Etxebizitza krisia

Amaia Egaña etxegabetzeen biktima gogoratu dute Barakaldon

Hamar urte bete dira bere buruaz beste egin zuela, etxetik kaleratu behar zuten unean. Salatu dute murrizketak egin dituztela larrialdi egoeran dauden familiei laguntzeko zerbitzuetan.

Barakaldoko justizia jauregiaren aurrean eginiko elkarretaratzearen une bat. MAITE ASENSIO LOZANO
Maite Asensio Lozano.
2022ko azaroaren 9a
10:52
Entzun

Barakaldoko (Bizkaia) gizarte taldeek eta hainbat sindikatuk Amaia Egaña gogoratu dute, hil zeneko hamargarren urteurrenean, hiri horretako justizia jauregiaren aurrean. 2012ko azaroaren 9an bere buruaz beste egin zuen, kaleratu behar zutenean, kendu zioten etxebizitzatik salto eginda.

Ekitaldiaren antolatzaileek salatu dutenez, azken hamar urteotan 2.027 familia etxegabetu dituzte Barakaldon bakarrik. Gaineratu dute larrialdi egoeran dauden familiei laguntzeko zerbitzuetan eginiko murrizketek zaildu egin dutela egoera.

Ekitaldia hauek antolatu dute: Argitan emakumeentzako aholkularitza zentroak, pobreziaren aurkako Berri-Otsoak plataformak, eta ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT eta CNT sindikatuek.

Azaldu dutenez, hirian lau familia ari dira pairatzen arazo hori, batez beste, eta horietako %87k alokairuan zuten etxea. Horietako batzuek gela bakar bat zuten errentan, familia osoarentzat.

«Etxegabetzeen aurkako protokoloa ezartzeko eskatzen dugu», adierazi dute, eta gogoratu dute hori indarrean jarri zutela Egañaren heriotzaren ostean, 2013. urtean. Protokolo horren arabera, gizarte zerbitzuek «berehalako erantzuna» eman behar diete halako egoeretan daudenei, eta «gizarte alokairuko etxebizitza bat eskuratzea bermatu». «Egiazko inplikazioa» eskatu diete erakunde publikoei. Arazoak «pertsona zaurgarrienei» eragiten diela azaldu dute: besteak beste, andreei. Gogoratu dute etxebizitza «oinarrizko eskubidea» dela, eta herrian asko daudela hutsik.

Arartekoak eta nazioarteko justiziak eta erakundeek gaiaren inguruan emaniko ebazpenak aintzat hartzeko eskatu diete erakundeei.

Amaia del Campo Berasategi (EAJ) buru duen Barakaldoko udal gobernuari eskatu diote «atzera egiteko larrialdi laguntzak murrizteko politikan». Horrez gain, gizarte alokairua bultzatzeko eta udal etxebizitza gehiago prestatzeko eskatu dute, kaleraturiko familiak berehala aterpetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.