Zientzia

Gaur gauean abiatuko da Artemis misioa, etorkizunean emakume bat Ilargira eramateko helburuarekin

Artemis misioaren helburua da bidaia bat antolatzea Ilargira, emakume baten zuzendaritzapean. Horretarako, 'SLS' espaziontziaren eta 'Orion' ontziaren gaitasunak neurtu behar dira, eta hori eginen da lehenbiziko misioan.

SLS suziria eta Orion ontzia. ERIC BORDELON NASA
Isabel Jaurena.
2022ko azaroaren 10a
15:03
Entzun

NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak joan den astean jakinarazi zuenez, gaur gauean abiatuko da Artemis I misioa. Atzo abiatzekoa zen, baina «langileak lanera itzultzeko baldintza seguruak izan ditzaten itxaroten» egon dira. Izan ere, Nicole izeneko «ekaitz tropikala» herrialdera iritsi zela iragarri zuten joan den astean. Eta, antza denez, urakan bilakatu zitekeela uste zuten. Laugarren aldia da misioa atzeratzen dutena: bitan arrazoi teknikoengatik izan zen, eta bertze bitan, arrazoi meteorologikoengatik.

Artemis misioaren helburua da Ilargira bidaia bat antolatzea, emakume baten zuzendaritzapean –tripulatutako bidaia 2024 urterako aurreikusita dago–. Baina, ibilaldi hori egin baino lehenago, SLS suziriaren eta Orion ontziaren gaitasunak neurtu behar dira, eta hori eginen du lehenbiziko misioak.

Lehenbiziko saiakeran hiru bidaiari'egonen dira Orion ontzian, benetako astronautekin eginen diren misioetako informazioa biltzeko. Lehenbiziko bidaiaria Moonikin Campos izeneko maniki bat izanen da, eta komandantearen lekuan egonen da. Hegaldian tripulazioak zer sentituko duen aztertzeko balioko du maniki horrek. Bertze bi eserlekuak Zohar eta Helga izeneko bi gorputz enborrek beteko dituzte. Emakume heldu baten hezurrak, organoak eta ehun bigunak antzeratzen dituzten materialekin eginak daude. Zohar manikiak erradiazioaz babestuko duen elastiko bat eramanen du, baina Helgak ez. Ikerketa horren bidez, astronautek aurre egin behar dieten erradiazio mailen inguruko informazioa lortzea espero da.

Ikusi gehiago:NASA: emakumeei neurria hartu ezinean

NASAk zabaldutako informazioaren arabera, Orion ontzia propio diseinatuta dago astronautak espazio sakonera eramateko. Ontzi bakarra da hori egiteko gai dena, baita Ilargitik abiadura handian itzultzeko gai dena ere. Hiru elementuz osatuta dago ontzia: tripulazioaren modulua, non tripulazioa bizi den; zerbitzu modulua, zeinak indarra, propultsioa eta kontrol termikoa eskaintzen dituen; jaurtiketako ihes sistema, zeinak larrialdi egoera batean tripulazioa atera dezakeen. SLS suziria, berriz, Orion ontzia Ilargira arriskurik gabe bidal dezakeen suziri bakarra da. 30 solairuko eraikin bat baino altuagoa da: 98 metro baino gehiago ditu. Gainera, eurite handiak jasateko prestatuta dagoela adierazi du NASAk, eta ateak ura ez sartzeko diseinatuta daudela. 136 kilometro orduko haizeak jasateko ere gai da.

NASAk adierazi duenez, misioan bazkide komertzialekin eta nazioartekoekin lan eginen dute, eta lehenbiziko aldia izanen da ilargian egonaldi luze bat eginen dena. Bidaia horretan ikasitakoa hurrengo pausoa emateko erabiliko dute: Martera lehenbiziko astronautak bidaltzeko, zehazki.

Misioa Kennedy Space Center kokalekutik irtenen da, zeina gaur egun HURCON III izeneko alerta egoeran dagoen. Protokolo horrengatik, guneko instalazioak eta ekipamendua babestu egin behar dira. Horretarako, talde bat osatzen da, eta haren egitekoa da beren burua instalazioetan babestea eta eremuaren egoera monitorizatzea –espaziontzia eta Artemis misioko bertze material batzuk barne–. Edozein dela egoera klimatikoa, SLS suziria eta Orion ontzia 39B jaurtiketa plataforman egonen dira. Duela bi aste mugitu zituzten bi egiturak Vehicle Assembly Building kokalekutik plataformara. Ia zazpi kilometroko ibilbidea izan bazen ere, bederatzi ordu behar izan zituzten lekualdaketa egiteko.

Emakumeak espazioan

Artemis misioaren berezitasuna da emakumeek protagonismoa izanen dutela. Arlo horretan emakumeek diskriminazioa jasaten dutela frogatzen duten adibide andana baitaude. 2019an, erraterako, espazio ibilaldi delako batean emakumez osaturiko talde batek aritu behar zuen, baina ez zen hala izan, emakumezkoentzako astronauta jantzi bat falta baitzen.

Hautagaiak

2024rako aurreikusita dagoen misioan parte hartzeko, astronauten zerrenda bat argitaratu du NASAk. Honako hauek dira hautagai posibleak:

Kayla Barron Sistemen Ingeniaritzako lizentziaduna da, Ameriketako Estatu Batuetako Ontzigintza Akademian. Astronauta izateko entrenamendua bi urtez egin du, baina oraindik ez da espaziora joan.

Christina Koch Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Zientzietako lizentziaduna da, eta Ingeniaritza Elektrikoko Zientzietan maisutza du. Honako leku hauetan egin du lan: NASAn ingeniari elektriko gisa, Johns Hopkins Unibertsitatean, eta Antartikan eta Groenlandian ikerlari gisa.

Nicole A. Mann Ingeniaritza Mekanikoen Zientzietako lizentziaduna da, eta maisutza bat du arlo berean. Itsas infanteriako teniente koronela da. 2013an NASAn lan egiteko hautatu bazuten ere, oraindik ez da espaziora joan.

Anne McClain Ingeniaritza Mekanikoen/Aeronautikoen Zientziako lizentziaduna da, eta Ingeniaritza Aeroespazialen Zientzietan eta Nazioarteko Harremanen Zientzietan maisutzak ditu. Nazioarteko Espazio Estazioan hegaldi ingeniari izendatu berri dute.

Jessica Meir Biologiako lizentziaduna da, Espazioko Ikasketen Zientzietako maisutza bat du, eta Itsas Biologiako doktoretza. Lockheed Martin ikergunean lan egiten du, eta Harvardeko Medikuntza Fakultatean irakasle laguntzaile gisa ere bai.

Jasmin Moghbeli Ingeniaritza Aeroespazialeko Zientzietako lizentziaduna da, eta arlo berean maisutza bat du. Ameriketako Estatu Batuetako itsas armadako kide izan da, eta duela bost urtetik NASAko kide da.

Kate Rubins Biologia Molekularren Zientzietako lizentziaduna da, eta Minbiziaren Biologiako doktoretza bat du. Astronauta lanetan hasi baino lehenago, baztangagatiko birusak kutsatzeko lehen eredua garatu zuen taldeko kide izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.