Musika

Imanol Larzabal oroitzeko ekintzak egingo dituzte ostiralean eta larunbatean

Imanolen jaiotzaren 75. urteurrena da aurten, eta omenaldia egingo diote: besteak beste, haren inguruko dokumental bat aurrestreinatu eta kontzertu bat eskainiko dute.

Imanol Larzabalen omenaldirako aurkezpen ekitaldia, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2022ko azaroaren 8a
15:53
Entzun

Etzi beteko dira 75 urte Imanol Larzabal abeslaria jaio zela —2004ko ekainaren 25ean hil zen—, eta, urteurrenaren karietara, hura oroitzeko omenaldia egingo dute ostiralean eta larunbatean: besteak beste, abeslariaren inguruko dokumental bat proiektatuko dute etzi, On Time ekoiztetxeak sortu berri duena, eta kontzertu berezi bat ere egingo dute larunbatean. Bederatzi artistak hartuko dute parte: Amaia Zubiriak, Olatz Salvadorrek, Maria Amolategik, Olatz Pratek, Joxan Goikoetxeak, Txema Garcesek, Iosune Marinek, Telmo Trenorrek eta Beñat Mujikak. Imanolen kantuen bertsioak egingo dituzte. Bi ekintzak Donostiako Lugaritz kultur etxeko Imanol Larzabal aretoan izango dira.

Kontzerturako sarrerak salgai daude Viktoria Eugenia antzokian, Antzoki Zaharrean eta Lugaritz kultur etxean, baita Donostia Kulturaren webgunean ere. Dokumentalaren emanaldia, berriz, doakoa izango da —gonbidapenak eskuragai daude, toki beretan—. Larunbatean kantu jira eta herri bazkariaere egingo dituzte. Imanolen Lagunak kolektiboak antolatu du haren oroimenezko ekitaldia, Donostia Kultura bidelagun. Bestalde, Elkar argitaletxeak Imanol. Kantatzen du kantuz disko-liburua aurkeztuko du etzi; Imanolen ondarearen antologia biltzen du lanak.

Ez da lehen aldia Imanolen inguruko dokumental bat egiten dutena. Kasu honetan, hemeretzi pertsonaren lekukotzak bildu dituzte, eta bederatzi musikarirekin bertsioak sortu. Imanol: azken kontzertua izenburupean aurrestreinatuko dute. 70 minutu irauten du dokumentalak, eta sortzaile eta abeslariaren ibilbidearen errepasoa egiten du, «batez ere haren kultur ekarpenari garrantzia emanez». Lekukotzen artean, bat ekarri du gogora Joxan Goikoetxea musikariak, Xabier Amurizarena hain zuzen: «Hark esaten du: ‘Ez gara futurologoak, baina hemendik 40 edo 50 urtera zer geratuko den galdetzen badiogu geure buruari, nik ziur daukat: Imanolen ahotsa eta Imanolen kantuak'. Nireak egiten ditut hitz horiek».

Goikoetxearen arabera, garrantzitsua da perspektiba edo distantzia batetik neurtzea zein den Imanolek utzitako legatua, eta uste du, denboraren galbahea pasatuta, haren errepertorioko kantu «asko eta asko» geratu direla. «Bisio horrek ematen duen emaitza izan daiteke dokumentala». Aipatu duenez, hiru belaunalditako jendea agertzen da. Transmisioari ere garrantzia eman dio, eta poesia musikatzeko orduan Imanolek zuen abilezia goraipatu du. Baita lanerako zuen grina ere.

Iñigo Kintana aritu da dokumentala editatu eta muntatzeko lanetan, eta adierazi du Imanolen bizitza «bidaia» bat izan zela. «Horrela osatu eta tratatu dugu dokumentala». Hainbat kokaleku ageri dira. Piezarekin jendea hunkitu egingo dela iritzi dio.

Memoriaren alde

Imanol hil zen urtean eratu zuten Imanolen Lagunak elkartea, 2004an, helburu «argi» batekin: haren memoria aldarrikatzea eta egindako lana merezitako tokian jartzea. Maite Berzosa kolektiboko kideak esan duenez, «ahanzturaren kontrako jardunari» ekin zioten: «75 urte beteko zituen aurten, eta iruditu zitzaigun une egokia zela berriro halako omenalditxo bat egiteko». Haren auzoa, Antigua, eta aretoa aukeratu dituzte horretarako: «Haren kantuek aberastu egin gintuzten, eta hori da zabaldu nahi duguna».

Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotzia ere aurkezpenean izan zen atzo, eta adierazi zuen Donostia hiri «emankorra» dela sortzaileen aldetik: «Imanolek ere utzi zigun bere legatu propioa: musikala, intelektuala eta etikoa».
1969an grabatu zuen Imanolek bere lehen disko txikia, magnetofoi batekin, Antiguako parrokiako sotoan: Michel Etxegaray ezizenaz atera zuen, frankismo garaian. Diktadura betean, 1971n Ipar Euskal Herrira erbesteratu zen, eta Ziburun jarri zen bizitzen. Parisera ere joan zen sarri.

Bere ibilbidean, hainbat musika mota jorratu zituen: kantagintza, jazza, rocka, musika tradizionala... Harenak dira disko hauek, besteak beste: Herriak ez du barkatuko (1974), Lau haizetara (1977), Sentimentuen hauspoz (1979), Muga beroetan (1989) eta Versos encendidos (2003).

ETAko militantea izan zen 1976ra arte. 1986an, Dolores Gonzalez Katarain Yoyes ETAko buruzagi ohiaren hilketa zela-eta Ordizian kantatu zuen, eta, harrezkeroztik, haren kantaldi kopurua murriztu egin zen. Kantariari babesa eta elkartasuna azaltzeko, Beldurraren kontra kontzertua egin zen Belodromoan, eta Imanolen adiskideek eta Espainiako hainbat kantarik parte hartu zuten. Kontzertuaren antolakuntzak polemika bizia piztu zuen euskal kulturgileen artean. Euskal Herritik Alacantera (Herrialde Katalanak) joan zen bizitzera, eta Orihuelan hil zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.