ETIOPIAKO GERRA

Etiopiako Gobernuak eta Tigrayko TPLFk su etena adostu dute, bi urteko gerraren ostean

Itunaren arabera, bi aldeek «armagabetze sistematikoa eta antolatua» egingo dute. Afrikako Batasunak goratu egin du akordioa, Hegoafrikan egindako agerraldian. Gerrak milaka hildako eta 600.000 desplazatu eragin ditu.

Redwan Husein Etiopiako Gobernuko ordezkaria eta Getachew Reda TPLFkoa, aulkietan eserita, gaur, Pretorian, Hegoafrikan. ALET PRETORIUS / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 2a
20:34
Entzun

Etiopiako Gobernuak eta TPLF Tigrayko Herria Askatzeko Fronteak urriaren 25ean Pretorian (Hegoafrika) hasitako bake negoziazioak fruituak eman ditu. Izan ere, bi aldeek su etena «formalki» adostu dute, bi urteko gatazkaren ostean. Hala baieztatu du gaur AB Afrikako Batasuneko goi ordezkari eta Nigeriako presidente ohi Olusegun Obasanjok, Pretoria hirian bertan egindako agerraldian. Hitzartutako itun horren arabera, meniaz gain, «armagabetze sistematikoa, ordenatua eta antolatua» egingo dute.

Obasanjoren esanetan, gobernuko eta TPLFko ordezkariek «goi mailako» batzarra egin dute, ABren bitartekaritzari esker, eta eurek egindako lana goratu du. Oraingoz, ordea, ez dute agiri ofizialaren inguruko xehetasun gehiagorik eman, Addis Standard Etiopiako egunkariak jasotakoaren arabera. Hori bai, Obasanjok gogorarazi duenez, akordio horrek «bide emango» dio Tigrayri eskualdean hornidura humanitarioa berrezartzeko eta zibilak babesteko; batez ere, emakumeak eta haurrak. «Gaur egunsenti berri baten hasiera da Etiopiarentzat», nabarmendu du ABko goi ordezkariak.

TPLFk urri hasieran Etiopiako Gobernuarekin hitz egiteko eskaera onartu zuen, «gatazkaren konponbide baketsua» lortzeko, ABk hala bultzatuta. Reuters berri agentziaren arabera, Tsadkan Gebretensae TPLFren jeneralak eta Getachew Reda alderdi-miliziaren bozeramaileak osatu dute, besteak beste, Tigrayko matxinoek Hegoafrikara bidalitako ordezkaritza. Hain justu, Getachewek esan du espero duela bi aldeek konpromisoa beteko dutela. «Iragana atzean utziko dugu».

Etiopiako Gobernuari dagokionez, berriz, Redwan Husein Segurtasun Nazionalerako aholkularia izan da elkarrizketa mahaiaren beste aldean egon den negoziatzaileetako bat. Alderdi-miliziaren bozeramailearen gisan, Redwanek azpimarratu du alde guztiak itunari «leial» izan behar zaizkiola. «Eskerrak eman nahi dizkiegu beste aldean dauden anaiei garai hau atzean uzteagatik. Etiopiako herriak bakea eta garapena nahi ditu». Menia adosteko hitzarmena sinatu ostean, bi aldeetako ordezkariburuek bostekoa eman diote elkarri, txalo artean.

Adostasunera heltzeko TPLFren baldintzetako bat izan zen elkarrizketan «eragile gehiago» egotea behatzaile edo bermatzaile gisa. Bada, negoziazio mahai horretan izan dira, besteak beste, Kenyako presidente ohi Uhuru Kenyatta eta Hegoafrikako presidenteorde ohi Phumzile Mlambo-Ngcuka, baita IGAD Gobernuen Arteko Agintaritzako, Nazio Batuen Erakundeko eta Ameriketako Estatu Batuetako ordezkariak ere.

Bi aldeek erdietsitako itunak berehalako erreakzio soka ekarri du, Etiopiako lehen ministroaren adierazpenetik hasita. Abiy Ahmederen hitzetan, gaur sinatutako akordioa «handia» da herrialdearentzat, «duela lau urte eta erdi hasitako erreformen bideak aurrera jarrai dezan». Hau ere erantsi du: «Bakearekin dugun konpromisoak tinko jarraituko du».

Nazioartean, bestalde, Europar Kontseiluko presidente Charles Michelek ere begi onez hartu du Etiopiako Gobernuak eta Tigrayko gerrillak lortutako akordioa. «Inplementazioa funtsezkoa da. Garrantzitsua da bake eta adiskidetze iraunkorrerako lehen urratsa finkatzea», idatzi du politikari belgikarrak Twitterrean, eta gaineratu orain «lehentasuna» dela laguntza humanitarioa eta oinarrizko zerbitzuak ziurtatzea. Era berean, nabarmendu duenez, Brusela «prest dago hurrengo urratsak babesteko».

Herritarren %90, gosez

Gerra 2020ko azaroan hasi zen, Etiopiako lehen ministroak armada Tigrayra bidaltzea erabaki zuenean; TPLFri egotzi zion militar federalen base bati eraso egin ziola, eta ustezko eraso horri erantzuteko hartu zuen erabakia. Bi aldeek elkarri egotzi diote gatazka piztea: TPLFk Abiyi leporatu dio boterea zentralizatu nahi izatea, eta Etiopiako lehen ministroak kontrakoa alderdi-milizia tigreari, boterea berreskuratzeko asmoa duela. Gerrak milaka hildako eta 600.000 desplazatu eragin ditu, eta Munduko Elikadura Programaren arabera, Tigrayko herritarren %90 inguruk —5,2 milioi lagunek— behar dute berehalako elikadura laguntza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.