Frantziako Tourra

Mendia izango da 2023ko Frantziako Tourraren gakoa

Euskal Herrian abiatuko da datorren urteko Frantziako Tourra, eta hiru etapa jokatuko dira hemen. Erlojupeko bakarra izango du ibilbideak, eta, 35 urteren ostean, Puy de Domera itzuliko da.

Tadej Pogacar eta Jonas Vingeegard aurtengo Frantziako Tourrean. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko urriaren 27a
14:27
Entzun

Euskal Herriko txirrindularitza zaleek bertatik bertara biziko dute datorren urteko Frantziako Tourra. Bilbotik abiatuko da, eta, hiru egunez, Euskal Herriko errepideetan barrena arituko dira txirrindulariak. Erlojupeko saio bakarra izango du ibilbideak, eta Frantziako mendaterik gogorrenak igo beharko dituzte. Gaur eguerdian egin dute 2023ko Tourraren aurkezpen ofiziala, Parisen, eta han izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Eneko Goia Donostiako alkatea, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea. Urkulluk hitza hartu du, eta adierazi du aspaldiko ametsa «egia» bilakatu dela. Lehendakariaren hitzetan, helburua da munduari erakustea «Euskadi zer den, eta zer izan nahi duen».

Taldeen aurkezpena ekainaren 29an egingo da, Bilbon, eta lehenengo etapa San Mamesetik abiatuko da, uztailaren 1ean. Bilbon bertan izango du helmuga, eta, aurretik, erasoa jotzeko toki aproposak izango dituzte Morgan, Gangurenen eta Pike bidean. Bigarren etapa Gasteiztik abiatuko da, eta Donostian izango du amaiera. Lau mendate igo beharko dituzte txirrindulariek, baina Jaizkibel izango da mendate erabakigarria, helmugatik hogei kilometrora. Hirugarren etapa izango da Frantziako Tourrak Euskal Herrian egingo duen azkena. Zornotzatik abiatuko da, eta Baionan izango du helmuga. Esprinterrek lehen aukera izango dute garaipenaren lehian aritzeko.

Ikusi gehiago:Raisa Alava ilustratzaile arabarrak egin du 2023ko Tourraren kartela

Euskal Herria atzean utzi, eta Pirinioetarako bidea hartuko du tropelak aurreneko astean bertan. Bosgarren etapan izango da mendiko lehen etapa, Soudet eta Marie Blanque igoko baitituzte. Baina seigarren etapa izango da aurreneko asteko egun handia. Aspinetik eta Tourmaletetik igaroko da tropela, Cauteretseko azken igoerara iritsi aurretik. Egun aproposa izango da maillot horia helburu dutenen artean aldeak ikusteko.

Zaleek bederatzigarren etapara arte itxaron beharko dute mendiko beste etapa bat ikusteko. Lehen atseden egunaren aurretik, eskalatzaileek garaipena lortzeko egun aproposa izango dute. 35 urteren ostean itzuliko da Frantziako Tourra Puy de Domera, eta etapa han amaituko da.

Bigarren astea gogorra izango da txirrindularientzat: Frantziako Tourra Alpeetara iritsiko da. Ziklistek askotariko etapei aurre egin beharko diete, eta mendiko etapa gogor batekin amaituko dute astea. Morzinen abiatuko da hamalaugarren etapa, eta Saint-Gervais Mont-Blancen amaitu. Txirrindulariek hainbat mendate igaro beharko dituzte, baina Le Bettexeko igoeran aukera izango da taldeburuen arteko lehia estua ikusteko. Azken mendate horretan, %17ko pendiza duten aldapetan sufrituko dute gehien txirrindulariek.

Hirugarren asteari ekin aurretik azken atseden eguna izango dute txirrindulariek. Erlojupeko batekin itzuliko dira lehiara azken astean. 22 kilometro izango ditu datorren urteko Tourreko erlojupeko bakarrak, eta mendian ondo aritzen diren txirrindularientzat aproposa da saioa. Aukera polita izango da Tadej Pogacarren eta Jonas Vingegaarden arteko lehia bizia ikusteko.

Lasterketaren azken txanpan murgilduta, hamazazpigarren etapa izango da hirugarren asteko gogorrena. La Loze mendate mitikoa igo beharko dute txirrindulariek (28,4 kilometro luze eta %6ko pendiza). Azken maldek %24ko pendizak dituzte, eta gailurretik sei kilometro eskasera egongo da Courcheveleko helmuga.

Etapa motz baina gogor batean jakingo da nor izango den 2023ko Frantziako Tourreko garaile birtuala. Marksteinen amaituko da etapa, baina aurretik Alsazia, Moinats, Grosse Pierre, Schluchtik, Petit Ballon eta Platzerwasel igo beharko dituzte txirrindulariek.

Tourmaletek egingo ditu epaile lanak

Emakumeen Tourra hilaren 22an hasiko da, gizonezkoen lasterketa azken astean murgilduta dagoen bitartean, eta gizonekin inoiz gertatu ez dena gertatuko da: Tourra ez da pasatuko Paristik. Cleremont Ferranden abiatuko da lehenengo etapa, eta han izango du helmuga ere. Esprinterrek aukera bat baino gehiago izango dute garaipena lortzeko, baina, Pirinioetan, taldeburuen txanda izango da.

Asteburuan erabakiko da Tourra, azken bi etapetan. Zazpigarren etapa irabaztea izango da maillot horia helburu dutenen nahia. Tourmalet handian amaituko da, eta munduko eskalatzailerik onenak bakarrik izango dira han gailentzeko hautagaiak. Hala ere, ezin izango dituzte indar guztiak xahutu, hurrengo egunean jokatuko baita azken etapa: 22 kilometroko erlojupekoa, Pauen. Han jakingo da nor izango den txapeldun handia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.