Osasuna 1-2 Bartzelona

Osasunak azken txanpan galdu du Bartzelonaren aurka

Nafarrak 1-0 jarri dira aurretik, eta 30. minututik jokalari bat gehiagorekin aritu dira. Buruz buruz lehiatu dira Bartzelonaren kontra, baina bigarren zatian bi gol sartu dituzte kataluniarrek, eta hiru puntuak eraman ditu Sadarretik.

2022ko azaroaren 9a
08:38
Entzun

Osasunak eskura izan du Bartzelonaren kontra punturen bat lortzea, baina, azkenerako, ezinezkoa izan da. Kataluniarrek 1-2 irabazi dute, eta hiru puntuak urratu dituzte. Jagoba Arrasateren taldeari oso alde jarri zaio neurketa hasieran. Izan ere, 5 minutuan David Garciak gola sartu du buruz, korner batean.

Nafarren plana argia zen: Bartzelonari presio estua egitea baloia irteeran. Hala, baloia Ter Stegenen atetik ahalik eta gertuen berreskuratzeko eta bizi jokatzeko. Apustu ausart hori ondo atera zaio, eta hurrengo jokaldi batean bigarrena egitear egon da Chimy Avila. Aurrelariak hiru gol zeramatzan azken bi partidetan, baina errematea kanpora joan zaio. 30. minutuan Bartzelona jokalari bat gutxiagorekin geratu da, epaileak Lewandowski egotzi baitu, bigarren txartel horia aterata.

Neurketa maldan gora izan arren, Xavi Hernandezen taldeak ondo eutsi dio, eta, aparteko arriskurik sortu ez duen arren, pixkanaka baloi jabetza gehiago izaten joan da, eta horrek lagundu egin dio. Partida atsedenaldira iristear zela, gertu izan du berdinketa. Jordi Albak erdiraketa on bat egin du, eta Ferran Torresek gola sartu du Osasunako atzelariei aurre hartuta. Epaileak balio gabe utzi du, jokoz kanpo baitzegoen.

Bigarren zatia antzera hasi da, Bartzelonaren gol batekin. Oraingoan, epaileak ez du baliorik gabe utzi. Lehen zatiko jokaldian bezala, Albak egin du erdiraketa, Ferran Torresek ondo eutsi dio baloiari, eta Pedriri iritsi zaio. Erdilariak ez du barkatu. Bartzelona jakitun zen partidaren garrantziaz; irabaziz gero, lider joango zen etenera. Hala, hamarrekin egon arren, partidaren bila joan da. Osasuna ere ez zegoen atzera egiteko prest. Bi taldeek sortu dituzte aukerak, baina asmatu duena Bartzelona izan da. 85 minutuan izan da. De Jongek pase luze neurtua egin du, eta Rapinhak buruz sartu du gola. Hala garaipena kataluniarrentzat izan da. Osasuna 23 punturekin doa etenera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.