Alderdiak

Epaileak ez du onartu EAko Biltzar Nazionala ez egiteko kautela neurria

Kritikoen eskaera atzera bota du epaileak, eta EAk XIV. Ezohiko Biltzar Nazionala egingo du bihar eta etzi, Bilboko Euskalduna jauregian.

Maiorga Ramirez Iruñeko epaitegian, herenegun. L. RICO / EFE
xabier martin
2022ko azaroaren 18a
10:49
Entzun

EAko kritikoek alderdi horren Biltzar Nazionala bertan behera uzteko egindako eskaera ez du aintzat hartu epaileak, eta biltzarrak bere bidea egingo du asteburuan. Epaileak ebazpenean esplikatu du biltzar horretan hartzen diren erabakiek ez dutela zertan betiko izan, eta, hortaz, haiek atzera botatzeko bideak badituztela salatzaileek. Maiorga Ramirez buru dutela, kritikoen taldeak eskatu dio epaileari ekitaldi hori egiteko debekua hartzea, kautela neurri gisa, haiek Batzar Nazionaleko kide izateko aukera galduko luketelako, eta, hortik, 2023ko udal hauteskundeetako hautagaitzak aterako direlako. Baina epaileak ez du ikusi arrazoi hori, eta ez du aintzat hartu eskaera.

«Alderdiaren proiektu politikoan lan egin nahi dugu, eta ez egunero azpijoko juridikoetan korapilatuta ibiltzea», esan du Eva Blanco EAko idazkari nagusiak epailearen erabakiaren berri izan eta gero. Duela bost urtetik gaur arte, EA eskatzen ari dena «indartu du» Gasteizko Lehen auziko 3. epaitegiak, Blancoren arabera: «Egiten dugun guztia salatzeko epaitegira korrika joan beharrean, guri lan egiten uztea». Blancok erantsi du «nazkatuta» dagoela kritikoen «tranpa juridikoekin».

Beraz, Eusko Alkartasunak bere XIV. Ezohiko Biltzar Nazionala egingo du larunbatean eta igandean, Bilbon, «legezko berme guztiekin». Kongresu horretara iristeko prozesuan 157 parte hartzaile aukeratu dituzte. Biltzarreko atariko prozesu horretan, «militantziaren gehiengoak» parte hartu duela esan du EAko Batzorde Eragile Nazionalak. Tokiko batzarren %100 deitu dituzte, eta %64,3 egin dira. Horietan,157 biltzarkide aukeratu dituzte, zuzendaritzak emandako datuen arabera.

Hala, asteburuko ekitaldirako aukeratutako biltzarkideak aukeratu zitezkeen guztien %63 dira, eta otsailean egindako ohiko Biltzar Nazionalean parte hartu zuten 135 biltzarkideak baino gehiago dira. EAk dio Estatutuen ponentzian «tokiko esparrua eta esparru nazionala» jartzen direla alderdiaren erdigunean. Ponentzia politikoak, berriz, indartzen duela alderdiaren «izaera independentista, ezker eraldatzailearen izaera sozialdemokrata, europazaletasuna, feminismoa eta ekologismoa».

Kritikoak: afiliazioaren %15 baizik ez

Eusko Alkartasunak biltzarrerako aukeratu duen leloa da Hemen erabaki, hemen burujabe, eta alderdiak esan du estatutuei begira Biltzar Nazionala dela «alderdiaren erabakigune gorena» eta gune horretan hartu behar direla erabakiak. Batzorde Eragile Nazionalak uste du «gutxiengo batek boikota egiten» saiatu dela, «dagokion batzarrak deitzeari uko eginez». Tokiko koordinatzaile batzuek batzarrak ez deitzeko hartu duten erabakiaren aurrean, Batzorde Eragile Nazionalak haiek deitzeko neurriak hartu dituela azaldu du, betiere estatutuei jarraikiz, eta «afiliazio guztiak eskubidea izan dezan» biltzarrean parte hartzeko.

Kritikoek diote, aldiz, afiliazioaren %10 baizik ez dela egon zuzendaritzak martxan jarritako prozesuan. Batzorde Eragileak «datu faltsuak» eman dituela salatu du, «bere porrot handia ezkutatzeko». Biltzarra egitea erabaki du, haien arabera, hauteskunde primarioak ez egiteko, «epaitegiek agindu duten moduan».

Hala, Ramirezen taldeak dio Nafarroan zazpi afiliatu baizik ez dutela parte hartu Batzorde Eragileak antolatutako batzarretan; Gipuzkoan, 60 parte hartzaile inguru egon direla; Araban, 25 bat; eta 75 inguru izan direla Bizkaian. «Iparraldeko kasua are larriagoa da», azaldu dute: «hamar bat parte hartzailek hogei biltzarkide aukeratu zituzten». Zehaztu dute, gainera, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako koordinatzaileek uko egin diotela Eva Blanco EAko idazkari nagusiak antolatutako «fartsan» parte hartzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.