Kolonbia

Kolonbiak arautu egin ditu talde armatuekiko bake elkarrizketak

Kolonbiako Diputatuen Ganberak eta Senatuak baiezkoa eman diote erabateko bakearen legeari. Negoziazioen bidez gatazka armatuari irtenbidea eman ahal izatea da legearen helburuetako bat.

Ivan Cepeda senataria 'Erabateko bakea' jartzen duen kartel bat eskuan duela, abuztuan, Kongresuan, Bogotan. CARLOS ORTEGA / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 4a
13:28
Entzun

Kolonbiako Diputatuen Ganberak eta Senatuak erabateko bakearen legea behin betiko onartu dute gaur, eta, beraz, Kolonbiako presidente Gustavo Petroren gobernuak baimena izango du narkotrafikoarekin lotutako talde kriminalekin eta erakunde armatuekin negoziatzeko, «erabateko bakea» lortzeko helburuarekin; besteak beste, ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako disidentziekin. Lege horren bitartez, gainera, gobernuak negoziazioen «erdigunean» ezarri nahi du komunitate osoa.

Petrok ekain amaieran presidentetzarako bozak irabazi aurretik, «erabateko bakea» lortzeko proposamen bat aurkeztu zuen hauteskunde kanpainan, erakunde armatu eta politikoekin bake elkarrizketak hasteko eta herrialdeak 50 urte baino gehiagoz jasandako «sarraskia» amaitzeko, El Tiempo egunkariak jasotakoaren arabera. Gatazkak 500.000 lagun hil ditu, eta milioika desplazatu.

Legea indarrean jarrita, Kolonbiako Gobernuak ahalmena izango du bake negoziazioak abiatzeko, ELNrekin eta FARCeko disidentziekin, besteak beste. Halaber, elkarrizketak has ditzake talde kriminalekin ere, hala nola Golkoko Klanarekin; zehazki, talde horretako liderrek eta kideek «onura batzuk» jaso ahal izango dituzte, hala nola espetxe zigorrak murriztea eta estradiziorik ez egitea, kokaina esportatzeko ibilbideen berri eta legez kanpo lortutako aberastasunen zati bat ematearen truke.

Erabateko bakearen legeak funts bat sortzea ere aurreikusten du, indarkeriak jotako eremu baztertuetan inbertsio soziala bermatzeko. Ivan Cepeda senatariak El Espectador egunkariari azaldu dionez, «kontzeptu horrek, legez kanpoko talde armatuekin aldi berean hitz egitea ez ezik, Kolonbian bake prozesuak izan direnaren logika haustea ere badakar».

Irail amaieran, Kolonbiako Bake ordezkariak jakinarazi zuen herrialdeko legez kanpoko hamar erakundek bat egin zutela su etenarekin, «erabateko bakea» lortzeko asmoz. Bogotan emandako prentsaurrekoan, adierazi zuen erakunde horien artean daudela FARCeko disidentziak, Estatu Nagusi Zentrala, Golkoko Klana eta Santa Martako Sierra Nevadako autodefentsak. Petroren gobernuko ordezkariek elkarrizketak izan dituzte jada talde armatu horiekin.

«Estatu batek tranpak jartzen badizkio estatuak berak sinatutako bake prozesu bati, indarkeria eraikitzen ari da. Amaiera eman behar zaio horri. Nahikoa da», esan zion Petrok Noticias de Caracol egunkariari, talde armatuekin bake elkarrizketak izateko eta negoziatutakoa betetzeko proposamenari buruz mintzatu zenean.

Erabateko bakearen legeak zera proposatzen du: gobernu nazionalak berariaz baimendutako ordezkariek elkarrizketak egin ahal izatea legetik kanpo antolatutako egitura edo talde armatuekin; negoziazio horien bidez, gatazka armatuari irtenbidea eman ahal izatea, nazioarteko zuzenbide humanitarioa eta giza eskubideak errespetatzea, liskarrak etetea eta indarkeriazko erakunde horietako kideak gizarteratzea; elkarrizketak hasi ondoren, bertan behera uztea erakunde armatuen ordezkari diren kideen aurka emandako atxilotze aginduak, haien segurtasuna errespetatzeko.

Bestalde, «bakerako gizarte zerbitzua» ezarriko dute derrigorrezko soldadutzaren ordez. Zerbitzu horretan, gazteek alfabetatze digitala sustatu beharko dute landaguneetan edota hiriguneetan. Halaber, gatazka armatuaren biktimei lagundu beharko diete, eta natura eta biodibertsitatea zaintzeko lan egin beharko dute, besteak beste.

Jarraipena ematea, funtsezkoa

Gobernuak talde armatuekin egiten dituen negoziazioen arauak ezartzen dituen lege proiektuaren harira, Kolonbiako Barne ministro Alfonso Pradaren arabera, bake politikak «lehentasunezkoa» izan behar du estatu gaietan, eta «zeharkako» herrialdeko beste gaietan. «Ekimenak funtsean egiten duena da bake politika estatu politika bihurtzea». Hau da, ministroaren arabera, bake akordioek «izaera loteslea» izan behar dute, horiek ezartzen diren bitartean eten ez daitezen, «Ivan Duqueren agintaldian [2018-2022] gertatu zen bezala».

Etorkizunari begira, Pradaren iritziz, hurrengo agintaldian izango den gobernuak jarraipena eman behar dio abiatu diren bake prozesuei. «Ez baita soilik gobernu bakar baten ahalmen esklusiboa, baizik eta konstituzio eta estatu politika bat», zehaztu du.

Erreakzioak

Erabateko bakearen legeak alde bateko zein besteko erreakzio soka eragin du. Zentro Demokratikoa oposizioko alderdiak esan du lege hori «kriminalitatearen apologia» dela. «Gure lege esparruari iseka egitea da». Alderdi eskuindarrak talde armatuetako kideak atxilotzeko aginduak kentzearen aurkako jarrera azaldu du. Halere, HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak begi onez hartu du Petroren erabateko bakearen proposamena. HRWen arabera, erabateko bake politikak behar bezala egituratzen badira, giza eskubideen arloan aurrerapausoak lortzeko lagundu dezakete indarkeria jasan duten Kolonbiako eskualdeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.