Brasil

Bolsonaroren jarraitzaileak «esku hartze militarra» eskatzen ari dira Brasilgo kaleetan

Brasilgo jarduneko presidentearen ustez, plazetako protestak «joko demokratikoaren parte» dira. Jarraitzaileei eskatu die errepideetako protestak eteteko.

Bolsonaroren aldekoak, atzo, Lularen aurkako «esku hartze militarra» aldarrikatzen, Rio de Janeiron (Brasil). ANTONIO LACERDA / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko azaroaren 3a
12:40
Entzun

Igandean Luiz Inacio da Silva Lula ezkertiarrak Brasilgo hauteskundeak irabazi zituenetik, Jair Bolsonaro jarduneko presidente eta eskuin muturreko hautagaiaren jarraitzaileek protesta ugari egin dituzte herrialdeko kaleetan. Atzo, esaterako,Bolsonaroren aldekoak Brasilgo kuartel militar ugariren inguruan bildu ziren protestan, eta Lulak osatuko duen gobernuaren aurkako«esku hartze militarra» eskatu zuten. Lulak 2023ko urtarrilaren 1ean egingo du presidente karguaren zina, eta hori eragotzi nahi dute Bolsonaroren jarraitzaileek, herrialdeko plaza askotan aldarrikatu dutenez, «esku hartze militar» baten bidez. Jarduneko presidenteak babestu egin ditu, sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez: «Joko demokratikoaren parte dira».

Ultraeskuindarraren aldekoak bestelako mobilizazioak ere egiten ari dira. Kamioilariek, esaterako, Brasilgo errepide nagusiak blokeatu dituzte, eta, hala, trafikoa oztopatu. Bolsonarok bere jarraitzaileei eskatu die errepideetako protestak eteteko, «joan-etorriak errespetatzeko», hain zuzen. Errepideak «askatzeko» eskatu die ultraeskuindarrak, haren aldeko mugimenduak «zilegitasuna gal ez dezan».

Igandean egin zuten Brasilen presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia: Lulak botoen %50,9 eskuratu zituen, eta ia bi punturen aldea atera zion eskuin muturreko hautagaiari (%49,1). «Bolsonarok oraindik ez nau deitu zoriontzeko, eta ez dakit nire garaipena aitortuko duen ala ez», esan zuen bozen garaileak, emaitzen berri izan bezain pronto egin zuen hitzaldian. Bolsonarok, berriz, bart esan du «triste eta haserre» dagoela emaitzekin.

Bolsonarok azaroaren 1ean egin zuen lehen agerraldia, eta ez zuen aitortu Luiz Inacio da Silva Lula-k irabazi zuela. Esan zuen konstituzioari «leial» izango zaiola; hau da, interpreta daiteke ez duela emaitza inpugnatzeko asmorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.