Gerra Ukrainan

Moskuk oraindik erabakitzeko du zerealen esportazioen ituna luzatu nahi duen

Kremlinek esan du aztertzen ari dela akordioa funtzionatzen ari ote den. Lavrovek jakinarazi du laguntza eskatu diotela NBEri Errusiaren elikagaien eta ongarrien kanporako salmenta errazteko.

Ukrainatik irten ziren ontzietako batzuk, Istanbul parean (Turkia), joan den urriaren 22an. ERDEM SAHIN / EFE
ander perez zala
2022ko azaroaren 3a
13:21
Entzun

Laboreen esportaziorako akordiora itzuli eta biharamunean, Errusiak ohartarazpen bat helarazi die itun hori adostu zuten beste aldeei: oraindik ez du erabaki hitzarmena luzatzea nahi duen, aztertzen ari baita kanporako salmententzat —zerealentzat eta ongarrientzat— ere onuragarria izaten ari den.

Akordioa Ukrainak eta Errusiak adostu zuten, joan den uztailaren 22an, NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Turkiaren bitartekaritzari esker; hilaren 19an da amaitzekoa, baina bada hori luzatzeko aukera, sinatzaileetako inork kexarik edo arazorik jakinarazten ez badu. NBE eta Ankara luzapenaren alde agertu dira, baita Ukraina ere, eta, printzipioz, Moskuren baiezkoa falta da ituna berritzeko.

«Luzapenaren inguruan erabaki bat hartu aurretik, akordioaren eraginkortasunaz ebaluazio orokor bat egin behar dugu», azaldu du gaur Kremlinen bozeramaile Dmitri Peskovek, eta gehitu du hitzarmen horretara itzultzeak ez duela «zertan esan nahi» ituna hilaren 19tik aurrera ezartzen jarraitu nahi dutenik. Ukrainaren bermeak jaso ondoren erabaki zuen Moskuk, atzo, zerealen esportazioen akordioan berriz ere parte hartzea, Peskovek zehaztu duenez, hori Turkiaren bitartekaritzari esker lortu delako. «Turkiaren parte hartzea izan da konfiantzarako faktore nagusia», Kremlinen bozeramailearen arabera.

Atzo bertan, Vladimir Putin Errusiako presidenteak ohartarazi zuen Errusia itunetik aterako dela Ukrainak Moskuri aurkezturiko bermeak urratzen baditu; hau da, Itsaso Beltzeko itsas korridorea «helburu militarretarako» erabiltzen badu, batez ere Errusiako armadaren itsasontziei eraso egiteko.

Errusia akordiora itzuli zenetik, zazpi ontzi atera dira Ukrainatik. Horietako hiru atzo irten ziren, eta Txinara, Italiara eta Herbehereetara joango dira, Istanbulgo Koordinazio Zentrotik pasatu ondoren; beste hirurek gaur abiatu dute bidea, Espainiara, Omanera eta Txinara iristeko. Zentro horrek emandako datuen arabera, beste 120 bat ontzi Ukrainako portuetan daude, noiz atera zain; denera, uztail amaieratik hona 426 zamaontzi atera dira herrialde horretatik, eta 9,7 milioi tona zereal garraiatu dituzte hainbat herrialdetara.

NBEren idazkari nagusi Antonio Guterresen arabera, operazio horiek munduko 100 milioi lagun pobreziatik «salbatu» ditu. Ukrainak ere positibotzat jo du, bere esportazioak erraztu dituelako, baina Errusiak zalantzak helarazi ditu ia hasiera-hasieratik, Mendebaldeko hainbat estatu eta erakundek ezarri dizkien zigor ekonomikoetatik babesteko ez duelako erabateko onurarik sumatu bere zerealen eta ongarrien kanporako salmentetan —esportazioak ez dira zigor horien parte, baina zeharkako kalteak eragin dizkio, Moskuren arabera—.

Horren ondorioz, Peskovek hitz egin aurretik, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak NBEri laguntza eskatu dio bere herrialdearen esportazioak errazteko: «Oraindik ez dugu emaitzarik ikusten auzi horretan. Egoera laster konpondu beharra dago».

Beste 214 preso trukatuko dituzte

Ukrainak eta Errusiak adostu dute gerrako beste 214 preso trukatuko dituztela, Denis Puxilin Donetskeko Herri Errepublikako buruzagiak Telegram bidez jakinarazi duenez.

Hirugarren trukea litzateke, gaur gauzatuko balitz; aurrekoa joan den urriaren 29an egin zuten, Puxilinen arabera, 50 atxilotu aldatu zituztenean —gehienak bi armadetako kideak ziren—. Urriaren 17an ere antzeko erabakia hartu zuten, eta, kasu horretan, 220 militar trukatu zituzten.

Bestalde, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak jakinarazi du ez duela topatu «aitortu gabeko jardun nuklearrik» Ukrainan. Herrialdeko hiru eremu aztertu ditu, azken asteetan Errusiak Ukrainari leporatu baitio «bonba zikinak» erabiltzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.