Literatura

‘Gari eta goroldiozko’ plazaratu du Anari Alberdi Santestebanek

Emakume baten bi bidaiak osatzen dute narrazioaren haria, eta testu txatalak josi. Susa argitaletxearekin eman du idazleak bere lehen liburua.

Anari Alberdi Santesteban, 'Gari eta goroldiozko' bere lehen liburua esku artean hartuta, Donostian, aurkezpena egin aurretik. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2022ko azaroaren 17a
20:57
Entzun

Zimur bat izan daiteke abiapuntu bat. Anari Alberdi Santestebanen Gari eta goroldiozko liburuaren pasarte batean, bere eskugainari begiratzen dio narratzaileak, beltzez jantzitako emakume beltzaran eta txiki batek —«antzekotasun oro kointzidentzia bat litzateke», esan du, ironiaz, egileak—; zerbait idatzia du azalean, baina bere bizitzan lehen aldiz, sortzen ari zaizkion zimurrengatik, ez du ulertzen zer idatzi duen. Narratzailearen hitzak irakurri ditu Alberdik: «Erreta neuzkan begiak, eta izan daitekeen auto-erretratuaren definizio zehatzenean, erretrobisorean, betaurreko beltzen atzean, denborak begi ertzetan egindako zartadurak zizelkatzeari jarraitzen nion. Esan nezake zehazteko gai ez naizen egun seinalatu batean aurpegi txarrarekin eta nekatuta jaiki nintzela eta hazpegi horixe geratu zaidala betirako. Nekatua nengoen. Nekatzen hasia beti». Eta erantsi du idazleak: «Uste dut egun hartan hasi zela liburu hau idazten, seguru asko, emakume hori».

Susarekin argitaratu du bere lehen liburua Alberdik, eta Donostian aurkeztu du, Jose Luis Otamendi idazleak eta Leire Lopez Ziluaga editoreak lagunduta, eta lagun, senide eta kulturgileen babesean, halako aurkezpenetan gutxitan bezala lepo bete zen San Jeronimo kaleko sotoan.

Musikaria eta letragilea, hitzari lotuta ezagutu du orain artean ere publikoak Alberdi, baina oraingoan bere ekarriak prosazko forma hartu duela ñabartu du Lopezek. Kontakizuna batez ere lehen pertsonan dago emana, eta hari nagusi bat du, bi bidaiak markatzen dutena: lehenik, zinematik etxerako bidean ikusiko du irakurleak 50 urte inguruko emakume bat, «barrukoari bezala kanpokoari» beha, Lopezen hitzetan. «Eta kanpokoaz ari denean ere, susmoa izango dugu ez ote dagoen zerbait gehiago esan nahian». Autoan ikusiko du gero, amaren familiaren herrira bidean, «iraganera eta etorkizunera begira, besteek antzematen ez dituzten keinuei erreparatzen, digresio txiki bat hurrengoari lotzen». Hari horrek josten ditu narrazioa osatzen duten testu txatalak; denak daude hariari lotuta, baina zentzua lukete banaka irakurrita ere, editorearen ustez. Hala ere, nabarmentzekoa iruditu zaio liburuaren «osotasuna eta digresio txikiak josteko modua, ia nabaritu ere ez egiteraino bi motatako testuak daudela».

Liburuaren izenburua Bernardo Atxagari zor diola azaldu du Alberdik, Obabakoak-eko pertsonaia batek garo eta goroldiozko izaera zuela aipatuta. «Niretzat, noski, Gari eta goroldiozko nire bi paisaiari buruz ari da». Hasierako «su txikia» piztu zioten bi une ere aipatu ditu. Batetik, duela hamar urte inguru, testu bat idazten hasi zela azaldu du, gazte hil zen bere aita baino zaharragoa zela jabetuta —«halako toles bat egiten dit denborak momentu horretan»—. Bestetik, garai bertsuan, hamahiru olibondo zaintzeko ardura heredatu zuela kontatu du. «Esango nuke badagoela abiapuntu bat bi elementu horietan». Edonola ere, azaldu du ez dela berari edo bere familiari buruzko liburua. «Saiatu naiz nik edo gutako edozeinek bizi dugun momentu honetan gure munduan ikusten ditugun gauzak deskribatzen».

