Memoria historikoa

Urkullu: «Duela 85 urteko irudiek berresten digute elkarrizketa dela bidea»

1937an erbesteratutako euskal haurren ebakuazioa gogoratzeko ekitaldia egin dute gaur Santurtzin. 36ko gerran ebakuatutakoen omenezko eskultura bat jarri dute portuan.

Gaurko ekitaldfia, Santurtzin. IREKIA
xabier martin
2022ko azaroaren 18a
14:28
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 36ko gerran Euskal Herritik atzerrira ebakuatutako haurrak gogoratu ditu gaur, Santurtzin, gertaera historiko horri erreparatzen dion oroigarriaren inaugurazioan. «Duela 85 urteko irudiek, gaurko irudiek, gerrari ezetz esatera garamatzate», esan du. «Berriz ere berresten dugu indarkeriarik eza eta elkarrizketa direla gatazkak konpontzeko metodoa; berresten dugu printzipio eta balio etiko eta demokratikoekin konprometituta gaudela», erantsi du.

Euskal haurrak erbestera eraman zituzteneko 85. urteurrena oroitzeko ekitaldian, 80 pertsona ingururen aurrean hitz egin du Urkulluk; horietatik dozena bat 1937an ebakuatu zituzten, haurrak zirenean, Eusko Jaurlaritzak gerratik urruntzeko egindako ahaleginean. Haiekin batera, ebakuatuen ondorengoan ere izan dira, eta Santurtziko arrantzaleen kofradia bete dute.

Urkulluk eskerrak eman dizkie haur horien harrera erraztu eta hartan parte hartu zuten pertsona, erakunde, erkidego eta herrialdeei. «Euskadik ez du ahaztu eta ez du inoiz ahaztuko zuen gizatasun keinua eta gure umeekin izandako elkartasuna: gure memoria kolektiboaren parte da».

Gainera, Euskal Herriaren «espiritu abegitsua» nabarmendu du, herri emigrantea izateaz gain, «harrera lurraldea ere» izan delako. Gaur egun Saharako haurrak eta Txernobyl ingurukoak hartzen dituzten familiei erreparatu die, eta, bereziki, Errusiaren inbasioaren biktima diren haurrei: «85 urte geroago, inbasioaren historia errepikatu egin da, baina alderantziz».

36ko gerraren zartadatik bizirik atera zirenei hitz egin die, eta familiatik banandu behar izan zutenean jasan behar izan zuten sufrikarioa azpimarratu; era berean, gurasoentzat haiengandik banantzea zein gogorra izan zen aipatu du. «Sendotasun adibide bat da». Halaber, Urkulluk gogoan izan ditu ebakuazio espedizioetan lagundu zuten guztiak: irakasleak, apaizak eta osasun langileak.

Santurtziko Udalak eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatu dute gaurko ekitaldia. Santurtziko Udalaren izenean, Aintzane Urkijo alkateak hitz egin du ekitaldian. «Duela 85 urte, familiak banatu ziren gure portuan, seme-alabak Frantziara, Erresuma Batura, Errusiara edo Belgikara bidaltzeko», esan die gonbidatuei. «Horietako batzuk hemen zaudete gaur, eta hori zer izan zen gogorarazten diguzue, gure historiak egiten gaituelako garen bezalakoak. Izan ere, kontatzen ez dena ez da existitzen, eta zuen historia existitzen da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.