Euskaraldia

Euskaraldian «masiboki» parte hartzera deitu dute antolatzaileek

Izen ematea «martxa onean» doala jakinarazi dute, baina ariketa soziala are gehiago hedatzeko baliatu nahi dituzte azken egunak. Txapak janzteko eskatu dute, ikusgaitasuna eta kolektibotasuna lagungarriak direla argudiatuta.

Euskaraldiko antolatzaileen agerraldia, gaur goizean, Donostiako San Telmo museoan. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko azaroaren 8a
16:23
Entzun

Izen ematearen azken txanpan eta hamar egunen faltan, Euskaraldian parte hartzeko deia berritu diete antolatzaileek herritarrei. Agerraldia egin dute Donostiako San Telmo museoan, eta eskatu dute ariketa are «masiboagoa» izan dadin baliatzeko azken egun hauek. Izan ere, azken olatua «erabakigarria» izango dela esan du Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak, eta aurreratu «martxa onean» doala izen ematea.

Hizkuntza ohituretan eragin nahi du Euskaraldiak, eta, horretan «zailtasunak» daudela aitortu du Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Alta, hizkuntza gaitasunaren aldetik datuak «onak» direla nabarmendu du, Eustatek euskararen ezagutzaz eta etxeko erabileraz iragan astean emandako datuetan oinarrituta: «Lehen hizkuntza euskara ez duten gazteek transmisioaren aldeko hautua egin dute. Transmititzen ari dira euskara, eta, orain, guztion artean lortu behar duguna da etxean euskara jasotzen ari den belaunaldi horrek, inoizko handiena denak, esparru gehiago edukitzea euskaraz egin ahal izateko». Euskaraldia, bide horretan, «entrenamendurik onena» dela esan du, modua ematen duelako ariketa masiboki, eroso eta era kolektiboan egiteko.

Ariketa ikusgarri egitearen garrantzia azpimarratu du, bestalde, eta txapa jartzearen garrantzian zentratu da Mikel Arregi Euskarabideko zuzendaria. Adierazi du txapa janzteak «babesa» ematen diela parte hartzaileei: «Ikusgarri egiten gaitu ariketa egiten ari garenok; hizkuntza portaerak aldatzeko lagungarriak dira, eta estres linguistikoa murrizten dute. Ikerketek, gutxienez, horixe adierazi digute. Herri guztietara txapak banatzen hasiak direla zehaztu du, eta herri bakoitzeko batzordeak zehaztutako banaketa puntuan jaso ahalko dela».

Eraginkortasuna, zehaztasunean

Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak erantsi du txapa janzteak «bizipenen bat» ematen diela parte hartzaile guztiei. Hain justu, lorpenetan jarri nahi dute arreta aurten, norbanakoek nahiz entitateek euren buruari ezarritako erronketan. «Euskaraldia ez da euskararen aldeko kanpaina bat", gogorarazi du Amonarrizek: «Hizkuntza ohituretan aldaketak egiteko egitasmoa, ariketa soziala da».

Amonarrizek gaineratu du herritarren bizipen horiekin konektatzea dela Euskaraldiaren indargune nagusia, eta parte hartzaileei eskatu die ahalik eta zehatzenak izateko egin nahi duten ohitura aldaketari dagokionez: «Zenbat eta zehatzago pentsatu non egin nahi dugun urrats hori, orduan eta eraginkorragoa izango da Euskaraldia, bai maila pertsonalean eta baita ariguneetan ere». Halaber, erronka horietatik eratorritako esperientziak sareetan jartzeko eskatu die herritarrei, #HitzezEkiteko traola erabilita eta Euskaraldiaren Twitter kontua aipatuta.

Ariketa hori bera egin dute Joseba Usabiaga aktoreak, Maialen Chourraut piraguistak, Xabier Saldias abeslariak eta Zilia Heredia Ipar Euskal Herriko Euskaraldiaren koordinatzaileak. Lehen hiruek euren buruari jarritako erronkak aurkeztu dituzte, eta Herediak, berriz, ariketa sozialak Ipar Euskal Herrian dituen helburuak azaldu ditu: «Iparraldean errealitate linguistiko bat badugu, eta zaila da egunerokoa euskaraz eraikitzea. Euskaraldiak aukera politika eskaintzen digu, behintzat, lehen hitzak euskaraz errateko, eta euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.