zuten gainontzeko talde parlamentarioekin batera bozkatuta.

Orain, Nuñez Feijooren ekimenez alderdi bien buruek izandako bileran, «adeitasun politikoaren itzulera» lortu dela uste du Koldo Mediavillak: «Ez zuen inoiz ere hautsi behar izan».

Marra gorria

«Normaltasuna» eta «adeitasuna» ahoskatu ondoren, baina, Koldo Mediavillak marra gorri bat jarri du EAJk PPrekin izan dezakeen hurbilketari dagokionez. «Ez dago ezer esan duten horri buruz»; alegia, gezurra da EAJ PPren posizioetara hurbildu dela, EBBko kidearen arabera.

«Atzoko bileran zerbait argi geratu bada, argi geratu dena izan da adeitasunez egin zela eta oso alde handiak daudela alderdi bien artean; eta, beraz, alderdi bien posizioek oso urrun egoten jarraitzen dutela». Eta non dago arrakala handia EAJren eta PPren artean? Mediavillaren arabera, eremu autonomikoan. «PPk eremu autonomikoa ukatzeko diskurtsoan jarraitzen duen bitartean, eta zentralismoaren bila doan bitartean, ez du EAJn aliantza bat edo etorkizunerako bazkide bat aurkituko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.