Albistea entzun

Hizkuntza eskubideak jomugan

Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute Bordelen

Seaskako mila ikasle inguruk egin dute protesta, baxoko azterketetan izena emateko azken egunean. Frantziako Gobernuak ez dio erantzun oraindik Seaskari.

Seaskako ikasleak, aldarrikapenak eskuetan daramatzatela
Seaskako ikasleak, aldarrikapenak eskuetan daramatzatela Seaska Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2022ko azaroak 14 16:37

Musika, dantza, bertsoak, rapa... eta oihu bat; behin eta berriz errepikatua: «Azterketak euskaraz!». Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoek protesta egin dute Bordelen (Okzitania), brebetako eta baxoko azterketak beren hizkuntzan egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Errektoretzaren bulegoetatik abiatu, eta giza eskubideen plazaraino joan dira, harrabots handia eginez. «Bordelen bildu gara Anne Bisagni-Faure errektoreari eta Pap Ndiaye ministroari errateko hizkuntza eskubideak giza eskubideak direla», adierazi du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. «Eskubide horiek errespetatuak izan arte borrokatzeko prest gara».

EEPko ordezkariak eta Ipar Euskal Herriko parlamentariak irailean bildu ziren Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin, Parisen. Brebetako zientzietako proba euskaraz egiteko aukera aipatu zuten, eta ministerioko ordezkariek erran zieten «arrazoizko epeetan» erantzunen zutela. Baina, ordutik, isilik diraute. Baxoaren gaia ez zuten aipatu ere egin. «Zer demokrazia da gure haurrei gure hizkuntzan mintzatzea eta idaztea debekatzen diena?», galdetu du Jorajuriak. «Zer sinesgarritasun dute Frantziako agintariek mundu zabalean lezioak emateko, beren meneko lurretan haurren eskubideak gisa horretan zangopilatzen dituztelarik?».

2017ra arte brebeta osoki euskaraz pasatzen zuten Seaskako ikasleek, eta baxoan bi ikasgaitako azterketa euskaraz egiteko aukera zuten: Historia-Geografia eta Matematikak. Gaur egun, brebetako zientzietako proba frantsesez egitera behartuak dira, eta baxoko azterketetan ez dago deus euskaraz. Azken urteetan, desobedientziara jo izan dute kolegioetako ikasleek, eta, aurten ere, 260 ikaslek brebeta osorik euskaraz eginen dute, Jorajuriak erran duenez. Baxoko azterketara 135 ikasle aurkeztuko dira, baina probak duen garrantziagatik, ez dute aurreikusi desobedientzia ekintzarik egitea.

Jorajuriak Frantziako Hezkuntza ministroari dei egin dio Bordeletik: «Gogoetarako epea aspaldi bururatu zen. Azterketen egunak finkatuak direlarik, ezinbestekoa da erabakiak hartzea eta azterketak euskaraz izatea». Mezu bera errepikatu dute ikasleek ere: «Azterketak euskaraz nahi ditugu. Eta ez hurrengo urtean: orain! Zuen botere ustel horrek gure geroa baldintzatzen du», salatu dute. «Ez dugu amore emango. Ez dugu borroka utziko nahi duguna lortu arte. Euskal Herrian azterketak euskaraz egitea debekatzen badiguzue, zuen demokrazia zerri askara botako dugu. Ez gara geldituko justizia egin arte eta azterketak euskaraz izan arte!»

Askotariko babesa

Hogei bat autobusetan joan dira Seaskako kideak Bordelera, baina Akitania Berria eskualdeko hiriburuan bizi diren euskal jatorriko zenbait herritar ere joan dira babesa erakustera. Horien artean, Pierre Hurmic Bordeleko auzapeza bera. Donapaleun (Nafarroa Beherea) sortua dela erran du, eta, euskaraz mintzo ez bada ere, haren aitortzearen aldekoa dela. Azterketak euskaraz ikasteko eskubidea giza eskubideekin lotu du, eta babesa agertu die ikasleei. «Espero dut errektoretzak zuen eskaera onartuko duela. Atxiki ezazue».

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia eta Agurne Gaubeka Erauskin Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak ere parte hartu dute mobilizazioan. «Hemen gaude XXI. mendean ikasleei ez zaielako modurik ematen azterketak berezko hizkuntzan egiteko», esplikatu du Bilbaok. «Ikaskuntza prozesua euskaraz egin ostean, jakintzak ezin dituzte ikasi duten hizkuntzan egiaztatu. Erabat antidemokratikoa iruditzen zaigu».

Azkenik, Mathieu Berge Akitania Berria eskualdeko hautetsiak erran du ikasleen «aldarrikapen zilegiak» babesten dituela. Brebeta osoki euskaraz egitea beharrezkotzat jo du, eta baxoari dagokionez Seaskak, EEPk eta Bordeleko errektoretzak izenpetutako hitzarmena errespetatzeko eskatu du, «gutxienez». Ahozko Handian ikasgai batzuk euskaraz egiteko aukera aipatzen da hartan. «Bada adostasun sozial bat. Tentsio hauek ez diote inori on egiten».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Saridun guztiak, gaur arratsaldean ©berria

Azterketak Euskaraz taldeari eman diote kanpaina onenaren Argia saria

Irati Urdalleta Lete

'Karpeta Urdinak' dokumentalarentzat, Zugazart tirarentzat, '(Min)bizi' podcastarentzat, Euskal Mastodon komunitatearentzat eta Oihana Goirienarentzat izan dira gainerako Argia sariak.

Maria Txibite lehendakaria eta Santos Indurain Osasun kontseilaria. ©JESUS DIGES / EFE

Sindikatu Medikoak atzera bota du gobernuaren proposamena eta grebari eutsiko dio

Ion Orzaiz

Gobernuak eta medikuen elkarte ultrakontserbadoreak akordio baten oinarriak finkatu zituzten atzo, baina gaur sindikatuak «ez-nahikotzat» jo ditu Osasun Departamentuaren eskaintzak. Otsailaren 1etik aurrera greba mugagabera deitu du mediku taldeak.

Ikasbidea ikastola, Duran ©Irekia

Ikasbidea ikastetxeak hotzari aurre egiteko konponbide iraunkor bat eskatu du

Irati Urdalleta Lete

Azaldu dutenez, arazoak dituzte ikastetxeko galdararekin, baina Eusko Jaurlaritzak esan die ez dutela uda baino lehen konponduko. Salatu dute ikasgeletan hamahiru edo hamalau gradu izan dituztela.

'Aita Mari' ontziak Mediterraneoan aurkitutako migratzaileen ontzi baten erreskatea, artxiboko irudia. ©Itsas Salbamendu Humanitarioa

'Aita Mari' ontziari espediente bat ireki diote, ia milioi bat euroko isunekoa

Isabel Jaurena - Edurne Begiristain

2020an Palermon (Sizilia, Italia) gertatu ziren ekintza batzuen baitakoa da zigorra. Aita Mari-k alegazioak aurkeztuko ditu.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.