Hala, haren ustez, liburua «autorretratu bat edo selfie poliedriko bat da, non pertsonaia ez den azaltzen, kontraargian itzal bat den». Eta argazki horren enkoadratzean denbora eta espazioa sartu ditu. «Denbora desberdinak, memoriatik hasi eta kontenporaneotasunera; eta espazioan, paisaiaren adiera desberdinak. Plano horretan sartzen diren bizitzako istanten eta munduaren atenporalitatearen ausazko sinkronia zoragarri horiek denak azaltzen saiatu naizela esango nuke».

Egilearen ustez, inoren bizitzak ez dira «literarioak», ezpada bizitzok kontatzeko era. «Niretzat literatura hori da, kontatzeko era. Horretan saiatu naiz liburua idaztean, eta horretan ikasi eta gozatu dut gehien; testu mota desberdinak lotzen, paragrafoak bihurritzen, egituratan sartu eta galtzen, gure begirada poetiko hori despoetizatzen... Eta hautatu dut momentu hau kontatzeko mila era posibleen artean bat, niretzat».

Zimurraren eszenak liburuaren gako bat ematen duela ere uste du: tonuarena. «Oso presente eduki dut, eta saiatu naiz a priori oso transzendentalak liratekeen gaiei kontatzeko eraren bidez pisua kentzen, eta, aldiz, arinago liratekeen zenbaiti tonu transzendentalago bat ematen eta ekilibrio hori liburu osoan mantentzen».

Film bat irakurriz bezala

«Ia dena berezia» du liburuak, Otamendiren ustez. Ez horregatik soilik, baina hasteko, bere ohiko jardun eremutik atera, eta orain arte ezagutu ez zaion molde batean atera delako plazara egilea. Haren obra ezagutzen dutenak ez zirela harrituko uste du —«orain baino lehen erakutsia du testu idatziaren barren labainak albaintzen talentuz zein osatua dagoen, bide batez hitzari zenbateko begirune eta errespetua dion beti ondo agerian utzita»—, baina, halere, ziur dago ustekaberik ere eragingo duela liburuaren irakurketak.

Narrazioko emakumeak zinema atarian hasitako bidaia amaren familiaren etxeko ganbaratik ateratzean amaitzen duela azaldu du Otamendik. Bakarrik doa andrea paisaia horietan barna, baina ohartarazi duenez, «kamera izun bat darama narratzaileak begiradan, pentsamenduan». Film bat ikustearekin lotu du irakurketa. «Film bat irakurtzen den antzera ikusi dut nik liburu hau; irudiak eta mugimendua. Konbentzio estilistiko anitz nahitara apurtu edo saihestu dira, foku eta kameraren atzera-aurrera pausatu eta geldoak lagunduta hemen, eta plano artegak harago, guztia ere travelling eta zoom efektuak aske eta trabarik gabe gara daitezen mesedetan». Film horrek kontakizun lineal soilaren jantzia badu ere, «plano sekuentzia beregain ugariz bilbatua» dagoela zehaztu du, eta «gauzak erakusteko sakontasun dotorea eta muntaia ausarta» goraipatu dizkio. Bere idazkeraren «esan indar aparta» ere txalotu dizkio egileari, eta «gauzak hitzetara zehatz eta doi ekartzeko harrigarrizko antze hori» ere bai.

Irakurleari ere egin dio oharra: «Idazleak ez dizu utziko distrai zaitezen batere». Haren iritzian, «kontalariaren hatsak bildua» sentituko da hainbatetan, «are eldarnio giro argitsu batean sorgindua ere bai inoizka».

«Ikusi ahala deskribatzen doan gizarte jokabideen eta norbere jaieren panoramika espresionista eta gardena» begitandu zaio liburua Otamendiri; «soziologia tratatu intimo bat osatzeko beste» ematen duen testua; eta «bizitzari eskainitako kantu gogor bat» ere bai. «Nago Anari Alberdi Santestebanek berebiziko nortasun narratiboko liburu bat idatzi duela, erdietsi duela lehen kolpean ezartzea bide bat norberarena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.