Euskaraldia

Abiatu da Euskaraldia

Euskal Herriko bost hiriburutan hasiera ekitaldiak egiten ari dira. Hainbat kontzertuk ere girotuko dute gaua.

Mintzodromoa Donostiako Bulebarrean, gaur goizean. JON URBE / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2022ko azaroaren 17a
16:27
Entzun

Euskaraldiaren hasieraren atarian, Euskal Herrian motorrak berotzen hasi dira. Arratsalderako egitarau oparoa antolatu dute bost hiriburutan, baita herri eta eskualde askotan ere. Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean ahobizi eta belarriprest mordoa elkartu dira. Hasiera ekitaldiak ez ezik, kontzertuak eta emanaldiak ere izango dira hiriburuetan. 19:30ean, hiriburuetan txapa janzte bateratua egin dute parte hartzaileek.

Iruñean, jendea biltzen hasia da Zentral aretoan; txapak nonahi ikus daitezke. Topaguneko eta euskalgintzako kideez gain, ordezkari politikoak eta gizarte eragileak dira aretoan. Iñaki Sagardoi Euskaraldiaren Nafarroako koordinatzaileak hartu du hitza: «Euskaraldia elkarlanean egiten den egitasmo erraldoia da, baina zuek zarete herrietan, bailaretan, eskualdeetan, auzoetan euskarari hauspoa ematen diozuenak».

Baionan ere, Zizpa gaztetxearen goxotasunean elkartu dira ahobizi eta belarriprestak. Ekitaldiaz aparte, gero pintxo poteaz ere gozatu dute euskal giroan.

Lehen, goizaldean, Euskalerria Irratia belarriak goxatzen hasi da. Metropoli Forala saioa eskaini du Iruñeko Laba aretoan. Bertan izan dira Topaguneko eta administrazio publikoetako ordezkariak eta ahobizi eta belarriprestak. Oskar Zapata Euskaltzaleen Topaguneko Nafarroako zuzendariak ezin hobeki azaldu du Euskaraldiaren bezperako giroa: «Ilusioa sumatzen da herri eta txoko guztietan». Donostian ere, goizetik eguerdira bitartean, hiru mintzodromo antolatu dituzte, euskaltegietako ikasleak hitzekin ekiten hasteko.

Bihartik aurrera hasiko da benetan Euskaraldia. Hiriburuetako gaurko ekitaldiez gain, herri eta auzo bakoitzak beren egitarau propioa osatu dute datozen bi asteetarako. Kontzertuak, emanaldiak, poteoa, aurkezpenak... denetarik antolatu dute.

Ahobizi eta belarriprest

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean, euskararen erabilera hauspotzera deitu dute antolatzaileek. Hala, aurki hasiko da euskaraz aritzeko garaia bai herrietan, bai kaleetan eta etxean eta txoko guztietan. Izan ere, Hitzez ekiteko garaia da Euskaraldiaren aurtengo leloa. Halaber, datozen asteotako esperientziak ere partekatu ahal izango dira sareetan, #HitzezEkiteko traola erabilita eta @euskaraldia Twitter kontua aipatuta.

Euskararen aldeko ariketa kolektibo bat da Euskaraldia, eta herritarrek hizkuntza ohiturak aldatzea du xede, euskararen erabilera handitzeko. Bi rolen artean aukeratu behar dute parte hartzaileek: ahobizi eta belarriprest. Ahobizi direnek konpromisoa hartzen dute euskara ulertzen dutenekin euskaraz mintzatzeko, eta ezezagunei lehen hitza beti euskaraz egiteko. Belarriprestak, berriz, euskaraz hitz egiteko gai izan ez arren haiengana euskaraz zuzentzea nahi dutenak dira.

Pertsonek ez ezik, mota guztietako eragileek ere parte har dezakete Euskaraldian, ariguneak sortuz. Euskaraz lasai hitz egiteko guneak dira, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean.

Hona hemen arratsalderako egitaraua, hiriburuz hiriburu:

Baiona (Zizpa gaztetxea)

18:00 Ate irekiera

18:30 Musika eta giroa

19:00 Ekitaldiaren hasiera eta txapa ezartzea

19:45 Pintxo potea

20:00 Ixabe taldearen emanaldia

Bilbo (Bilboko Alondegia)

19:10 Ekitaldiaren hasiera. Nerea Mazo eta Patxo Telleria arituko dira aurkezle lanetan

19:30 Txapa jartzea

19:40 Inun eta Yogurinha Borovaren kontzertua (Ibarrekolanda Institutuko lagunekin batera)

Donostia (Bulebarra)

18:00 Musika eta dantza herrikoia, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak antolatuta

19:00 Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoristen saioa

19:25 Euskaraldiaren mezua irakurtzea, Tanya de la Cruzekin, Iñaki Salvadorrekin eta Sua Enparantzarekin

19:30 Txapa janzte bateratua, eta, jarraian, Mugan taldearen emanalditxoa

Gasteiz (Jimmy Jazz aretoa)

18:00 Ipurbeltz kale antzerkia

19:00 Ekitaldi nagusia

19:45 DJ Malandroren emanaldi ibiltaria

21:00 Lenoir eta Miceren kontzertua Hala Bedi tabernan

Iruñea (Zentral aretoa)

18:45 Ate irekiera

19:00 Ekitaldi nagusia: Olaia Intziartek, Broken Brothers Brass Bandek eta DJ Reimyk girotuko dute ekitaldia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.