Ondarea

Juan San Martinen obra osoa digitalizatu dute

Idazle, euskaltzain eta ikerlariaren 1.314 idazlan sareratu dituzte guztira. Jakin fundazioarekin ekimenez eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Eibarko Udalaren laguntzarekin osatu dute lana.

Juan San Martinen obra digitalizatuaren aurkezpena, gaur goizean, Eibarren (Gipuzkoa). GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
itziar ugarte irizar
2022ko azaroaren 7a
18:22
Entzun

Literatura, arkeologia, etnografia, mendizaletasuna, euskara... Hamaika arlotatik edaten duen obra utzi zuen Juan San Martinek (Eibar, Gipuzkoa, 1922 - Hondarribia, Gipuzkoa, 2005), eta ugaritasun hori bezain aipagarria da noiz eta nola trebatu zen, frankismoaren baldintza hertsietan eta modu autodidaktan jardun baitzuen denbora luzez. Jakin fundazioaren ekimenez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Eibarko Udalaren laguntzaz, haren obra osoa digitalizatu dute orain, eta, guztira, San Martinen 1.314 idazlan jarri dituzte irakurgai sarean, Jakinen webgunean —25 liburu eta 1.179 artikuluren PDFak, besteak beste—. Eibarren egin dute proiektuaren aurkezpena, gaur goizean.

Eibarren hazi zen San Martin. Handik ihes egiten ahalegindu zen familiarekin 36ko gerra piztean, baina, kolpistek harrapatu, eta buelta egin behar izan zuten herrira —etxea suntsituta topatu, eta osabarenean berrekin zioten bizimoduari—. Egunez tornuan eta gauez eskolan aritu zen ikasten, sarri mendira igoz, toki libreago baten bila. Lehen idatziak Pirenayca aldizkarian argitaratu zituen, hain justu, eta, idazten gaztelaniaz hasi bazen ere, soldaduskan euskaltzaletasuna piztu, eta euskararako itzulia egin zuen.

Mendizaletasunetik arkeologia eta etnografiara, eta euskaltzaletasunetik literaturaren azterketara, olerkigintzara eta kulturgintzara hedatu zuen bere lana San Martinek, eta Euskal Herriko agerkari entzutetsuenetan idatzi zuen 1950eko hamarkadatik aurrera; Anaitasuna-n, Euzko Gogoa-n, Euzko Deya-n, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra-n, Arantzazu-n, Jakin-en, Karmel-en, Olerti-n eta Zeruko Argia-n, esaterako.

Karguak eta olerkiak

Euskaltzaindian ere lorratza utzi zuen izena da San Martinena. 1957an euskaltzain urgazle egin zuten, eta euskaltzain oso 1964an. Tarte horretan argitaratu zuen, hain zuzen, bere lehen liburua, Juan Antonio Mogel eta Urkitza. Bere bizitza ta lanak (1959), eta garai bertsukoak dira Otsalar ezizenarekin sinatu zituen hainbat poema ere — Rilke, Shakespeare, Garcia Lorca eta Brecht ere euskaratu zituen, besteak beste—. Euskara batuaren defentsa irmoa egin zuen beti, eta Euskaltzaindiko idazkari izan zen 1967tik 1978ra bitartean.

Bestelako karguak betetzea ere egokitu zitzaion aurrerago: EAEko lehen Arartekoa izan zen, baita Europako Ombudsmaneko burua ere. Bien bitartean, lanean segitu zuen bere intereseko eremuetan, eta hainbat omenaldi eta aitortza heldu zitzaizkion erretiroa hartu ostean. Eibarko Udalak eta UEUk Juan San Martin beka sortu zuten 2001ean, esaterako, eta urte bereko Durangoko Azokan, Argizaiola saria eman zion Gerediaga elkarteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.