Ikerketa

BPGaren %2,11 bideratu zen iaz I+Gra

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.647 milioi euro inbertitu ziren berrikuntzan, 2020an baino %10,5 gehiago. Inbertsioen %77 enpresa pribatuek egin zituzten.

Tecnaliak aurtengo Biurtekora eramaniko robot batzuk. TECNALIA
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko azaroaren 18a
12:07
Entzun

2021ean 1.647 milioi euro bideratu ziren ikerketa eta garapen egitasmoetara Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eustatek emaniko datuen arabera, 2020n baino 157 milioi euro gehiago izan ziren (%10,5). Arlo horrek BPGaren barruan izan zuen gorakada, aldiz, apalagoa izan zen, 2020ko %2,07tik 2021eko %2,11ra igaro baitzen. Inbertsio horien %77 enpresa pribatuek egin zituzten.

2021ean inoiz baino gehiago bideratu zen I+Gra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eustaten serie historikoari erreparatuz gero, seigarren urtez jarraian handitu zen kopuru hori. 2020tik 2021erako jauzia, gainera, inoizko handiena izan zen. BPGan duen pisuari erreparatuz gero, hor ere inoizko handiena izan. Orain arte 2012ko datua zen langa historikoa (%2,09), haren ondoren, baina, krisiak gogor eragin zion ikerketari eta 2016an %1,81eraino jaitsi zen. Inguruko lurraldeekin alderatuta, batezbesteko hori Espainiako baino handiagoa da (%1,4 inguru) eta Europako Batasunekoa baino txikiagoa (%2,35 inguru).

Inbertsio horren hiru laurdenek jatorri pribatua izan zuten (%77,4); %16,4 goi mailako hezkuntzak egin zuen, eta %6,4 erakunde publikoen menpeko elkarteek. 2020rekin alderatuta, enpresek %11 handitu zuten I+Gra bideraturiko diru kopurua, goi mailako hezkuntza zentroek %3,2 eta erakunde publikoen menpeko elkarteek %18.

Lanpostuen erradiografia ere egin du Eustatek. Guztira 20.804 pertsonak dihardute profesionalki sektorean, eta horien %36,2 dira emakumeak. Langile kopuruan ere enpresek dute pisurik handiena: %71. Atzetik doa goi mailako hezkuntza (%22,2) eta ondoren erakunde publikoen menpeko institutuak (%6,4). Emakumeek lan non egiten duten ikusita, haien presentzia txikiagoa da enpresa pribatuan, %60, eta handiagoa goi mailako hezkuntzan (%60) zein administrazioan (%10).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.