Albistea entzun

Alderdiak

Sanchezek EH Bilduri: «Ez zarete gu baino ezkertiarragoak»

'Mozal legea'-ren erreforma blokeatzeri uzteko esan dio Mertxe Aizpuruak Espainiako presidenteari. Etxebizitza legearekin ere betetzeko eskatu dio Kongresuko kontrol saioan.

Mertxe Aizpurua Sanchez presidentearen albotik pasatzen Espainiako Kongresuan.
Mertxe Aizpurua Sanchez presidentearen albotik pasatzen Espainiako Kongresuan. CHEMA MOYA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2022ko azaroak 2 12:33

Herritarren Segurtasunerako Legearen erreforma eta Etxebizitza Legea «ez atzera ez aurrera» daude Espainiako Kongresuan, tramitatze fasean ez direlako aurrerapausoak eman, Mertxe Aizpurua EH BiIlduko Kongresuko bozeramaileak salatu duenez, eta «badaude gehiengo nahikoak» legegintzaldia amaitu aurretik lege horiek aldatzeko eta onartzeko. Horregatik, Aizpuruak konpromiso horiek «betetzeko» esan dio Madrilgo Kongresuan Espainiako presidente Pedro Sanchezi.

EAJ, EH Bildu, PSOE, UP, ERC eta JxC alderdiek bilera batzuk izan dituzte azken egunetan, hain zuzen, urtea amaitu aurretik akordio bat lortzeko mozal legea-ren erreformaren inguruan, baina akordioa ez dago oso gertu itxuraz. Ez atzera ez aurrera dago erreforma hori, eta Etxebizitza legea ere bai, Aizpuruk gogoratu duenez, eta «blokeo» hori egiteari uztea exijitu dio Sanchezi; hauteskunde garaiko promesak «betetzeko» astia baduela gogorarazi dio, horretarako «premia» dagoela.

«Gobernu progresista batentzat, oinarrizko bi eduki dira; egiten ez bada, milioika pertsonaren etorkizuna hipotekatuko da, eta baliteke zurea eta zure gobernuarena ere hipotekatzea», ohartarazi dio Espainiako Gobernuko buruari koalizio abertzaleko kideak; «soilik eskuinak ateratzen dio etekina promesak ez betetzeari eta eskubideetan aurrera ez egiteari».

Sanchezen erantzuna

Gobernuburuak Ministro Kontseiluari erreparatu dio, eta haren promesak bete direla adierazi du. Espainiako Gobernuak bi lege horiek Kontseiluan onartu dituela gogoratu du, eta gaineratu «orain taldeen txanda» dela, haiei dagokielako adostea «parlamentuan tramitatzen ari diren arauak». Hori esanda, ezkertiarragoa nor den eztabaidan sartu da Sanchez. «Agian ez gara ezer blokeatzen ari; kontua da ez gatozela bat gainontzeko talde parlamentarioekin, baina horrek ez du esan nahi gu baino ezkertiarragoak zaretenik».

Sanchezek garbi esan du, halaber, PSOE ez datorrela bat beste talde batzuek egiten duten «gerturatzearekin» mozal legea-ren erreformari dagokionez. «Oreka leku bat» aurkitu beharko dutela esplikatu du Sanchezek, eta «beste aurrerapen batzuk» onartzeko ere adostasun bera lortu beharko dela erantsi du.

Aizpuruak erantzun argia eman dio ondoren Sanchezi: «Ez dugu denborarik: bada garaia erabakitzeko lege hauek onartu nahi dituzun hitzeman zenuen terminoetan». Azken hilabeteotan sarritan esan diote EH Bilduri «ezinezkoa zela» ezartzea gobernuari eskatu dizkion neurriak, koalizio abertzaleko bozeramaileak azaldu duenez; bada, azkenean, eskaera horiek onartu direla gogoratu du. «Fortuna handien, bankuen edo konpainia elektrikoen gaineko zerga ezartzea, argindarraren prezioa mugatzea... ezer ez zen posible, gure bultzadarekin posible bihurtu genuen arte».

Orain, Etxebizitza Legea onartzeko beharra bere gain hartzeko esan dio EH Bilduren Kongresuko eledunak Espainiako Gobernuari, eta mozal legea «behingoz» indargabetzeko: «Egin ezazu, eta, ez izan zalantzarik, bide horretan lanean jarraitzeko prest aurkituko gaituzu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eneko Andueza eta Andoni Ortuzar, artxiboko irudian ©Luis Tejido/ Efe

EAJk eta PSEk «instituzioen gobernabidea» bermatzeko akordioa itxi dute

Edurne Begiristain

Bi alderdiek jakinarazi dute itunarekin koalizio gobernuak eratzen lagunduko dutela foru aldundi eta udal guztietan.
 

Egunkaria itxi eta 20 urtera

Epailea eta epaitua, mahaiaren alde berean

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Gizarte mugimendu ugarik antolatuta, ekitaldi bat egin dute Madrilen, ‘Egunkaria’-ren itxiera oroitzeko. ‘Egunkaria’-ko zuzendari ohi Martxelo Otamendirekin solasean aritu da Javier Gomez Bermudez, ‘Egunkaria’-ko auzipetuak absolbitu zituen epaimahaiko burua. Nabarmendu du ‘Egunkaria’-ren itxiera «bidegabea eta legez kanpokoa» izan zela.

Sarek apirilaren 29an Donostian eginiko elkarretaratzea, euskal presoei salbuespen neurriak jartzearen aurka. ©Gorka Rubio / Foku

Joseba Borde espetxera itzuli da, hirugarren gradua kenduta

Jon O. Urain

Ostegun iluntzean sartu zen Basauriko espetxean. 64 urte ditu. Bestalde, aske geratu da Patxi Markes presoa.

Alzorriz eta Txibite, atzo. ©Jesus Diges / EFE

PSN prest dago Koldo Martinez babesteko Iruñeko alkatetzarako

Jon O. Urain

Ramon Alzorrizek esan du «prest» daudela «eskuinaren gobernu bat saihesteko».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...