Turkia

Gutxienez sei lagun hil eta 81 zauritu dira Istanbulen izandako eraso suizida batean

Fuat Oktay Turkiako presidenteordeak baieztatu du «emakume kamikaze batek» leherrarazi duela bonba. Istiklal hiribidean gertatu da leherketa, hiriko kalerik jendetsuenetako batean.

Turkiako Polizia Istanbuleko (Turkia) Istiklak etorbidean, gaur. ERDEM SAHIN / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko azaroaren 13a
18:45
Entzun

«Agian oker ibiliko naiz, baina lehen informazioen arabera, honek terrorismo usaina du». Hala esan du Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak gaur arratsaldean Istanbul (Turkia) astindu duen leherketaren inguruan, eta ustea baieztatu du ordu batzuk geroago Fuat Oktay presidenteordeak. «Emakume kamikaze batek» zartarazi du lehergailua.

16:20 aldera gertatu da leherketa, eta gutxienez sei lagun hil eta 81 zauritu ditu (larri daude haietako bi). Han bertan hil dira lau lagun, eta ospitalean beste bi.

Leherketa Istiklal etorbidean gertatu da. Istanbuleko kalerik garrantzitsuenetako bat da hura, jendetsuenetako bat; hainbat denda eta ostatu daude. Leherketa gertatu bezain laster bertaratu dira larrialdi zerbitzuak.

Istanbulgo epaitegi baten aginduz, protokolo antiterrorista jarri dute martxan hirian. Hori dela eta, «itzalaldi informatibo bat» ezarri dute. Istanbulgo fiskaltzak ere iragarri du ikerketa zabaldu duela.

Erdoganek, hasieratik, segurtasun kamerek atzemandako emakume bat egin du erasoaren ustezko arduradun: «Honetan guztian zeresana izan dezake. Dena den, ikertzen jarraitzen dugu», esan du. Irudietan, emakumea 40 minutuz ageri da banku batean eserita, eta altxatzean poltsa bat uzten du bertan. Minutu bat edo bi geroago gertatzen da leherketa.

Nazioartean, ugari dira Turkiari babesa helarazi dioten herrialdeak. Hainbatek, gainera, «terrorismoa» gaitzesteko baliatu dute parada; besteak beste, Frantziak eta Espainiak.

Gaurkoa ez da Istanbulen antzeko eraso bat gertatzen den lehen aldia. Istiklal etorbidean bertan, 2016an, eraso suizida bat egin zuen EI Estatu Islamikoko ustezko kide batek. Bost lagun hil zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.