Gerra Ukrainan

NBEk, Ukrainak eta Turkiak esan dute zerealen esportaziorako ituna ezartzen segituko dutela

Kieven arabera, hamabi ontzi atera dira gaur herrialdeko portuetatik. Moskuk erantzun du «arriskutsua» dela bere parte hartzerik gabe jarraitzea.

Kieveko herritar batzuk tren geltoki batean beren burua babesten, gaur. ANDRII NESTERENKO / EFE
ander perez zala
2022ko urriaren 31
12:42
Entzun

Errusiak zerealen esportaziorako akordioan parte hartzeari utzi dion arren, NBE Nazio Batuen Erakundeak, Ukrainak eta Turkiak ez dute amaitutzat jo itun hori, eta, ICC Istanbulgo Koordinazio Zentroaren bitartez jakinarazi dutenez, laboreak mundura bidaltzen segitzeko asmoa dute datozen asteetan ere. Oleksandr Kubrakov Ukrainako Azpiegitura ministroaren arabera, gaur bertan hamabi ontzi atera dira haren herrialdetik —354.500 tonarekin—, eta ICCn hamar lantalde prest daude 40 bat ontzi aztertzeko. «Ukrainako ordezkaritzak onartu egin du ikuskatze plana. Errusiakoari horren berri eman zaio», adierazi du Kubrakovek.

Amir Abdulla NBEren akordiorako arduradunak ere berretsi du Ukrainako Azpiegitura ministroak jakinarazitakoa, eta azaldu du Turkiako hiri horretara bidean dauden hamasei bat ontziren edukia ere aztertuko dutela. Errusiaren jarreraz, Abdullak esan du ontzi zibilak ezin direla «inoiz helburu militarrak» izan; hori da, hain justu, zerealen esportaziorako itunean adostu zuten neurrietako bat.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea ere mintzatu da Moskuren erabakiaz, eta hori ezartzeko lanetan jarraituko duela ziurtatu du hark ere, Errusiak «zalantzak» dituen arren: «Gure ahaleginak agerikoak dira. Istanbulen ezarri genuen mekanismo bateratuari esker, munduko elikagaien krisia arintzen lagundu dugu».

Kiev eta Mosku iragan uztailean jarri ziren ados afera horren inguruan, NBEren eta Turkiaren bitartekaritzari esker, eta, harrezkero, bederatzi milioi tona labore atera dira Ukrainatik mundu osora. Akordioa azaroaren 19an amaituko da, eta, egunotan gertaturikoa kontuan harturik, badirudi ez dutela lortuko hitzarmena luzatzea, nahiz eta Antonio Guterres NBEren idazkari nagusia horren alde agertu zen joan den larunbatean.

Errusiako Defentsa Ministerioak «Ukrainako erregimenari» eta «Britainiako adituei» leporatu zien egun horretan drone eraso «masibo baten» bidez Sebastopolgo (Krimea) gerraontzien aurka egitea —biek ukatu dute akusazioa—. Moskuk azaldu zuen bonbardaketan kalteturiko Ivan Golubets ontzia minak detektatzeko erabiltzen zutela, eta, erasoa «terroristatzat» jo ondoren, adierazi zuen «zibilen ontziak» ere arriskuan egon zirela. «Errusiako aldeak ezin du bermatu [akordioan parte hartzen duten] merkataritza itsasontzien segurtasuna», gehitu zuen Defentsa Ministerioak. Horren ondorioz, ituna etentzat jo zuen Errusiak.

Erabaki horren berri eman ondoren, gariaren, artoaren eta sojaren prezioak igo egin dira; gaur %5, %2 eta %0,8 egin dute gora, hurrenez hurren. Horrek, hortaz, are gehiago okertu lezake munduko elikagaien krisia; Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearentzat, «gosearekin xantaia» egiteko modu bat da: «Afrika mendebaldetik Asia ekialdera dauden pertsonentzat garestiagoak izango dira elikagaiak. Horren errudun bakarra Errusia da. Bereziki Etiopian, Yemenen edo Somalian dauden pertsonek sufrituko dute hondamendizko elikagai eskasia. Errusiarengatik izango da».

Akusazio eta asmo horien aurrean, Kremlinek erantzun du, Dmitri Peskov bozeramailearen bitartez, «arriskutsua» dela bere parte hartzerik gabe zerealen esportazioekin jarraitzea, berriz ere argudiatuta «ezinezkoa» dela ontzien segurtasuna bermatzea Itsaso Beltzean.

Errusiako armada, azpiegitura energetikoen kontra

Gerra frontean, Errusiako armadak Ukrainako azpiegitura energetikoen kontrako erasoak egin ditu gaur goizean, eta Kiev eta beste hamar bat hiriren kontrako bonbardaketek kalte handiak eragin dituzte, zenbait auzo urik eta elektrizitaterik gabe uzteraino, Oleg Nikolenko Atzerri Ministerioaren bozeramailearen arabera; batez ere, Zaporizhia eta Kharkiv eskualdeetan —beste zortziri ere egin diete eraso—.

Dmitro Kuleba Atzerri ministroak, Twitter sare sozialaren bidez, aitortu du «azpiegitura garrantzitsuak» jomugan izan dituela Errusiako armadak, eta Moskuri leporatu dio «zibilen aurka» egiten duela borroka, «gudu zelaian borrokatu» beharrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.