Gerra Ukrainan

Errusiak jakinarazi du zerealen esportazioen akordiora itzuli dela

Moskuk esan du «idatzizko bermeak» jaso dituela Ukrainako armadak ez dituela itsas korridoreak «helburu militarretarako» erabiliko.

Zerealen esportazioa kudeatzeaz arduratzen den Istanbulgo Koordinazio Zentroa, artxiboko irudi batean. ERDEM SAHIN / EFE
ander perez zala
2022ko azaroaren 2a
12:10
Entzun

«Nahikoa» berme dituela argudiatuta, Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi du zerealen esportazioen akordiora itzuli dela eta, beraz, gaurko eguerditik aurrera operazio horietan parte hartuko duela berriz ere. NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen bitartekaritzari esker aldatu du iritzia Vladimir Putin Errusiako estatuburuak, Defentsa Ministerioak azaldu duenez, «idatzizko bermeak» jaso baitituzte Ukrainak ez dituela itsas korridoreak «helburu militarretarako» erabiliko.

Moskuk iragan larunbatean eten zuen hitzarmena, Ukrainari leporatu baitzion bere itsas armadaren kontrako eraso bat egitea Sebastopolen, Krimean —besteak beste, itunaren parte zen minak detektatzeko ontzi bati—. Argudiatu zuenez, bonbardaketa horien ondorioz, ezinezkoa zen merkataritza itsasontzien segurtasuna bermatzea, eta, beraz, akordio hori ezartzeari utzi zion, behin-behinean.

Hitzarmenaren beste sinatzaileek, ordea, aurrera jarraitu zuten, eta zerealez beteriko zenbait ontzi Ukrainatik atera dira egunotan ere; horiek aztertzeaz arduratzen den Istanbulgo Koordinazio Zentroak, gainera, lanean jarraitu du, Errusiako ordezkaritzaren parte hartzerik gabe. Denera, uztail amaieran ituna adostu zenetik hona, bederatzi milioi tona labore baino gehiago atera dira Ukrainatik mundura, eta, NBEren idazkari nagusi Antonio Guterresen arabera, horrek 10 milioi lagun pobreziatik «salbatu» ditu.

Errusiako Defentsa Ministerioak zera azaldu du jarrera aldaketaz: «Posible izan da beharrezko idatzizko bermeak jasotzea Ukrainaren partetik: korridore humanitarioa eta Ukrainako portuak ez dituela erabiliko Errusiako Federazioaren kontrako operazio militarrak egiteko. Errusiako Federazioak uste du orain jasotako bermeak nahikoa diruditela, eta akordioa ezartzeari ekingo dio». Hala, Amir Abdulla NBEren akordiorako arduradunak pozez hartu du Moskuren erabakia, eta Turkiari eskerrak eman dizkio bitartekari lanak egiteagatik.

Errusiako Gobernuaren iragarpenaren aurretik, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak atzo gauean esan zuen laboreak esportatzeko korridoreak «luzera begirako babes sinesgarria» behar duela, eta Putini ohartarazi zion munduaren arbuiatzea jasoko zuela jarrera aldatuko ez balu.

Ituna uztailaren 22an adostu zuten, eta azaroaren 19an amaituko da. Berez, aldeetako inork kontrako argudiorik ez badu, espero da arazorik gabe luzatuko dutela; are gehiago, kontuan harturik Errusiak jarrera aldatu duela, eta itunean parte hartzeari ekin diola berriz ere. Halere, Moskuk kezkak helarazi ditu bere elikagaien eta ongarrien esportazioen egoeragatik, eta horiek hizpidera ekarriko ditu hitzarmena berritzeko negoziazioetan.

Hesi bat Kaliningradeko mugan

Poloniako Defentsa ministro Mariusz Blaszczakek jakinarazi du hesi bat eraikitzen hasi direla Errusiarekiko mugan, uste baitute Moskuk migrazioa erabili nahi duela bere herrialdea «desegonkortzeko».

Duela gutxi, Ekialde Hurbila eta Afrika iparraldea Kaliningrad eskualdearekin (Errusia) lotzen dituen hegaldi batzuk hasi dira, eta, hori argudio hartuta, Blaszczakek esan du beharrezkoa dela iparraldeko «mugako segurtasuna handitzea». Poloniako Defentsa ministroaren arabera, hesia behin-behinekoa izango da, 201 kilometro ingurukoa eta 2,5 metroko garaiera izango du.

Varsoviak iragan astean eman zuen eraikuntza horretarako asmoen berri. Hori ikusirik, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak «ergelkeriatzat» jo zuen, eta erantzun zuen «langa guztiak erori egiten direla».

Duela urtebete inguru, larrialdi egoeran egon zen Polonia, hainbat migratzaile mugan elkartu baitziren Europako Batasunean sartzeko. Ekialde Hurbileko bidaia agentzien laguntzarekin, turista bisak jasota iristen ziren Bielorrusiara, eta, Europako Batzordearen ustetan, Minskek laguntza eman zien bi estatuen arteko mugara ailegatzeko.

Gertakari horrek krisi bat eragin zuen bi herrialdeen artean, eta Varsoviak Bielorrusiarekiko mugan hesi bat eraikita erantzun zuen, migratzaileek sarrera debekatzearekin batera. Orain, uste du Errusiak estrategia bera erabil dezakeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.