Trans legea

Zenbait LGTBI kolektibok euskal diputatuei eskatu diete trans legea «berehala» onartzeko

Espainian tramitatzen ari diren arau hori gehiago ez atzeratzeko eskatu diete. Legearen bozketan transen eskubideak murrizteko zuzenketarik ez babesteko galdegin diete, eta, beharrezkoa balitz, boto diziplina hausteko.

LGTBI Harrotasunaren Nazioateko Eguna ospatzeko manifestazioa, Bilbon. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko azaroaren 8a
13:20
Entzun

Euskal Herriko LGTBI kolektibo batzuek manifestu bat adostu dute Espainiako Kongresuan tramitatzen ari diren trans legea lehenbailehen onar dadila eskatzeko, «epeak gehiago luzatu gabe». Talde hauek sinatu dute agiria: Loratuz lotu, Siendo Tu, Dekumas, Fenix, Lumagorri, Transkolore, Kattalingorri, EHGAM, Ozen LGTB, Sare Lesbianista eta Safikak taldeek. Agirian, hiru eskaera egin dizkiete Espainiako Gorteetan ordezkaritza duten euskal diputatuei. Batetik, trans legearen onarpena «bultzatzea» galdegin diete, «atzerapenik gabe» eta «egoeraren premia» kontuan hartuta. Bestetik, transen eskubideak zabaltzea helburu duten zuzenketak babesteko eskaera egin diete, eta, aldi berean, transen «eskubideak edo duintasuna» murrizten dituztenak baztertzeko. Legea bozkatzeko garaia iristen denerako, berriz, Hego Euskal Herriko diputatuei eskatu diete beren alderdien boto diziplina hausteko baldin eta beraien botoarekin araua oztopatuko edo transen eskubideak murriztuko dituen zuzenketaren bat onartzekoak badira. Are, PSE-EEko eta PSNko diputatuei eta senatariei eskatu diete transen eskubideak «beste interes batzuen gainetik» defendatzeko eta eskaera horiei atxikitzeko.

Izan ere, Madrilgo Kongresuan trans legeak «oztopo asko» gainditu behar izan dituela gogora ekarri dute kolektiboek agirian:«Lehenik eta behin, trans elkarteek 2021eko maiatzaren 17an proposatzen zuten testuaren tramitazioa baztertu zen. Ondoren, Ministroen Kontseiluak proposamen berri bat egin zuen, hasierako testuarekin alderatuta eskubideen murrizketa argia jasotzen zuena. Geroago, Estatu Kontseiluak hilabeteak behar izan zituen loteslea ez zen txosten bat egiteko, nahiz eta Berdintasun Ministerioak lege hori urgentziaz tramitatu. Azkenik, legebiltzarreko tramitazioa hasi da, etaalderdi sozialistak behin eta berriz luzatu du, eskuinaren eta ultraeskuinaren babesarekin».

LGTBI kolektiboek gogoratu dute ezen, legearen tramitazioa oztopatzen den bitartean, transek «indarkeria ugariri» aurre egin behar izaten dietela egunero. «Transfobia gure bizitza une oro zeharkatzen duen egiturazko indarkeria bat da; bai lanaren, eskolaren, osasunaren, erakundeen eta abarren esparruan». Horregatik, salatu dute legearen tramitazioa luzatzeak transen aurkako indarkeria areagotu baino ez duela egin: «Trans identitateak solasaldien xede dira, non mundu guztiak duen iritzia emateko eskubidea, eta hori gertatzen den bitartean, indarkeria giroa hazten doa gure aurka». LGTBI kolektiboek uste dute «gezurrez betetako eztabaida bat» sortu dela, transak baztertzeko helburu argiarekin.

Horren aurrean, «jarrera irmoa» izatea funtsezkoa dela esan dute agirian. «Trans kolektiboa eskubideen subjektu gisa aitortzea behar dugu, eta, horrela, indarkeria giro horri amaiera ematea. Ezinbestean, trans ume eta nerabeei, migratzaileei, eta bitarrak ez diren pertsonei eskubideak eman eta aitortu behar dizkiegu». Uste dute genero autodeterminazioaren eskubidea «inolako mugarik gabe» onartzea bermatu behar dela, eta gogora ekarri dute eskubide hori EAEko eta Nafarroako legeetan jasota dagoela. «Posible izan bazen Iruñeko eta Gasteizko legebiltzarraren gehiengo politikoak eskubide hori onartzea, zergatik orain ez da horrela?», galdetu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.