'CABEZUDO AUZIA'

Cabezudoren biktimen abokatuak 60.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio epaile bati

Kote Cabezudo argazkilariaren kasuan epaile lanak egin zituen Ana Isabel Perez Asenjoren aldeko epaia eman du Irungo epaitegi batek, hedabideetan eta sare sozialetan abokatuak haren «ohorearen eta irudiaren aurkako adierazpenak» egin zituela argudiatuta.

Cabezudoren aurkako epaiketa, joan den apirilean. JON URBE/FOKU
jone arruabarrena
2022ko azaroaren 9a
15:59
Entzun

Kote Cabezudoren biktimen abokatu Mario Diezek 60.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio Ana Isabel Perez Asenjo epaileari, hedabideetan eta sare sozialetan haren «ohorearen eta irudiaren aurkako adierazpenak» egiteagatik. Irungo lehenengo instantziako bigarren instrukzio epaitegiak eman du epaia, eta, kalte ordainaz gain, interes legalak ere ordaindu beharko ditu, «eragindako kalte moralengatik», eta prozesu judizialaren kostuak ere bere gain hartu.

Bestelako zigorrak ere ezarri dizkio Diezi: epaia finkoa denean —oraindik errekurtsoa aurkezteko aukera dauka abokatuak—, 33 orriko sententzia «bere osotasunean» irakurri beharko du Diezek Perez Asenjori buruzko adierazpen horiek egin zituen lekuetan: 2018an Youtubera igo zituen hiru bideotan, Intereconomia TV hedabideko El Gato al Agua saioan, Radio 4G irratiko La Jungla irratsaioan eta Twitterren. Horrez gain, sarera igotako bideo horiek ezabatzeko agintzen du sententziak, eta etorkizunean Perez Asenjoren inguruko «gisa horretako ekintzak» egitea ere debekatu dio abokatuari.

Perez Asenjok 2018an jarri zuen salaketa, eta argudiatu zuen Mario Diezek egindako adierazpenak «mespretxuzkoak eta iraingarriak» zirela. Izan ere, sententziak biltzen duenez, Diezek adierazpen horietan Perez Asenjori leporatu zion «etengabeko prebarikazioa egitea, funtzio jurisdikzionala arbitrarioki betetzea, delituetan inplikatzea, eta auziaren tramitazioa maltzurkeriaz atzeratzea».

Horrez gain, epaiak dio Diezen adierazpenak ezin direla «defentsa eskubidean, informazio eta adierazpen askatasun eskubideen barruan» ulertu, Diez ez delako «informazioaren operadore bat», eta zabaldu zuen informazioa ez zelako «egia».

'Cabezudo auzia'

2018an Gipuzkoako Auzitegiak Ana Isabel Perez Asenjo epailea Kote Cabezudo argazkilariaren kasutik kanporatu zuen, biktimek haren kontra aurkeztutako kereila bat tramiterako onartu zelako. Gerora, ezerezean geratu zen salaketa hori. Cabezudoren auzia berriro Perez Asenjok hartzeko eskatu zuen fiskalak, baina horren aurka jo zuen akusazioak. Arrazoia eman zioten, eta, azkenean Julian Garcia Marcos epaileak hartu zuen auzia.

Argazkilari ezaguna izana da Cabezudo, eta haren modeloek jarritako salaketengatik epaitu dute. Iruzurra, intimitatearen aurkako delituak, haurrekin egindako pornografia eta sexu erasoak egotzi dizkiote, besteak beste. 2013an jarri zuten akusatuaren kontrako lehen kereila. Hedabideetan-eta isilpean gelditu ziren haren kontrako lehen salaketak, eta justiziak ez zuen neurririk hartu akusatuaren kontra. 2018ko udaberrian kasuari buruzko albisteak oihartzuna lortzen hasi ziren, eta, urte hartako maiatzean, preso sartu zuten. Martuteneko espetxean dago geroztik, Donostian.

2022ko martxoaren 7an hasi zen auzibide nagusiko epaiketa. Fiskalak 121 urteko kartzela zigorra eskatu zuen; akusazio partikularrak, 2.338 urtekoa. Martxoaren 31n, fiskaltzak 250 urtera handitu zuen eskaria. Azkenean, 28 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Cabezudori, bortxaketa, sexu abusua eta haur pornografiako eta iruzurreko delituak leporatuta. Erabaki horren aurka helegitea aurkeztua dute defentsak eta akusazio partikularrak Espainiako Auzitegi Gorenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.