Sareak

Ondarroarrak ote lehen euskaldunak?

Thanos gaizkilea, 'Irulegiko eskuarekin'. @JOXEMIEL
Julen Otaegi Leonet.
2022ko azaroaren 14a
18:29
Entzun

Zorionekoak euskara eta euskaldun guztiak, Aranzadi zientzia elkarteak egindako aurkikuntzari esker. Esku baten itxurako brontzezko pieza bat topatu zuten iazko ekainaren 18an, Arangurengo Irulegi mendian (Nafarroa). Urte eta erdi geroago, eskuaren eta bertan idatzitako mezuaren berri eman dute. Sorioneku: horixe da lau lerroko mezuaren lehen hitza, orain arte itzuli ahal izan duten parte bakarra.

Hori da eskuaren ahurrean idatzirik dagoena, baina, sareetan, gehiagorako ere eman du. Euskara ez ezik, beste kode bat ere erabili dute erabiltzaileek, seriotasunean umorea txertatzeko: memegintza. Antton Telleria kazetari eta umoregileak, esate baterako:

K.a. I. mendeko mezua bada ere, gaur egungo euskalkiekin loturarik egin duenik ere bada. Kasurako, Ondarroako euskararekin. «Zorionak ondarrutarrei euskarazko lehen hitza idatzi eta Irulegira ardoa edatera joanda arras[t]oa han utzi izanagatik», adierazi du Lander Garro idazle eta dokumentalgileak. Geroago, ohartu da nahastu egin dituela Arangurengo Irulegi mendia (Nafarroa) eta ardoagatik ezaguna den Irulegi herria (Nafarroa Beherea), baina ezin zaio meriturik kendu. Imanol Magro kazetariak ere idatzi du txioa, Ondarroako euskararen harira:

Eta euskara alde batera utzi gabe, gogoratu behar da aurki hasiko dela Euskaraldia. Jada ezagunak dira ahobizi eta belarriprest rolak. Orain, duela bi mila urteko eskuari esker, dinamika berri bat sortu dutela dirudi: belarrondokoa.

Twitterren jada ezagunagoak diren memeak ere txiokatu dituzte. Esaterako, autobus batean doazen bi lagunen irudiarena: hormara begira doa pertsona bat, goibel; bestea, leihotik paisaiara begira. Astelehena atzean uztea lortzen dutenak, horiek bai sorionekuak!

Gaurkoa, behintzat, ez da izan hain astelehen goibela. Astea poztu du Irulegiko eskuaren aurkikuntzak; meme honek ezin hobeki azaltzen du euskaldun askoren erreakzioa:

Kattalin Miner kazetari eta idazleak gogora ekarri du Berri Txarrak taldearen Eskuak/Ukabilak diskoa, 2001ekoa. Biratu egin du lanaren azala, eta Irulegikoa dela dirudi.

Eskuaren kontzeptuarekin jolasean ere, Gure Esku Dago mugimenduak honako mezu hau idatzi du Twitterren: «Ez al da beti egon @Gure_Esku? #Sorioneku-ak gu!».

Superheroiekin eta Marvel munduarekin ere egin du memea @Joxemiel erabiltzaileak. Thanos gaizkileak esku babes bat eman ohi du soinean: infinituko esku babesa. Haren gainean, ordea, Irulegiko eskua ipini dio. Marvellek superheroi euskalduna beharko ote al du? Wazemank telesailean ja agertzen zen bat, aspaldi...

Hizkuntza baskonikoa ofiziala ote zen antzina? Agian, kargu publikoetan aritzeko beharrezkoa izan zitekeen baskoniera menderatzea... Sorionekuak, bai, aspaldiko horiek.

Eskua ikur bihurtzera bidean da, dudarik ez. Kamisetak, katiluak, pegatinak eta beste hainbeste izango dira laster:

Orain arte, lau lerroko mezuaren lehen hitza besterik ez dute itzuli. Instagramen, ordea, bada gainontzeko hitzak zeintzuk diren asmatzera atrebitu denik:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.