Epaiketak

Castroko hilketaren egileak esan du ez ziola burezurrik eman bizilagunari

Carmen Merinoren aurkako epaiketa hasi da Santanderren. Haren bikotekide Jesus Mari Baranda bizkaitarra hil izana egozten diote.

Carmen Merino, gaur, Santanderren (Espainia) egiten ari diren epaiketan. PEDRO PUENTE HOYOS / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko azaroaren 8a
16:20
Entzun

Hasi da Santanderren Carmen Merinoren aurkako epaiketa. Fiskaltzak 25 urteko kartzela zigorra eskatu du harentzat, ustez Jesus Mari Baranda bizkaitarra hil eta burua mozteagatik. Haren bikotekidea zen Baranda, 67 urtekoa. Lehen saioan, ordea, hori egin izana ukatu zuen Merinok.

Akusatuak esan du ez ziola garezurra barruan zuen kutxarik eman bere bizilagun bati, eta Interneten ez zuela bilaketa susmagarririk egin. Ikerketak agerian utzi zuen, besteak beste, «gorpu batek zenbat denbora behar du desegiteko» eta halako bilaketak egin zituela Merinok, baita motozerra bat erabiltzeko argibideen inguruko bilaketak ere. Motozerra Barandak erosi zuela azaldu du, «altzari batzuk egiteko».

Kutxari dagokionez, adierazi zuen jostailu sexualez betetako nezeser bat utzi ziola bizilagunari. Epaiketan adierazi du nezeser hori bere senarrarentzako opari bat zela, etxera itzultzen zenerako. Lagunari zergatik utzi zion galdetuta, esan du lotsa ematen ziola Poliziak bere etxea erregistratu eta hori topatzeak.

Merinok gaur amaitu du bere deklarazioa, eta, jarraian, hainbat lekukok hitz egin dute. Azaldu dute txarra zela Merinoren eta Barandaren arteko harremana.

Ikerketaren arabera, diru kontuengatik hil zuen Merinok Baranda: hildakoak sei hilabete lehenago aldatu zuen testamentua. Merinok, ordea, esan du ez zuela bere bikotekidearen diruaren dependentziarik.

Hilabeteak desagertuta

2019ko otsailean desagertu zen Baranda. Hurrengo hilabeteetan Baranda zenaren plantak egiten zituen Merinok, haren lagunei eta senideei mezuak erantzunez eta bidaliz. Hainbat hilabeteren ostean, ordea, salaketa ipini zuten gizonaren ingurukoek.

Merinoren kutxa jaso zuen bizilagunak, berriz, 2019ko irailean erabaki zuen hura zabaltzea, usain txarra zuela eta. Garezurra topatu zuen barruan, plastikozko poltsa batean eta egunkari orri batean bilduta. Gorpua ez dute topatu oraindik. 64 urte ditu Merinok, eta, izatez, Sevillakoa (Espainia) da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.