ZUBIETAKO ERRAUSTEGIA

Dioxina eta metal astunak dituzten urak Zurriolara isurtzeko baimena eskatu du GHK-k

Erraustegiak isurtzen dituen urak saneamendu sistemarekin konektatu nahi ditu. GuraSOSek ohartarazi du ingurumen baimenek ez dutela halako isurketarik onartzen.

Joxemari Izeta GuraSOSeko lehendakaria eta Joseba Belaustegi, elkarteko kidea, GuraSOSek gaur goizean Usurbilen egindako agerraldian. JON URBE/FOKU
jone arruabarrena
2022ko azaroaren 3a
14:08
Entzun

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak baimena eskatu dio Uraren Euskal Agentziari Zubietako erraustegitik Arkaitzerrekara isurtzen diren urak ponpatu eta saneamendu sistemarekin konektatzeko, Añarbeko hodi biltzailearen bidez. GuraSOSek GHKren asmoak salatu ditu gaur Usurbilen eman duen prentsaurreko batean, eta esan du ponpaketa sistema hori eraikitzeko 369.087, 50 euroko aurrekontua izango duela, eta bi hilabeteko epean egitea aurreikusten dela. Plataformak azaldu du ponpatutako ur hori Monpaseko hustubidetik irtengo litzakeela, Donostiako Zurriolako hondartzaren ingurura.

Loiolako Hondakin Uren Araztegitik igaroko litzateke ur hori lehenengo, baina GuraSOSek ohartarazi du araztegi horretan ezarritako sistema ez dela egokia elementu horiek uretatik kentzeko.

Era berean, adierazi du GHK-k egin duen eskaeran baieztatzen dela gaur egun isurtzen den ura ez dela «ibaiarentzat egokia»: «Eusko Gobernuko Ingurugiro Sailburuordetzaren eskuetan dauden GHK-k berak eskatutako txosten publikoek frogatzen dute azken bi urteetan dioxinak eta furanoak aurkitu direla lurrazpiko ur horietan, onartutako kutsakortasun maila gogorreko balioak baino 34 eta 62 aldiz handiagoak, neurketen arabera». Gaineratu dute, horrez gain metal pisutsuak, amonioa, kloruroak, fenolak eta hidrokarburoak ere aurkitu dituztela, eta horiek ohikoak direla hondakinen errekuntzan.

Ingurumen baimenik ez

Horrez gain, GuraSOSek salatu du Ingurumen Baimen Bateratuak, Ingurumen Inpaktu Adierazpenak eta Añarbeko uren hodi biltzaileak ez dituztela aurreikusten «halako ezaugarriak» dituen isurketarik.

Plataformak duela aste batzuk adierazi zuen GHK-k baieztatu egin zuela likido arriskutsuak kanpora jariatzen dituen tutu bat eraiki dutela. Hain zuzen, horri buruzko ikerketa bat zabaldu du Fiskaltzak.

GuraSOSek, berriz, agintariei eskatu zien erraustegia «lur azpiko uretan agertu den dioxina kutsaduraren iturria ez dela» egiaztatu arte instalazioa «berehala» ixteko. Horrez gain, Zubietako planta irekita mantentzeko baldintza gisa jarri zuen erraustegiak isurtzen dituen substantzia arriskutsuek marra gorri batzuk igarotzen dituztenerako sistema automatiko bat izan dezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.