Barrionuevoren adierazpenak

EAJk eta EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkiote Bolañosi, Barrionuevoren adierazpenen harira

Jose Barrionuevok gerra zikina aitortzen dueneko adierazpenek erreakzio andana eragin dute. Foro Sozialak gutun bidez eskatuko dio Pedro Sanchezi estatuko aparatuek eragindako mina aitortzeko.

Segundo Marey hendaiarra bahitu zuen 1983ko abenduaren 4an.Irudian, Marey, askatu berritan. DANIEL VELEZ
Edu Lartzanguren - Iosu Alberdi
2022ko azaroaren 7a
09:16
Entzun

Jose Barrionuevo PSOErekin Espainiako Barne ministroa izan zenari eta Segundo Mareyren bahiketarengatik kondenaturikoari eginiko elkarrizketa bat argitaratu zuen atzo Madrilgo El País egunkariak. Barrionuevok gerra zikinean izan zuen eginkizuna aitortu du, eta delitu gehiagoren berri eman: besteak beste, Jose Maria Larretxea ETApm-ko kidea bahitzeko agindu zuela. Horri erantzunez, EAJk eta EH Bilduk Espainiako Presidentetza ministro Felix Bolañosi azalpenak eskatu dizkiote, argitu dezan ea Memoria Demokratikoaren Legea baliatuko ote duten Barrionuevok azaldutako gertaerak ikertzeko. Foro Sozial Iraunkorrak, berriz, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezi mintzatu zaio. «Keinu argi bat» eskatuko dio, onartu dezan «Espainiako Estatuak giza eskubideen urraketa larriak egin zituela indarkerien zikloaren testuinguruan».

Ikusi gehiago:Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohiak gerra zikina antolatu zuela aitortu du

EAJk Senatuan egingo dio galdera Bolañosi. Estefania Beltran de Heredia eledunak galdetuko dio ea «legitimoak eta demokratikoak» iruditzen zaizkion Barrionuevok azaldutakoak, eta ea Memoria Demokratikoaren Legeak jasotako batzordeak ikertzeko modukoak iruditzen ote zaizkion. EH Bilduk, berriz, Kongresuko Konstituzio Batzordean parte hartzeko eskatu dio ministroari, galdera berari erantzuteko. Koalizio subiranistak Barrionuevoren parte hartzea ere exijitu du. Hari leporatu dio, GALen ekintzetan «parte hartze zuzena bere gain hartzeaz gain», «estatu terrorismoko ekintzak babestu» izana.

«Marey askatzea agindu bazuen, Larretxea ere bahitzen saiatzea agindu zuelako agindu zuen, eta gainerakoak hiltzea GALen izenean», idatzi du sare sozialetan Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. «Noizko estatuaren urriaren 18ko adierazpena?».

Sanchezi helarazi dio mezua Foro Sozial Iraunkorrak ere, estatuaren biktimei eragindako mina aitortzeko urrats bat eskatuta. Izan ere, biktimak «birbiktimizatzea» leporatu dio Foro Sozialak Barrionuevori. Halere, «positiboki» baloratu du haren adierazpenek eragindako erreakzioa: «Egia da oraindik oso urrun gaudela birbiktimizazioa ETAren biktimen kasuan izan balitz gertatuko litzatekeenetik, baina, halaber, egia da oraingoan eragile gehienek jarrera irmoa agertu dutela Barrionuevoren adierazpenen aurrean». Uste du biktimen arteko desberdinkeria bukatzeko urratsak egin direla, nahiz eta «bide luzea» geratzen den egiteko.

Erreakzio horren adibide dira Euskal Herriko alderdi politiko eta instituzio nagusietako ordezkariek egindako adierazpenak. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiria Radio Euskadin elkarrizketatu dute, eta, aferaz galdetuta, esan du Barrionuevoren adierazpenek «biktimak umiliatu» egiten dituztela: «Barrionuevok iradokitzen du bazekitela estatuaren indarkeria terroristaren berri, Frantziako Gobernuak estu hartu zituenean baino ez zutela erreakzionatu, eta Poliziak ez zuela egoki jokatu. Biktimen lekuan jarrita, umiliazioa da senti daitekeen bakarra».

Horren inguruan «denek» zerbait esan behar dutela uste du Zupiriak, baina ez du zehaztu Sanchezek ere horren inguruan adierazpenen bat egin behar ote duen: «Niri ez dagokit hori esatea. Uste dut adierazpen horiek jende asko interpelatzen dutela, bereziki gobernu ardurak ditugunok». Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, berriz, salatu egin du «aitorpena», eta «sentsibilitate politiko guztiek erantzutea» espero duela gaineratu du.

PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak, berriz, «gaitzetsi» egin ditu Barrionuevoren adierazpenak: «Onartezinak dira, demokraziaren eta zuzenbide estatuaren aurkako gertakari larriak eta nazkagarriak justifikatu nahi dituztenak». Anduezak salatu du «bidegabeak» direla biktimei mina eragiten dietelako, eta «izugarri sufritu duen gizarte baten» aurka doazelako. Era berean, adierazi du justiziak ebatzi beharko duela hitzok erantzukizunik izan behar ote duten. Anduezaren hitzetan, PSE-EEk «egia, justizia eta erreparazioan aurrera egitera» bideratu du bere jarduna, eta «sozialistei esker» existitzen dira «biktima guztiak aintzat hartzen dituzten arauak». Hala, esan du ez duela zentzurik «ETAren terrorismoa gaitzesten ez duten alderdien apelazioek».

Biktimak, minduta

Maria Jauregik adierazi du «barrenak nahastu» dizkiola ministro ohiaren adierazpenak irakurtzeak. Espainiako Gobernuari eta Sanchez presidenteari galdetu die ea ez ote duten esatekorik. Maider Garciak, GALek hildako Juan Carlos Garcia Goenaren alabak, berriz, hitzak sobera daudela adierazi du. «Berriz ere, estatuaren terrorismoaren biktimak umiliatzen dituzten egitateen aurrean gaude. Noiz arte jasan beharko dugu hau?».

Ikusi gehiago:GALi buruzko webgune berezia (2014)

Bide beretik, Fernando Buesa fundazioak adierazi du GALen biktimentzat «iraingarria eta mingarria» dela elkarrizketa irakurtzea. Tamara Muruetagoienak, Guardia Zibilaren torturen ondorioz hildako Esteban Mururetagoienaren alabak, «besarkada bat» bidali die GALen biktimei: «Duela 40 urte, El País-ek nire aitaren heriotzaren inguruan desinformatu zuen, nik egiara eta justiziara sarbidea izatea zailduz. Gaur, terrorista zaharkituak elkarrizketatzen ditu, hainbeste biktima minduz. Lotsagarria da».

Egiari Zor fundazioak, zeinak Espainiako estatu terrorismoaren biktimak biltzen baititu, salatu du Espainiako Estatuak eginiko edo babesturiko indarkeriak ez duela ekarri espetxe zigorrik egileentzat. «Gatazkaren testuinguruan ezarritako justizia eredua erabat desorekatuta egon da. Batzuentzat, zigorgabetasuna; besteentzat, legearen pisu guztia».

Iñaki Galdos Irazabalek gogoratu du Barrionuevo PSOEren ospakizun ofizial batean egon zela duela astebete.

Ikusi gehiago:GALen erasoak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.