AEB-ETAKO HAUTESKUNDEAK

Errepublikanoak Bidenen lana zailtzear, Ordezkarien Ganberan gehiengoa irabazita

Kontserbadoreek 218 aulki lortu dituzte behe ganberan, behin-behineko emaitzen arabera. Pelosi ez da demokraten buru izango aurrerantzean.

AEBetako Ordezkarien Ganberako errepublikanoen egungo buru Kevin McCarthy, herenegun, Washingtonen egindako agerraldian. JIM LO SCALZO / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 17a
11:24
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Errepublikanoak gehiengoa eskuratu du Ordezkarien Ganberan. Azaroaren 8an egin zituzten hauteskundeak, eta, oraindik sei eserleku geratzen diren arren banatzeko, 435 eserlekuetatik 218 bereganatu dituzte errepublikanoek; hau da, behe ganberaren kontrola bermatzeko beharrezkoa den kopurua. Hori bai, haiek eta inkestek aurreikusi zuten baino alde txikiagoa atera diete demokratei. Alderdi Demokratak 211 eserleku bereganatu ditu oraingoz, eta, beraz, hamar ordezkari galdu ditu aurreko hauteskundeekin alderatuta. Mike Garciak eskuratu du bart Alderdi Errepublikanoaren 218. aulkia, Kaliforniako 27. barrutian gailendu ostean.

Emaitzak emaitza, Ordezkarien Ganberan lortutako garaipenak bide emango die kontserbadoreei Joe Biden Etxe Zuriko maizterraren agintaldiko agendari oztopoak jartzeko, datorren urteko urtarriletik 2024ko presidentetzarako hauteskundeak egin arte.

Ikusi gehiago: Erresistentziaren porrota

Nancy Pelosi demokrata da behe ganberako egungo presidentea, baina, urtarriletik aurrera, Alderdi Errepublikanoko Kevin McCarthyk, ganbera horretako kontserbadoreen buruzagiak, hartuko da haren lekua.

Gainera, Pelosi ez da aurrerantzean demokraten buru izango behe ganberan, gaur iragarri duenez. 2003tik izan du kargu hori.

Emaitzen berri izan ostean, Bidenek errepublikanoak zoriondu zituen gehiengoa lortzeagatik, eta esan zuen datozen bi urteetan haiekin lan egiteko prest dagoela. Etxe Zuriak argitaratutako oharrean zioenez, AEBen geroa «etorkizun handikoa da gerra politikoan lotuta egoteko». Presidenteak ontzat jo zituen demokratek lortutako emaitzak.

Senatuan, berriz, demokratek agintaldi erdiko hauteskundeetan goi ganberaren kontrola mantentzea lortu zuten joan den larunbatean, ehun senatarietatik 50era heltzeko nahikoa eserleku irabazi baitzituzten. Kopuru horretara iristea nahikoa zuten, berdinketa hausteko botoa Kamala Harris presidenteordearen esku dagoelako.

Dena dela, baliteke Alderdi Demokratak oraindik beste aulki bat lortzea abenduaren 6an Georgian egingo duten bigarren itzulian, ez Raphael Warnock demokratak eta ez Herschel Walker errepublikanoak ez baitzuten lortu botoen %50 biltzea azaroaren 8ko bozketaren ondoren. Hori dela eta, bigarren itzulian erabakiko dute goi ganberako aulki horretan nor eseriko den.

Kongresu berria, beraz, zatituta egongo da. Demokratak izango dira Senatuko buru, eta hori funtsezkoa da gobernu karguen berrespenean, adibidez; aldiz, errepublikanoak izango dira Ordezkarien Ganberako buru: zerga sistemari eta aurrekontuari buruzko gai guztiak kontrolatzen ditu, besteak beste.

Emakumezko lehen alkatea Los Angelesen

Ordezkarien Ganbera osoa eta Senatuaren herena berritzeaz gain, herri eta hirietako alkateak ere hautatu dituzte herritarrek. Bada, Kaliforniako demokraten ordezkari Karen Bassek historia egin du; Los Angelesko alkatetzarako bozak irabazi ditu, eta, gisa horretara, AEBetako hiri handienetako bigarrenaren agintea hartu duen lehen emakumea izango da.

Associated Press agentziaren arabera, 69 urteko emakumea Rick Caruso enpresari aberatsari gailendu zaio, astebete luzeko ziurgabetasuna izan ostean. Bozketaren osteko lehen orduetan Carusorekin berdinduta agertzen zen Bass. Hauteskundeak egin eta astebetera eta posta bidezko botoak zenbatuta, ostera, legegilearen aldea handitu egin da, harik eta garaipena ziurtatu duen arte.

Mugarri horri esker, Bassek AEBetako beste hiri handi batzuen pare jarri du Los Angeles —3,9 milioi herritar bizi dira—, Kaliforniako hiririk garrantzitsuena; besteak beste Chicago, Atlanta, San Frantzisko, Houston eta Bostonekin alderatu du, horietan emakumeak baitaude alkate. Gainera, udaleko agintea hartu duen bigarren afro-amerikarra da Bass, Tom Bradleyen ondoren. Hark 1993an utzi zuen kargua, 20 urtez alkate izan ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.