Musika

Mimi Parker musikaria hil da, 55 urterekin

Perkusio jotzaile eta abeslariak Low taldea sortu zuen, 1993an. Euskal Herrian 2019ko ekainean jo zuen azkeneko aldiz, Miarritzen, Anarirekin. Parkerren minbizia zela eta, bira bertan behera utzi behar izan zuen taldeak.

Edu Lartzanguren.
2022ko azaroaren 7a
08:51
Entzun

Low taldearen erdia zen Mimi Parker kanta sortzaile, abeslari eta perkusio jotzailea. Alan Sparhawk senarrarekin batera, Low taldea sortu zuen, 1993. urtean, Duluthen (AEBetan), Bob Dylanen jaioterrian. Grunge mugimendua zen nagusi orduan musika eszenan, eta bikoteak pentsatu zuen interesgarria litzatekeela musika lasaia jendaurrean jotzea, kontraste gisa. Geroztik, musika independentearen talde ausartenenetako bat garatu zuen Parkerrek, eta azkeneko bi diskoetan esperimentaziora ere jo du, distortsioan oinarrituriko soinu bereziarekin.

Euskal Herrian 2019ko ekainean jo zuen azkeneko aldiz, Miarritzen (Lapurdi), Anarirekin emandako kontzertu batean. 2020. urteko abenduan obarioetako minbizia diagnostikatu zioten, eta tratamendua hasi zuen iaz. Baina urte hasieran, Hey What diskoa aurkezteko bira bertan behera utzi behar izan zuten, Parkerren gaitzak okerrera egin baitzuen. Taldearen 13. diskoa da.

Soinu bereziaz gain, taldeak ezohiko konfigurazioa izan du. Parkerrek perkusio tresna minimalista jotzen zuen, eta, askotan, zutik, Velvet Undergroundeko Moe Tuckerren estiloan. Horrez gain, ahots protagonista zen, Sparhawkekin batera.

Steve Albini ekoizleak lan egin zuen haiekin 1996ko Transmission disko laburrean, eta Secret Name (1999) eta Things We Lost in the Fire (2001) luzeetan, eta musikaria gogoratu zuen atzo sare sozialetan. Parkerren «ahotsaren soinuak neure oroimenean egiten du oihartzun, eder eta zirraragarri».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.