Etxebizitza

Alokairu apaleko bizitokietako hauteskundeetara aurkeztuko da ALDA

Bihar hasiko da hauteskunde kanpaina, eta bizitegi sozialetako biztanleek abendu hasiera arte izanen dute bozkatzeko. Hemeretzi hautagai izanen dituzte denetara.

Aldaren agerraldia goiz honetan, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko azaroaren 15a
12:26
Entzun

Bihar hasiko da alokairu apaleko bizitokietako hauteskundeetarako kanpaina. ALDA mugimenduak aurkeztea erabaki du «hainbat batzorde, instantzia eta informazio iturrietarako sarbidea lortzeko». Ainize Butron bozeramailearen ustez, «alokatzaileek egoera geroz eta zailagoa ezagutuko dute heldu diren urteetan», eta, hain zuzen, alokatzaileen eskubideak defendatzeko aurkeztu nahi du ALDAk. Denetara, hemeretzi hautagai izanen dituzte. Horietarik hamar HSA Habitat Sud Atlantic erakundeko hauteskundeetan izanen dira; beste zortzi Office 64 erakundean, eta, azkenik, Aldak Frantziako Estatuko CDC Habitat France erakunderako zerrendan hautagai bat izanen du. Interneten edo postaren bidez bozkatzen ahalko dute herritarrek: Office 64 erakunderako, bihartik abenduaren 5a arte izanen dute, eta, HSA erakunderako ostiraletik abenduaren 4ra arte.

Hautagai diren herritar batzuek hartu dute hitza goizean egindako agerraldian. Isabelle Martikorena da horietako bat, eta Uztaritzen (Lapurdi) bizi da. Familiarekin batean, etxebizitza aldatu nahi du, toki lasaiago batean izateko. Hain zuzen, egokia zaien leku bateko familia batek, gaur egun Martikorena bizi den etxebizitzan bizi nahiko luke; hots, biak prest dira trukatzeko. Baina administrazioak ez die aldaketa hori egiten uzten. «ALDAk proposatu nahi du trukatze banku bat sortzea, egoera absurdo horiek saihesteko». Zehaztu duenez, beste leku batzuetan jadanik martxan da sistema hori.

Rama Cristofoli da beste hautagaietako bat. Baionako Habas auzoan bizi da, eta, ALDAren laguntzari esker, bizilagunen kolektiboa sortu dute hainbat aldarri ekartzeko. Kasurako, kendua izan zen auzoko gutunontzia berriz ezartzea lortu dute. Cristofolik nabarmendu du ALDAren erronketariko bat dela auzoak «bizitzeko toki» bilakaraztea, eta ez soilik «lo egiteko tokiak izatea».

Etxebizitzaren krisia

ALDAk, zehazki, 21 neurri aldarrikatuko ditu kanpaina denboran. Tokia-tokian, adibidez, egoera txarrean diren bizitegiak konpontzeko obrak eginarazi nahi ditu, eta, erronka ekologikoa ardatz, egoitzetako isolamendua berriz egiteko desmartxak egin nahi ditu. Oro har, bizitegi sozial gehiago behar direla ere aldarrikatuko dute hauteskunde kanpainaren denboran.

Izan ere, Txetx Etxeberri ALDA mugimenduko kideak esplikatu zuenez, ezinbestekoa da etxebizitza publikoen eta pribatuen arteko loturak egitea. Zehaztu du etxebizitza parke pribatuan dagoen krisiak eragina duela etxebizitza sozialetan. «Ipar Euskal Herrian bizi diren herritarrek geroz eta zailtasun gehiago dituzte etxebizitza bat lortzeko. Eraikitzen diren etxebizitzen %80 ez dira tokiko herritarrentzat eginak, ez baitira nahiko aberatsak erosi ahal izateko. Ipar Euskal Herriko soldaten banaketa ikusirik, bi herenek etxebizitza sozial bat eskuratzeko eskubidea lukete; alta, eskasia ikaragarria da». Zehaztu du, halaber, ALDAk «egiazko urratsak» egite lortu duela, besteak beste etxebizitza turistikoen kontrolerako arloan. «ALDA da hauteskundeetara aurkezten den eta Herrian bizi plataforman den erakunde bakarra», gehitu du.

Kanpaina denboran, ekitaldi nagusi bat izanen du ALDA mugimenduak. Azaroaren 21an, hitzaldi bat antolatu dute Baionako elkarteen etxean, 19:00etan. Abbe Pierre fundazioko Sarah Coupechouxek hartuko du hitza, Cecile Duflot Oxfameko zuzendari eta Frantziako Etxebizitzaren ministro ohiarekin batean. François Ruffin Frantziako diputatua ere hor izanen da. Hitzaldian parte hartzeko, berriz, aitzinetik izena emateko gomendatu du Aldak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.