Irulegiko eskuaren senitartekoak (Wikipedian)

Iñaki Lopez de Luzuriaga - Itzultzailea, wikilaria
2022ko azaroaren 16a
17:51
Entzun

Harriturik utzi gaitu Aranzadi Zientzia Elkarteak egin deskubrimendu eta iragarpenak. Irulegiko eskuak jakin-mina piztu eta hautsak harrotu ditu non-nahi. Zeltak, galiarrak eta berantiartasunak txokoan utzi eta zorioneko izan gara oraingoan! Pieza ederra eta ezohikoa, jadanik eman dira aditzera haren gaineko datu tekniko guztiak: pisua, tamaina, materiala, eta gure arbasoak alfabetatuak zirela. Prentsan bezala, Eskuak zeresana piztu du Interneten, eta Wikipedia ere jarri da lanean, egin ohi duen legez gaurkotasuneko albisteei arreta jarriz eta horien gaineko (albait) datu objektiboen(en) berri emanez.

Euskara izan da lehendabiziko Wikipedian, ia zuzenean haziz, albistearen gaineko informazioa plazaratu ahala. Gero heldu da espainierazkoa eta, ia aldi berean, ingelesezkoa. Artikulu hau idazteko unean zazpi hizkuntzatako Wikipediek eman dute informazioa, artikulua sortuz: azkena ukrainerazkoa, itzulpen automatikoa baliatuz.
Bizi dugun ataka larriaren adierazgarri, azken horrek tanke baten ikonoa du artikuluko bannerrean une honetan. Irulegiko bostekoa, berriz, gaitza uxatzeko pentsaturik zegoen: zoriona ekar diezagula egungo gerra ataka estu honetan ere bai. Gerra horrek, kalte den neurrian, ez digu bost axola, segur aski euskarazko esamolde horrek berak Irulegiko kuttunaren eginkizunarekin zerikusia duen arren: gaitzari eta begizkoari muzin egitea.

Ingelesezko Wikipediako artikulua ontzeko egin kontsultek ezusteko eder gehiago ekarri dituzte. Irulegiko bostekoak baditu senitartekoak, eta ez bakarrik Gure Esku ekimenaren ikonoa (edo, are, Lasarte-Oriako Udalaren Errespetuz jokatu kanpaina): bostekoa oso zabaldurik dago Ipar Afrikako eta Ekialde Hurbileko kulturan.
Bertako amazigek eta amazig substratuko arabiar kulturak ez dituzte ahantzi keinu eta kuttun hori. Haien tradizioan, bost atzamarrak zabalik dituen eskuin eskuak begizkoa eta erasotzaileak uxatzen omen ditu. Bosteko eskuaren antzeko tradizioak oso antzinakoak dira, baina judu sefardiei egotzi zaie kuttun hau erabiltzen lehendabizikoak izatea, alegia, Iberiar penintsulako juduei; horiek ere begizkoan sinesten zuten. Bada, bistan da orain ez zirela lehendabizikoak izan.

Irulegiko eskua tradizio batean kokatzen da, kultura funts komun eta zabalago batean. Artean Aro Modernoaren hasieran, bostekoak espainiar agintari erlijioso katolikoen arbuioa piztu zuen, eta Karlos V.a enperadore eta Gaztelako Koroako erregeak jazarri egin zuen, baita debekatu ere 1526an. Oraindik, Mediterraneoko kristauek erabiltzen omen dute, Mariaren esku berrizendatua, zoriona ematen duelakoan. Kuttun hori, batzuetan metalez hobetsia, paretetan eta ateetan jarri izan da Mediterraneo inguruko kulturetan, babesa eman dezan.

Kuttun horri hamsa deitu ohi zaio, bost zenbakia arabieraz, baina bost atzamarreko eskuaren irudiari ere hala deitzen zaio. Wikipediak informazio gehiago eta irudi argigarriak eskaintzen ditu izen bereko Wikipediako artikuluan. Euskarak, justu, ez du artean ere hamsa-ri buruzko artikulurik Wikipedian. Zelaituko ahal du koska hori Eduki Itzultzaileak, Wikipediako itzulpen automatikoak, norbaiten esku maratzak eta ahaleginak lagundurik!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.