Hilberria

Jean Pier Mendiburu Etxeberri bertsolaria zendu da

Jean Pier Mendiburu Etxeberri zena Nafarroako bertsolari txapelduna izan zen bi aldiz, eta finaleraino heldu zen hamar txapelketatan. Bertsopaperak idatzi zituen, bai eta bi liburu karrikaratu ere.

Jean PIer Mendiburu Etxeberri bertsolaria. IñAKI LINAZASORO
Ainize Madariaga
2022ko azaroaren 4a
13:22
Entzun

Jean Pier Mendiburu Etxeberri bertsolaria, Mendiburu ezizenez ezagutua, zendu berri da bere etxondoan, Heletako (Nafarroa Beherea) Ospitalean. Laboraria izana da bizi guzian.

Bat-batekoan ez ezik, bertso paperak idazten ere aritu zen, eta hainbat sari irabazi zituen alor horretan. 1981ean eta 1984an, Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen. Baina txapeldunordea izan zen bertze bi alditan: 1982an eta 1991n. Finaleraino ere heldu zen hamar aldiz: 1980an, 1983an, 1985ean, 1986an, 1987an, 1988an, 1989an, 1993an, 1994an eta 1996an.

Bertsolari Txapelketa Nagusian hiru aldiz parte hartu zuen: 1982an, 1989an eta 1993an.

1978. urtean hasi zen bertsotan; Emile Larre eta Mixel Itzainak zuten akuilatu plazarat. 1967an zen lehentze agertu plazan, Aiherran (Nafarroa Beherea), Alkhat, Irigarai eta Arrosagarai kantukide zituela.

Geroztik, Xalbador, Mattin, Xanpun, Ezponda, Mixel Aire, Alkhat eta Lazkao Txikirekin aritu zen batez ere bertsotan.

Bertso sail asko idatzi zituen, eta, horietako batzuekin, sariak ere irabazi zituen.

Horrez gain, baditu hiru antzezlan idatzirik –bertzeak bertze, Gure borda (1969)–, bai bi liburu karrikaraturik ere: Bertsutan ariz ikasten (Bertsularien Lagunak, 1984) eta Ene bertsuen feiria (Sendoa, 2007).

Eñaut Mendiburu eta Maria Etxeberriren semea zen, eta 1948an sortu zen, Heletan. Aiherrako Jacqueline Etxeberrirekin ezkondu zen 1972an, eta Mirentxu izeneko alaba ukan zuten.

Hauek ditu bertso ezagunetako batzuk: Arrosako zubian eta Sentimentu batzuk –horiekin, Xenpelar sariketako lehen saria irabazi zuen 1974an–; Gure alaba;Ene andre gai zena; Telesforo Monzon; Haur botatzea –1976an saritua–; eta Ari ari Europan sartzen –1988an saritua–.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.