Palestina-Israel

Israelek palestinarren kontra «apartheidaren krimena» egiten duela salatu dute bost Atzerri ministro ohik

Tartean dago Mogens Lykketoft NBEko Batzar Nagusiko presidentea. Ukrainako egoerarekin parekatu dute Palestinakoa, eta nazioarteari galdegin diote Tel Avivi kontuak eskatzeko bere politika eta praktikengatik

Mogens Lykketoft Nazio Batuen Asanblea Nagusiko presidentea, erakundearen ekitaldi batean. UN PHOTO / LOEY FELIPE
Edu Lartzanguren.
2022ko urriaren 27a
17:17
Entzun

Gutun bat sinatu dute bost herrialdetako Atzerri ministro izandako bost politikarik, salatzeko Israelek palestinarren aurka ezarritako «zapalkuntza sistema, batez ere lurralde okupatuetan, apartheidaren parekoa» dela, eta Europari galdegiteko Israeli kontuak eskatzeko bere politika eta praktikengatik.

Hauek dira sinatzaileak: Mogens Lykketoft, Danimarkako Atzerri ministro ohi, eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiko gaurko presidentea; Finlandiako Atzerri ministro izandako Erkki Tuomioja; Ivo Vajgl, Esloveniakoa; Frantziako Hubert Vedrine; eta Sayeeda Warsi, Erresuma Batuko ministro eta Atzerri Ministerioko NBErako kabineteburu ohia.

Frantziako Le Monde egunkarian argitaratu dute gutuna.

Horretan, Ukrainako egoera ekarri dute gogora. Adierazi dute kasu horretan zuzenbidearen eta giza eskubideen defentsan bat egin duela nazioarteak. Haatik, gogoratu dute beste testuinguru batzuetan nazioarteko komunitatea askotan «isilik» geratu dela, eta ez duela eskurik hartu nazioarteko zuzenbidea «modu larrian bortxatu» dutenean. Nazioarteko legedia gordetzekotan, «arauak berdin eta koherentziaz» ezarri behar direla nabarmendu dute.

«Ukrainako herritarrak babesteko erabilitako arau berberak eta gogo bera» erabili behar da mundu osoan, baita «Israelen eta Palestinaren arteko gatazkan ere».

Atzerri arduradun ohik salatu dute EBk jarraitzen duela proposatzen bi estaturen konponbidea, hau da, israeldarrak eta palestinarrak elkarren ondoan bizitzea, bakoitza bere estatuarekin, baina errealitatea «kontrako norabidean» doala.

Israelgo gobernuek, egungoak barne, argi utzi dute ez dutela asmorik okupazio luzea amaitzeko, sinatzaileek adierazi dutenez. Gogoratu dute Israelek «ehunka mila» herritar israeldar eraman dituela lurralde okupatuetara. Kalkulatu dutenez, 650.000 kolono bizi dira legez kanpoko kokalekuetan Zisjordanian eta Jerusalem Ekialdean. Haien ustez, kolonia horiek, gainera, kolokan jartzen dute etorkizuneko Palestinako estatuaren bideragarritasuna.

Israelek bi sistema legal erabiltzen dituela salatu dute: bat, zibila, israeldarrentzat, eta beste bat, militarra, palestinarrentzat. Gogora ekarri dituzte azken urte eta hilabeteotan Israelek «palestinarren eskubideak murrizteko» hartu dituen neurriak eta gauzatu dituen operazioak. Tartean aipatu dute Al-Jazeera telebistako Shireen Abu Akleh kazetariaren hilketa. Israelgo armadak hil zuen tiroz, maiatzaren 11n, lanean ari zela.

Gogoratu dute azken urteotan Israelgo eta nazioarteko hainbat erakundek bat egin dutela «ondorioztatzeko palestinarren aurkako zapalketa sistema, batez ere lurralde okupatuetan, apartheidaren parekoa dela». Baieztapen hori «lege azterketa sendoetan» oinarritzen dela gaineratu dute.

Europako Batasunari eskatu diote bi estaturen konponbidearen alde egiteko, eta Israeli kontuak eskatzeko «giza eskubideak eta palestinarren eskubideen bortxaketa jarraituengatik».

Amaitzeko, adierazi dute Israelek Zisjordanian, Jerusalem Ekialdean eta Gazan bizi diren palestinarrei ezartzen dizkien politikak eta praktikak «apartheidaren krimenaren parekoak» direla ondorioztatu dutela eurek ere, eta dei egin diete Europako diplomaziakideei bat egiteko ekintzak eskatzeko, halako politika injustuak amaitzeko eta bi estaturen konponbideari aukera bat emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.