Palestinako gatazka

Israelgo Armadak beste palestinar bat hil du, aurtengo 137.a

Militarren arabera, hildakoak soldadu bat autoarekin harrapatu du «nahita», eta aizkora batekin eraso egin dio gero.

Palestinarren hilketak gaitzesteko protesta bat Nablusen (Zisjordania), urriaren 19an. EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko azaroaren 2a
11:17
Entzun

Azkenaldian, etengabeak dira Israelgo Armadaren eskuetan hildako palestinarrei buruzko albisteak. Aurtengoa, jada, 2015. urtetik Palestinako gatazkan izan den urterik bortitzena da: Israelek 137 palestinar hil ditu. Azkenekoa, bart, Zisjordania okupatura sartzeko kontrolgune batean. PAN Palestinako Aginte Nazionalaren arabera, Habes Abdul-Hafez Rayan izena zuen, eta 54 urte zituen. Ramallahtik gertu zegoen herrixka batekoa zen.

Israelgo soldaduen arabera, gizonak eraso egin zion agente bati: lehenik, autoarekin harrapatu zuen, eta, ondoren, aizkora batekin zauriak egin zizkion. Orduan egin zion tiro militarrak. Ospitaleratu egin behar izan dute.

Esan bezala, gaurkoa ez da gertakari bakartu ba; azkenaldian nabaria da tentsioa eskualde horretan. Pasa den astean, adibidez, Israelgo Armadak hiru palestinar hil eta 22 zauritu zituen Zisjordanian asteartean, eta beste bi hil zituen ostiralean.

Hori dela eta, PAN Nazio Batuen Erakundeari eta giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeei «berehala» esku hartzeko eskatzen ari zaie. Salatu dute «gerra krimenak» egiten ari dela Israel. Hainbat manifestazio ere izan ziren joan den astean Zisjordanian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.