Datorren igandean 38 eta 33 urte beteko dira, hurrenez hurren, Santiago Brouard eta Josu Muguruza ezker abertzaleko kideak hil zituztenetik. Urteurrenak gogorarazteko, Sortuk lore eskaintza egin du Brouardek kontsulta zeukan tokian, eta «estatu terrorismoaren inpunitatea» salatu du.
Sorturen Bizkaiko arduradun Paul Lakak esan duenez, Brouard eta Muguruza «estatu egiturek antolatutako gerra zikinaren biktima» izan ziren. Gogora ekarri ditu Espainiako Barne ministro ohi Jose Barrionuevok duela gutxi egindako adierazpenak, eta erantsi du adierazpen horietatik ondorioztatzen dela «gerra zikinaren atzean estatu arrazoia defendatzeko estatu egiturek antolatutako eta finantzatutako sare oso bat» egon zela.
Lakaren esanetan, Barrionuevoren hitzek ez dute ezer berririk ekarri: «Beti jakin dugu Estatua prest dagoela eskura dituen tresna guztiak erabiltzeko euskal independentismoaren aurka». Hala ere, Barrionuevok erakutsitako «inpunitatea» nabarmendu du Lakak: «Erabateko inpunitatez sentitzen diren horiek hori guztia erabat lasai esateko gauza dira. Azken batean, estatu arrazoia defendatzen dute, eta Estatuak defendatu egiten ditu».
Edonola ere, Sortuk uste du gerra zikinak ez duela lortu ezker abertzalea «isilaraztea»: «Haien balek eta legez kanporatzeko estrategiak ez zuten lortu gu politikoki zokoratzea. Alderantziz, ezkerreko independentismoa inoiz baino indartsuago dago».
Ekitaldiak igandean
Egiari Zor fundazioak Brouard eta Muguruza oroitzeko ekitaldiak egingo ditu igandean. Bilboko Ametzola parkean, 12:00etan lore eskaintza egingo dute Brouarden aldeko oroitarrian. Geroago, 12:30ean, ekitaldi politikoa egingo dute Errekalde plazan, eta han Triple A-k hildako Paulo Garaialderen alaba Pilar Garaialdek hitz egingo du.