Albistea entzun

Hondakinak

Zaldibarko auzian Jaurlaritzako hiru teknikarik prebarikazio delitua egin duten ikertuko dute

LKS ingeniaritzak egindako zabortegi proiektua aldatu zuen Geyser enpresak, eta aldaketa garrantzitsuak egin zizkion. Prozesu horretan esku hartu zuten Ingurumen saileko teknikariek ikertu gisa deklaratu beharko dute epailearen aurrean, zuhurtziagabekeriazko prebarikazio delitua egin ote duten argitzeko. Horrez gain, 2017ko zabortegiaren ikuskaritza egin zuen teknikaria ere deitu dute deklaratzera.

Javier Zorrilla / Efe
Javier Zorrilla Efe Zaldibarko zabortegia/amildu ostean hartutako irudi batean. Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2022ko azaroak 12

Aurrera doa Zaldibarko zabortegiaren amiltzeari lotutako prozedura judiziala, eta horri dagozkion berriak jakinarazi ditu auzia daraman Durangoko Instrukzio 1. Epaitegiak. Epaileak erabaki du zabortegiaren hainbat fasetan esku hartu zuten Eusko Jaurlaritzako ingurumen teknikariak ikertzea, «zuhurtziagabeko prebarikazio» delitu bat egin dutela susmatuta. Ingurumen Saileko hiru teknikari ikertuko dituzte: Xabier Galdos Ezeolaza kuskaritza zerbitzuko teknikaria, Carlos Luengo Alonso hondakin ez-arriskutsuetako zerbitzukoa eta Idoia de la Vega Sarazibar ikuskaritza taldekoa. Lehenengo biak 2007tik 2011ra proiektuan egin zituzten aldaketen harira ikertuko dituzte. De la Vega Sarazibar, berriz, 2017an Verter Recycling 2002 SMren zabortegian egin zuten ikuskaritzarekin lotuta.

Horiek ez ezik, Geyser HPC Ingeniaritza enpresako bost arduradun ere ikertuko ditu instrukzioko epaileak, ingurumenaren aurkako delitua egin eta agiriak faltsutu ote dituzten. Jakina denez, ingurumen delituari dagokion atala ari dira ikertzen, instrukzio fasean, eta lekukoak eta frogak jasotzen ari dira epaileak.

Zaldibarko zabortegia 2020ko otsailaren 6an amildu zen, eta hondakinek harrapatuta hil ziren bi langile, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Geroztik, martxan jarritako ikerketak hainbat irregulartasun utzi ditu agerian. Nabarmentzekoa da Espainiako Gobernuko Herri Lanetako Mininsterioaren Esperimentazio Zentroak (Cedex) epailearen aginduz zabortegiaren amiltzeari buruz egindako peritu txostena. Ikerketa horrek agerian utzi zuen Verter Recycling 2002 SMk kudeatu zuen zabortegiaren ibilbide osoan izan zirela akatsak. Eta maila guztietan egin zituzten, gainera: proiektu teknikoetan, hondakindegiaren kudeaketan eta jardueraren kontrol publikoan.

Itxura guztien arabera, txosten horren ondorioei heldu die fiskalak Jaurlaritzako teknikarien eta Geyser HPCko arduradunen deklarazioak eskatzeko, eta, kasu honetan, auzia daraman Durangoko Instrukzio Epaitegiko epaileak aintzat hartu ditu eskaerak. Ikertu gisa deklaratzera deitu dituzten zortzi lagunek 2023ko otsailaren 23an agertu beharko dute epailearen aurrean.

Moldaketak proiektu aldatuan

Geyser HPC enpresak 2007an jaso zuen Verter Recycling 2002 SMren enkargua, zabortegiaren eraikuntza proiektuaren diseinua eta ustiatze prozesuaren aholkularitza egiteko. Horren ondorioz, Zaldibarko zabortegiaren proiektua —LKS ingeniaritzak 2004an egindakoa— aldatu zuen 2008an, eta Cedexen txostenak akats esanguratsuak topatu zituen Geyserren lan horretan. Besteak beste, zabortegia bakartzea bermatu behar zuen geomintza motaren inguruan. Izan ere, proiektuaren pleguetan bi aldeetatik geotestil zimurrak erabiltzeko betebeharra ezarri arren, Geyserren agirietan ez zen horren garbi azaldu betebehar hori.

Besteak beste, erreferentziak aurkitu dituzte Geyserren dokumentazioan, bai mota horretako geomintza jartzeari buruz, eta baita alde zimur bakarrekoei buruz ere. Areago, peritu txostenak nabarmendu zuen Geyserrek aurreikusitako aurrekontuan ez zela jasotzen bi aldeetatik zimurra den geotestil horren aipurik. «Litekeena da Proiektu Aldatua osatzen duten hainbat agiriren arteko koherentziarik ezak eragina izatea luizian, eta garrantzi handia izatea zabortegiaren hausturan», nabarmendu zuen perituak.

