Iñaki Berhokoirigoin

«Inportantea da mendia zintzoki erabiltzea»

Lurrama laborantza azoka Miarritzera itzuliko da azaroaren 10ean, 11n eta 12an. Usaiako merkatuaz, kontzertuez eta bestaz gain, mendia eta bortuko elkarbizitza hautatu du aurtengo eztabaidarako gai gisa. Lurrama elkarteko lehendakaria da Behrokoirigoin

Iñaki Etxeleku.
2022ko azaroaren 4a
11:23
Entzun

Duela zazpi urte Maryse Cachenauten segida hartu zuen Iñaki Berhokorigoinek (Gamarte, 1979) Lurrama elkarteko lehendakaritzan. Aitzinekoak bezainbat egitea aurreikusi zuen. Epea baino gehiago, uzteko momentu ona hautatu behar dela dio: “Utzi behar da segida sendi delarik, eta hor badaiteke segidarik”. Iazko Lurrama berezia izan zen, Arbonako lur okupatuetan egin baitzen, hango borrokari bururapena emateko. Heldu diren azaroaren 10ean, 11n eta 12an, lehen bezala, Miarritzeko Irati gelan eginen da.

Iaz, pandemiako baldintzen pean, laborantza lurren defentsan Arbonan egin zen Lurrama. Aurten, egoera normaltzearekin Miarritzera itzuliko da. Zer funtzio ikusten diozu Lurramari, gaur egun?

Hastapeneko eta betiko funtzioa atxikitzen du: kostaldeko eta barnealdeko bi munduen elkartzea. Batak bestea hezten eta hazten baitu. Gero, nahitaez Euskal Herriko Laborantza Ganbera da horren gibelean, Arrapitz sareko beste hainbat elkarterekin partaidetzan; beraz, urte guzian egiten den lanaren erakustazoka da. Hautetsiei begira, gaiaren mantentzea ere bada. Eta momentu goxo baten pasatzea besta eta lagun giroan. Badira kritikatzen dutenak, baizik eta bestak sobera leku hartu duela, eta ez ote duen Lurramak bere izatetik galtzen.

Bizkitartean, Biarritzerat itzuliko zinetela argi zenuten?

Iazkoa, Arbonako borrokari sostengua emateko antolatua zen, eta Miarritzen normalki egiteko baldintzak ez ziren beteak pandemia zela eta. Nik ere maitatu dut Arbonako esperientzia; bazen halako desobedientzia eta erradikaltasun aire hori, baina Lurrama Miarritzeko Iratin egiteak hunkitzen du publiko zabal bat, BABen bizi dena eta ez dena batere euskal munduan nahasten.

Zergatik hautatu duzue bortuaren gaia, orain?

Egia da. Zergatik orain, eta ez lehenago, jakinez mendialdean bizi garela? Normalki, Jura eskualdea jin beharra zen 2020an, baina ezeztatu zen pandemiagatik. Halere, hango delegazio polit bat jinen da. Aurtengo, hurbilago diren Pirinioetako beste laborari batzuekin egin dugu lotura eta mendiaren gaia atxiki. Ari ginen ere gerla garai hauetan, klima aldaketako giroan, arintasun pixka bat ekartzen duela.

Zer erran nahi duzue mendiari buruz?

Gai horrek laborari mundua hunkitzen du, baita hiriko jendea ere. Nahitaez, erabiltzaile diferenteak badira mendian. Eztabaida bada, jada: norena da mendia? Norentzat? Zer beharrentzat? Eta mendia hemengo laborantzaren oinarrian da. Bortua edo mendixkak frankok erabiltzen dituzte. Gero, eztabaidak izanen dira otso eta hartzarekiko elkarbizitzaz, historiaurreko mendiaz. Sentsibleak zaizkigun gai batzuez solastatzeko aukera ematea bada helburua.

Diru prima iturri ere izan daiteke bortua laborarientzat?

Egia da zenbaitek hori dutela motibazioa, eta hori kaltegarri da laborantzarendako. Sosak ez du bakarrik alde onik. Batzuek usaiak eta izatea galduko dituzte diru gehiagoren ukaiteko, eta hor zure izatea da aldatzen, eta harekin laborantza. Laguntzak izan daitezen nekezian direnentzat, beharrezkoa da. Baina inportantea da mendia zintzoki erabiltzea: etxaldearentzat lagungarri izateko, kanpoan eginahala bazka guti erosteko, mendia garbirik atxikitzeko. Erakutsiko da hemen praktika diferenteak ere badirela, bortuan lan nekea galdegiten duten guneak badirela eta araberako laguntzak behar direla. Beti, neurria eta oreka zainduz.

Turismo sailak mendiarekin dituen egitasmoek zer heinetaraino baldintza dezakete bortuaren geroa?

Turismoa lurralde guzira hedatu nahi da urte guzian. Bizikleta zirkuituak egiten dituzte eta istorio. Ez dakit zenbateraino arrisku bat den. Gauzak neurrian eta lekuko erabiltzaileen errespetuan egin behar dira. Gero, laborariak behar gara nonbrean izan mendiguneetan bizia zaintzeko; bestela, gure jendetza ttipituz, eremua utziko da, eta beste erabiltzaile batzuek erabiliko dute, arrazoiarekin. Laborariak bizi diren eremu bat baldin bada, masa turismoak gehiago kontuan hartu beharko gaitu. Desertua baldin bada, ez dute nehor trabatuko. Baina, bestalde, laborariek ezin dituzte kanpokoak errefusatu.

Etxalde anitzen segida ez delarik bermatua, laborari kopurua ttipituz doa alta?

Alimaleko desafioa da; hamarkada honetan berean. Lurrama ez dela aski engaiatua kritika egiten dutenei pentsatuz, ari nintzen: laborantzan engaiatzea funtsezko engaiamendua dela. Lurralde batean kokatzen zara, luzerat zure ideiak garatzen ahal dituzu, kalitatezko janaria ekoizten ahal duzu, lurra landu, iraunarazi, haziak bildu eta arralandatu. Laborariak behar ditugu, eta atzematen dut ez dela aski jende engaiatzeko prest. Plazer nuke etxalde bat libratzen den aldi oro balira hamar hautagai, eta, orotarik, biga seriosak izan daitezen, hor kokatzeko prest.

Lurrerat itzultzeko gutizia erakusten duen olde berri horretatik?

Balitz mugimendu bat jendea lurrerat berriz jinarazteko, jende frankok laborantza gustukoa lukete. Balitz nahikaria zinez laborari nonbrea emendarazteko martxatzen ahal litzateke. Baina orokorki ez da halakorik sendi laguntza sistemetan. EHLGk eta gure sareak lan bat egin dezake hautagai gehiago izateko; ofizioaren promozio bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.