Mexikon bi gizon atxilotu dituzte desagertutako bi euskal herritarren hilketaren harira

«Banda batek egindako» homizidio batean parte hartzea egotzita atxilotu dituzte, Mexiko erdialdean. Hemeretzi egun igaro dira bi lapurtarrak hilda aurkitu zituztenetik, Yucatanen.

Assya Madjour eta Michel Amado lapurtarrak, senideek zabalduriko irudi batean. BERRIA
Julen Otaegi Leonet.
2022ko azaroaren 7a
16:25
Entzun

Yucatango Estatuko Fiskaltza Nagusiak eta Segurtasun Publikoko Idazkaritzak jakinarazi dutenez, 34 urteko gizon bat eta 41eko beste bat atxilotu dituzte Mexikon, joan den urrian hilda aurkitu zituzten bi euskal herritarren hilketan parte hartzea egotzita. Segurtasun indarrek «banda batek egindako» homizidio gisa izendatu du hilketa, lortutako datuen arabera. Atxilotuak «ihesi» ibili dira estatuz estatu, eta Mexiko erdialdean atzeman dituzte. Hain zuzen, Guanajuato estatuan atxilotu dute bata, eta Queretaro estatuan bestea. Hau da, bi gorpuak aurkitu zituzten lekutik (Yucatandik) gutxienez 1.600 kilometrora.

Donibane Lohizunekoa zen bata, eta Ziburukoa bestea: Michel Amado, 57 urtekoa, eta Assya Madjour, 50ekoa. Irailaren 12tik, senideek ez zuten bikote lapurtarraren berririk izan. Chiapas estatuan omen zeuden bidaiatzen, Mexiko hego-ekialdean. Hilabete geroago aurkitu zituzten hilotzak, Yucatan estatuan; hain zuzen, Valladolid hirian —han bizi ziren biak—. Hango hotel batean topatu zituzten; bikotearen jabetzakoa zen hura.

Horiek horrela, 53 egun igaro dira hildakoen senideek desagertzearen berri eman zutenetik, eta 19 hilotzak aurkitu zituztenetik. Yucatango Fiskaltzaren eta Segurtasun Sailaren arabera, «ustezko hiltzaileek, bikotearen sakelako bat erabiliz, Chiapasen bidaiatzen ari zirela sinetsarazi zieten mezuen bidez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.