Atal horretan, Cedexek garrantzi handia eman zion segurtasun faktorearen kalkuluari. Izan ere, Geyserrek kalkulatu zuen instalazioaren segurtasun faktorea 1,30ekoa zela, baina Garapen Teknikoko zirriborroak gutxienez 1,50eko segurtasun faktorea eskatzen du, eta hori are eta txikiagoa da zabortegiaren jatorrizko proiektukoa baino.

Horretan eragin handia izan zuen geomintz zimurrak erabili ez izanak. Izan ere, Cedexek ondorioztatu zuen interfaze kritikoan —zabortegiaren punturik ahulena— bi aldeetatik zimurtutako geotestilak jarri izan balituzte zabortegiaren geometria «egonkorra» litzatekeela, 2,50eko segurtasun faktorea izango zukeelako. «Alde leun bat duen geomintza jartzeak 1,0eko segurtasun faktorea dakar; hau da, betetze kota ezberdinetan potentzialki ezegonkorra den egoera bat».

Aldaketa horiek guztiak egiteko, Verterrek ez zuen eskatu 2007ko proiektuari emandako ingurumen baimen bateratua berritzeko. Jaurlaritzak ebatzi zuen aldaketak ez zirela esanguratsuak, eta, beraz, ez zela beharrezkoa baimena berritzea. Horrek argi berdea eman zion zabortegia martxan jartzeari. Gobernuaren ebazpen horretan esku hartu zuten bi teknikariak dira, itxura guztiaren arabera, epaileak ikertuko dituenak.

2017ko ikuskaritzaren arduraduna

Bestalde, Cedexen txostenak ondorioztatu zuen lur mugimenduak ia hasieratik izan zirela zabortegian, eta haiei arreta handiagoa jarri beharko zietela. Ondorio hau atera zuen: lur mugimenduak neurtzeko ez zela behar beste makila jarri, eta, gainera, modu desegokian jarri zituztela. 2017an topografia azterketa bat egin zuten, eta lur mugimenduak atzeman zituzten. 2018an berriz egin zuten, eta lurra horizontalki mugitzen ari zela ondorioztatu zuten, baina ez zioten arriskurik ikusi. Bada, 2017ko ikuskatze programatuen Jaurlaritzako teknikaria ikertu nahi du epaileak orain.

Cedexek egindako ikerketak zioen kasu handigoa egin beharko zietela lur mugimenduei. Izan ere X-Y-Z planoan —plano horizontalean—, zabortegitik ertzetara, mugimenduak atzeman zituzten ustiaketa hasi eta aski berehala. 2018tik aurrera, maldan beherako mugimenduak ez ezik, behetik gorakoak ere atzematen hasi ziren. Mugimendu horiek «ezohikoak» direla ohartarazi dute adituek. 2017ko azterketan ere atzeman zuten ura pilatzeko joera zegoela zabortegian, eta Cedexek uste dut litekeena dela horrek ere eragina izatea zaborraren ezegonkortasunean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Lezetxikiren Lagunak taldekoek ateratako argazki batzuk, Lezetxikoko galeria suntsituan. ©LEZETXIKIREN LAGUNAK

AHTaren tunel batek Lezetxikin kalteak egin dituela salatu dute

Xabier Martin

Aztarnategi baliotsuaren gertuko galeria bat suntsitu du tunelak, espeleologo batzuek dokumentatu dutenez. Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak topatu dituzten lekua da Arrasateko koba
Osasun langile bat, atzo, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren kanpoaldean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Osasunbideko gehiengo sindikalak grebara joko du, Sindikatu Medikotik bereiz

Ion Orzaiz

LAB, SAE, UGT, ELA, Afapna eta CCOOk hilaren 15erako egin dute deialdia. «Osasun publikoaren kalitatea eta lan baldintzak» hobetzea daukate xedetzat. Negoziazioa gobernuaren eta Sindikatu Medikoaren artean egin izana salatu dute
Bidaiari batzuk, Donostiako autobus geltokian. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Ibilbide luzeko autobusak doakoak dira jada ohiko bidaiarientzat Hegoaldean

Jone Arruabarrena

Berme bat ordaindu beharko da, eta gutxieneko bidaia kopuru bat egin
Euskal Herriko mugimendu feministaren agerraldia, atzo, Gasteizen. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Zaintza sistema «eraldatzeko» mobilizatuko da mugimendu feminista

Edurne Begiristain

Lehen mugarria Martxoaren 8an ezarriko du Euskal Herriko mugimendu feministak. Zaintza «erantzukizun soziala» bilakatzea izango du helburu borroka dinamikak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.