AEB-ak

Demokratek AEBetako senatuaren kontrolari eutsiko diote

Bart baieztatu dute Catherine Cortez Masto demokratak irabazi duela Nevadan. Ordezkarien Ganberarako bozetan, errepublikanoak doaz aurretik.

Nevadako Las Vegas hiriko hauteslekuak, asteartean. CAROLINE BREHMAN / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki - Paulo Ostolaza
2022ko azaroaren 13a
09:13
Entzun

Asteartean egin zituzten agintaldi erdiko hauteskundeak AEB Ameriketako Estatu Batuetan, eta, horien bidez, Ordezkarien Ganbera eta Senatuaren herena berrituko dituzte. Sarritan gertatu da Etxe Zurian dagoen alderdia gutxiengoan geratzea Kongresuan. Are, Bigarren Mundu Gerraren ostean, bitan baino ez da gertatu estatuburuaren alderdiak irabaztea agintaldi erdiko bozak. Aurtengoa, ordea, hirugarren aldia izango da.

Bart baieztatu dute Nevada estatuko Clark eskualdean Catherine Cortez Masto hautagai demokrata gailendu dela; ondorioz, Alderdi Demokratak AEBetako Senatuaren kontrolari eutsiko dio. Euskal jatorriko Adam Laxalt errepublikanoa zen beste hautagaia.

Horrek mesede egingo dio Joe Biden AEBetako presidenteari, nabarmen. Izan ere, errepublikanoek behe eta goi ganberen kontrola lortuko balute, asko zailduko litzaioke Bideni agintaldiaren azken zatia. Horregatik da garrantzitsua demokratentzat Senatuaren kontrolari eustea: Ordezkarien Ganberan gehiengoa errepublikanoek lortuko balute ere, Bidenek alde izango du Senatua.

Demokratek hauteskunde kanpainan esan zuten Kongresuan errepublikanoak gailenduz gero demokrazia bera egongo dela jokoan. Donald Trump presidente ohiaren babesean aurkeztutako eskuin muturreko hautagai errepublikanoek irabazteak adieraziko luke sistema politikoa bera eta hauteskundeak ere zalantzan jarri izan dituzten ordezkariak egongo direla erabakiguneetan.

Ordezkarien Ganberako eserlekuen banaketan, errepublikanoak doaz aurretik, baina Bidenen alderdiak aukera handiak ditu Senatuaren kontrolari eusteko.

Goi ganberan ehun eserleku daude guztira; oraingoz, demokratek 50 eserleku lortu dituzte, eta errepublikanoek 49. Georgiako aulkia dantzan dabil oraindik.

Nevadakoarekin eskuratu ditu 50 eserleku Alderdi Demokratak, eta, ondorioz, Senatuaren gaineko kontrolari eutsiko dio. Izan ere, bi alderdien arteko berdinketa egonez gero —bakoitzak 50 aulki izanez gero—, AEBetako presidenteordeak dauka azken hitza legeak onartzeko orduan; kasu honetan, Kamala Harris demokratak. Georgiako aulkia errepublikanoek irabaziz gero gertatuko litzateke hori. Georgiakoa demokratek irabaziko balute, gehiengoa izango lukete, eta ez lukete Harrisen azken hitzaren beharrik izango goi ganbera kontrolatzeko.

Georgia, abenduan

Georgian, bigarren itzulian erabakiko dute Senatuko aulki horretan nor eseriko den, bi alderdi nagusietako hautagaietako batek ere ez baitu lortu botoen %50 biltzea, 2020an gertatu bezala. Abenduaren 6an egingo dute bigarren bozketa.

Ordezkarien Ganbera nola osatuko den jakiteko, denbora gehiago beharko dute AEBetan. Oraingoz, errepublikanoak gailentzen ari dira lehian, 211 eserleku eskuratu baitituzte jada; demokratek, berriz, 201. Guztira 218 diputatu lortzen dituenak izango du behe ganberaren kontrola, eta hemezortzi daude jokoan. Botoen zenbaketa amaitzeko, egunak —eta, agian, asteak— beharko dituzte, baina, inkesten arabera, Alderdi Errepublikanoak lortuko du Ordezkarien Ganberako gehiengoa. Demokratei alde oso handia ere ez diete aterako, aurreikuspenen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.