Erreakzioak

Zupiria: «Irulegikoa ez genuke eztabaida politikorako erabili beharko»

Maria Txibite Arangurenen (Nafarroa), gaur, 'Irulegiko eskua' ondoan duela. IñIGO URIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko azaroaren 14a
15:59
Entzun

Irulegiko eskua ez da edonolako aurkikuntza izan, eta hori erakusten dute hark eragindako erreakzioek. Dozenaka izan dira aurkikuntza jakin-minez eta pozez jaso dutenak; tartean, Hego Euskal Herriko hainbat ordezkari politiko.

Maria Txibite Nafarroako lehendakaria izan da aurkikuntzari buruz hitz egiten lehenengoa. «Lehen mailako aurkikuntza historikoa» dela azpimarratu du. «Horrelako jauzi gutxi eman ditugu gure historiaren eta kulturaren ezagutzan», esan du, eta Irulegiko aztarnategian lanean jardun direnen «lan zorrotza» goraipatu du.

«Zirraragarriena da hau hasiera besterik ez dela. Ez dakigu zenbat altxor gehiago aurkitu ahal izango ditugun Irulegin», amaitu du lehendakariak. Geroago, Twitterren, sorioneku hitzaz jardun du: «Hizkuntza baskonikoz idatzitako lehen hitza da, gure euskararen aurrekaria. Irulegiko eskua gure historiaz gehiago jakiteko aukera bat da».

Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Bingen Zupiria bozeramaileak hitz egin du. Aurkikuntzaren garrantzia azpimarratzeaz gain, esan du zeresana emango duela, eta historiako zenbait atal berrikusaraziko diela historialariei.

Dena den, azpimarratu du «zientzia gertakari bat» dela, eta, horregatik, zientzialariei utzi behar zaiela protagonismoa: «Gai hau ez genuke eztabaida politikorako erabili beharko», adierazi du. Irulegik «garrantzia berezia» hartuko duela aurreikusi du Zupiriak.

Nafarroan

Nafarroara itzulita, Geroa Baiko Uxue Barkosek ere esan du «garrantzi izugarria» duen aurkikuntza bat dela. Gehitu du Nafarroaren nortasun historikoa eta kulturala argitzen lagunduko duela: «Zientziak, sarritan, alderdiok elkarren artean ditugun ezberdintasunak gainditzen laguntzen du; izan ere, izaten ditugun eztabaidetan, batzuetan, errealitatetik urruntzen gara erakunde publikoetako ordezkariok», aitortu du.

EH Bilduko Adolfo Araizek, berriz, «euskaraz idatzitako lehen testuaz» hitz egin du. Halako aurkikuntza bat Nafarroan eta, zehazki, Iruñerrian egin izanaren garrantzia azpimarratu du. Adierazi duenez, ikusi egin beharko da datozen hilabeteetan eta urteetan ikerkuntzak zer-nolako garapena izaten duen.

Arnaldo Otegik eta Arkaitz Rodriguezek ere goraipatu dute aurkikuntza Twitterren. Rodriguezek aipatu duenez, «paradoxikoki, euskararen eta Euskal Herriaren negazionista handienak Irulegiko eskuaren lurretan ditugu. Mitxelenak esan zuen bezala, benetako miraria euskara gaurdaino bizirik iritsi izana da», amaitu du.

«'Sorioneku'-ak gu!»

Politikariek ez ezik, Andres Urrutia euskaltzainburuak ere mintzagai izan du Irulegiko eskua. «Aurkikuntzak euskararekin duen lotura baieztatzen bada» mugarri bat izango dela azaldu du, euskara lurralde horretan aspalditik dagoela frogatuko bailuke: «Euskarak dagokion estatusa izan dezan, sozialki proiektatu behar dugu lurralde horretako hizkuntza bat dela».

Oraindik goiz dela esan du, eta diziplina arteko ikerketarako Euskaltzaindiaren laguntza eskaini du.

Dozenaka aritu dira aurkikuntzaz sare sozialetan ere. Gehienek sorioneku hitzarekin hitz jokoak egiteko baliatu dute aukera; beste batzuek, Aranzadi egindako lanagatik zoriontzeko. Aurkikuntzak emozionatu egin duela aitortu duenik ere izan da.

Txema Ramirez de la Piscina kazetari eta ikerlariak, adibidez, Nafarroako Gobernuari egin dio erreferentzia: «Espero dezagun Irulegiko eskuak eskuzabalago egingo duela Nafarroako Gobernua bera ere, eta euskararen ofizialtasunari lurralde osoan zabaltzeko bide emango diola».

Nazioartean ere izan du oihartzuna berriak: AEBetako Kristina Killgrove dibulgatzaileak, besteak beste, albistearen berri eman du, BERRIAren artikulua aipatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.