Osakidetza

Galdakaoko ospitaleko larrialdietan ere medikuak falta direla salatu dute

Zerbitzuaren eskaera %20 handitu arren sei mediku kaleratuko dituztela berretsi dute ELAko ordezkariek; haietako batzuei kontratu mistoak eskaini izana gaitzetsi dute

Galdakaoko larrialdietako hainbat osagilek hartu dute parte gaurko agerraldian. BERRIA
Maite Asensio Lozano.
2022ko azaroaren 9a
14:08
Entzun

Galdakao-Usansoloko ospitaleko (Bizkaia) larrialdi zerbitzuaren «prekarizazioa» jendaurrean salatzeko pausoa eman dute gaur bertako medikuek, ELA sindikatuaren egoitzan egin duten agerraldian. Osakidetzako lehen mailako arretan ez ezik, erietxeetan ere sendagileak falta direla nabarmendu dute, eta lan taldea osagilez hornitzea galdegin dute: «Nahitaezko zerbitzua gara urteko 365 egunetan». Izan ere, urrian larrialdietako asistentzia eskaera pandemia aurrekoa baino %20 handiagoa izan zen, baina aurki langile gutxiagorekin egin beharko diote aurre lan zama horri: 65 mediku daude Galdakaoko larrialdietan, eta seiri kontratua etengo diete.

Kaleratzear diren medikuetako bik hartu dute hitza agerraldian, eta azaldu dute azken egunetan kontratu misto deituriko bat eskaini diela Osakidetzako zuzendaritzak: lanorduen erdiak erietxearen larrialdietan egingo lituzkete, eta beste erdiak lehen arretako zentroetan, ESIaren eremu osoan, «Ondarroatik Amurriora». Ez dute onartu kontratu hori, Nuria Calderon osagileak arrazoitu duenez: «Egun bakoitzean leku batean lan egiteak desegonkortasun handia dakar, eta bi egutegi paralelo eramateak izugarrizko zailtasunak sortzen ditu, bai guretzat, bai antolatzaileentzat».

Erantsi du sistema horrek arretaren kalitatea murriztea dakarrela, bi zerbitzuotako lan mota oso desberdina delako: «Ospitaleko larrialdietan lan egitea ezin da estrapolatu lehen mailako arretan lan egitera: zeregin bat edo bestea betetzeko behar diren ezagutzak guztiz desberdinak dira. Paziente kritiko eta ezegonkorrak daude batean, eta patologia kronikoak bestean; ez du zerikusirik. Larrialdietan aritzeko, ezinbestekoa da eguneroko praktikak dakarkigun ezagutza eta segurtasuna; ordu horiek kentzen badizkigute, esperientzia kenduko digute, eta horrek asistentzia kalitatea gutxitzen du. Berdin gertatzen da lehen arretan: egunero aritu ezean, trebetasunak herdoildu egiten dira».

«Hutsuneak betetzeko fitxak»

Etsita mintzatu dira sendagileok: «Hutsuneak betetzeko balio duten fitxak besterik ez garela iruditzen zaigu, kontuan hartu gabe lanpostu baterako edo besterako gaitasun nahikoa dugun edo eroso sentitzen garen». Halere, ulergarri jo dute profesionalak lehen arretara bideratu nahi izatea: «Gure formakuntza Familia Medikuntzaren eremukoa da, baina profesional faltaren arazoa larrialdietara ere hedatu da. Eta gure formakuntza sisteman ez dago aitortua larrialdietako espezialitatea».

Ildo horretan, Maitane Gallarreta larrialdietako medikuak berretsi du asistentzia maila bateko arazoek beste mailei eragiten dietela, eta gaitzetsi du larrialdiak «komodin» bihurtu direla beste zerbitzuetan langileak falta direnean: «Ospitaleetako larrialdietako osasun eskaria handitu egiten da, lehen arretako edo EAG etengabeko arreta guneetako kontsultak ixten direnean; paziente kronikoak lehen arretan beharrezko denboretan artatu ezin direnean, gaixoek larrialdietara jotzen dute».

Osakidetzan pertsona gehien artatzen dituen larrialdi zerbitzuetako bat da Galdakaokoa: 310.000 herritar dauzka bere eragin eremuan. Gainera, Gernikako ospitaleko larrialdietako arreta ere bere gain hartzen du, besteak beste. «Langile berberak izanda, asistentzia karga handiagoa hartzen ari gara, eta horrek dakar pazienteek denbora gehiago itxarotea, asistentzia kalitatea murriztea eta pazienteekiko segurtasun arazoak areagotzea». Beraz, Gallarretak ezinbesteko jo du langile kopurua handitzea, baina gogora ekarri du 65 medikuetatik erdiak behin-behinean daudela. Ez da Galdakao-Usansoloko erietxeko arazoa soilik: «Osakidetzako beste ospitale batzuetan antzera edo okerrago daude».

Lan baldintzak, arazo

Arkaitz Herreros ELAk Bizkaiko Osakidetzan duen arduradunak «lan baldintzei» egotzi die profesional faltaren arazoa: «Ikusi izan dugu lehen arretako medikuek erabaki dutela asistentzia maila hori uztea, baina orain ikusten ari gara hori larrialdietan ere gertatzen ari dela. Asko erabakitzen ari dira atzerrira joatea, lana Osakidetzatik kanpo bilatzea edo medikuntza uztea». Herrerosek uste du Osakidetzako zuzendariak hainbat neurri har ditzakeela egoera iraultzeko, baina ez du «borondate politikorik» antzeman. Behin-behinekotasuna jarri du horren adibide: «Osakidetzan 24.600 langile daude behin-behinean, eta 3.700 postuko lan eskaintza publikoa egingo dute. Familia medikuentzat 336 leku eskaini dituzte, eta 1.320 lagun aurkeztu dira. Arazoa ez da profesionalik ez dagoela, baizik eta ez dituztela Osakidetzaren lan baldintzak onartzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.