«Denbora agortzen ari da, eta dena dugu jokoan borroka honetan». Klima larrialdia gelditzeko premiazko neurriak hartu behar direla ohartarazi dute gaur hainbat kolektibo ekologistak eta sozialek Bilbon. COP27 Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketari buruzko biltzarra egiten ari da egunotan Egipton, eta hari begira mezua bidali dute gaurko protestan. Batetik, goi bileran bildutako gobernuei eskatu diete «modu justuan eta solidarioan» heltzeko trantsizio klimatikoari eta energetikoari. Bestetik, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari galdegin diete «premiazko neurriak» har ditzaten «amildegirantz doan bidea» geldiarazteko.
Kolektibo eta eragile ugarik deitu dute protestara; Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean egin dute. Besteak beste, antolatzaileen artean izan dira Greenpeace, Ekologistak Martxan eta Fridays For Future Bilbao elkarteak, ELA, LAB, CCOO, Steilas eta CNT sindikatuak eta Mundubat fundazioa eta Mugarik Gabe taldeak. «Klima larrialdiaren eta muturreko bero lehorte eta sute fenomenoen aurrean, ekonomiaren eraldaketa, emisioen murrizketa eta justizia klimatikoa dira erantzunik egokienak», adierazi dute. Kolektiboek ohartarazi dutenez, berotegi efektuko gasen isuriek, beranduenez, lau urteren buruan goia jo beharko lukete, baina azken datuek erakusten dute emisio horiek goranzko joera «kezkagarria» hartu dutela, pandemiaren aurretik baino handiagoa.
Protestara deitutako taldeek salatu dute Egiptoko gobernuak goi bilera sozial alternatiboa egitea debekatu duela, eta, horregatik, hango agintariei eskatu diete neurriak har ditzatela hango «giza eskubideen krisi sakonari» aurre egiteko eta gizarte zibilak espazio publikoan parte har dezan bermatzeko.
COP27
Neurriak hartzeko eskatu dute «amildegirako bidea» geldiarazteko
Hainbat talde ekologistak eta sozialek «justizia klimatikoa» aldarrikatu dute Bilbon. «Premiazko neurriak» hartzea galdegin diete Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu