Leire Malkorra

«Emozio puntu bat nuen, zer izango ote zen jakiteko»

Zazpi urte daramatza Leire Malkorrak Aranzadirekin lanean, baina 'Irulegiko eskua' delakoa izan da orain arte egin duen aurkikuntzarik garrantzitsuena.

Isabel Jaurena.
2022ko azaroaren 15a
16:57
Entzun

Leire Malkorrak (Tolosa, 1988) biziki maite du historia. Hainbertze, ezen arkitektura ikasi duen arren, Aranzadiko indusketetan buru-belarri lanean zazpi urte daramatza. Malkorrak oraindik sinetsi ezin badu ere, Irulegiko eskua ukitu zuten lehenbiziko eskuak izan ziren bereak.

Arkitektoa zara ofizioz, baina arkeologo gisa ere lan egiten duzu. Zergatik?

Nik ikasketak arkitekturakoak egin nituen, baina bizitza guztian gustatu izan zaizkit bai historia eta baita arkeologia ere. Beti nuen jakin-min hori, eta karrera bukatu nuenean erabaki nuen apuntatzea Aranzadiko indusketa arkeologikoetara boluntario gisa. 2015ean joan nintzen Amaiurrera lehenengo aldiz, eta urtero-urtero jarraitu dut horretan.

Irulegiko eskuaz gain, zein bertze objektu aurkitu dituzu indusketetan?

Egia esan, horrelako aurkikuntzarik ez dut inoiz egin, suertea izan dut. Bestela, indusketetan, normalean ateratzen diren aurkikuntzak izaten dira pixka bat testuinguru horretako materialak. Amaiurren ateratzen ziren bezala erasoren baten materialak, hemen [Irulegi mendian, Nafarroan] etxe baten material asko ateratzen zaigu.

Pieza lehenbiziko aldiz ikustean nola erreakzionatu zenuen?

Egia esan, egun normal bat zen. Zeramika zegoen inguruan, orduan kontuz genbiltzan, zeramika bera ere oso garrantzitsua delako guretzat. Pieza txiki hori agertu zenean, nola brontzezkoa den, eta daukan kolore berezi bat, oxidazioa... beti ilusioa egiten dizu. Orduan, emozio puntu bat nuen, zer izango ote zen jakiteko.

Pieza garrantzitsua izanen zela espero zenuten?

Nik neuk behintzat ez, eta uste dut indusketan inork ez zuela espero. Momentuan topatu genuenean eta bistaratu genuenean, ez genekien zer zen: forma berezi bat, brontzezko pieza fin bat, baina ideiarik ez. Gero, atera denean zer den, ez genuen espero horrelako zer edo zer ateratzea genuenik.

Nola erreakzionatu zenuen Mattin Aiestaranek, indusketako zuzendariak, objektuaren izaeraren berri ematean?

Deitu zidanean esan zidan: «Gogoratzen zara pieza bat atera zela indusketa hasieran? Esku bat da, idatzita dago, eta hau jartzen du». Lehenengo gauza, hitzik gabe eta malko batzuk atera zitzaizkidan emozioarekin. Ezin sinistu atera zena.

Aurkikuntzaren albistea atzo zabalduko zela jakinda, izan duen oihartzuna espero zenuen?

Egia esan, ez. Baina espero genuen, edo nik neuk, oihartzuna, oso garrantzitsua zelako aurkikuntza. Baina hau eta atzoko egun guztia, ez, ez nuen espero.

Eta nola erreakzionatu duzu oihartzun mediatiko hori dela eta?

Oraindik ez dut sinisten. Kafe bat hartzera joan naiz goizean, eta, ikusi dudanean eskua egunkari guztietan, emozioa sentitu dut. Oraindik ez dakidanez sinisten dudan, atzo telebistan ikusi nuenean, edo egunkarian irakurri dudanean emozionatu egiten naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.